GAUR8 - mila leiho zabalik

«Guztion artean lortuko dugu!»


Lore zuri batetik polena hartzen ari den erlearen argazkia. Horixe du kartzelatik 2020. urte amaieran jaso nuen postalak. Cadizetik bidalitakoa da, Puerto III espetxeko bigarren modulutik.

Eguberrietako egunak ahalik eta ondoen pasatzeko desirak daude eskuz izkiriatuta, idazkera dotore eta ulergarrian.

Paradoxa latza: etxekoengandik urrun, bakartuta, eta egun horietan “aske” gaudenok xahutzen ditugun gehiegikerietarako aukerarik ez duena egun goxoak igarotzeko opatzen.

Idatzian ageri da beste desira bat ere: «Ea 2021a den, azkenean, dispertsioa amaituko den urtea, elkarrekin lortuko dugu!». Ideia horri heldu nahi diot Preso Politikoen Nazioarteko Egun honetan.

Astekari hau barne hartzen duen egunkariak aste honetan argitaratu duenez, salbuespenezko legedia bertan behera utziz gero, 168 euskal preso politikok beharko lukete aske. 134ri legokieke hirugarren graduan egotea, zigorraren erdia beteta dutelako. Eta 68k egon beharko lukete baldintzapean aske.

Bada garaia, beraz, arrazoi politikoengatik preso dauden horien egoera politikoki konpontzeko bitartekoak jartzeko. Har ditzagun kaleak ezin dutenengatik, eska dezagun gurekin nahi ditugula, aske, herrian. Martxoaren 26ko albistea da niri heldutako postalaren igorlea Iruñeko espetxera lekualdatuko zutela. Ea 2022ko udaberrirako, hark eta gainerakoek, izan dezaketen aukera postaletako argazkietatik harago ere loreak ikusteko. •