GAUR8 - mila leiho zabalik

Zientziaz gehiegi kontatzen digute; politikaz, gutxiegi


AstraZenecako txertoarekin aurreko asteetan eta Janssenekoarekin oraingo honetan gertatutakoaz jakiteko denbora beharko dugu. Guztion itxaropen nagusi ziren soluziobideak katramilatuta gelditu dira eta momentuz ezin dugu baieztatu arrazoi zientifikoen ondorioz izan den ala informazioaren kudeaketaren erruz. Zuhurtziagatik izan den ala beldurragatik, alegia. Aditu guztien ustez, odolbilduak eragiteko arriskua txertorik ez jartzearena baino dexente txikiagoa da, antisorgailu bat hartzearekin edo hegazkin batean igotzearekin ez da konparagarria ere, baina hala ere mamu hori askatua izan da eta dagoeneko ganbarara itzularazterik ez da izan. Geldialdia zientzialariek agindu dute, beraz, ala inkestek, prospekzioek, eta abarrek?

Pandemiaren lehen-lehen unetik ageri zen negazionismo itsuari arazo korapilatsuagoa erantsi zaio orain: hiperinformazioaren ondoriozkoa. Sare sozialen eztandak itxuraz edonor informazio emaile sinesgarri bilakatu zuen gisa, gehiegizko informazio uholde honek edonor epidemiologo (amateurra bada ere) bihurtu du hasieran, infektologo gero, txertaketan aditu oraintxe. Kazetaritzak nekez ekidin dezakeen efektuak are lokaztuago utzi du zorua: Danimarkak txerto bat bertan behera uztea erabakitzen badu, hori ezinbestean albiste bilakatuko da Euskal Herrian ere, eta alferrik izango da hurrengo egunean ñabardurak egiten hastea. Beste modu batean esanda, birusa birala da oso; zentzu ona, batere ez. Berritasuna da kazetaritzaren lehengaia; ‘zaharrak berri’-ak ez ditu telebista albistegiak eta egunkariak betetzen.

Erabaki zientifikoak ez lirateke iritzi publikoaren filtrotik pasatu beharko, honetan ados egongo gara guztiok; bi txerto horiekin, ordea, halako zerbait gertatu dela ematen du. Baina kontraesana handiagotzera datorren beste gauza bat ere ari da gertatzen: erabaki politikoak –demokratikoak izan beharko liratekeenak, beraz– ixten, gotortzen, bahitzen ari zaizkigu etengabe, bata bestearen atzean. Hortxe paradoxa: herritar arruntok, edo gizartearen eragile antolatuek, ez genuke AstraZenecari, Janssen edo nahi den markari buruz erabakiak hartzeko eskumena izan beharko; bai, aldiz, txerto hori zenbatetan, nori eta nola jartzeari buruz... lapurtzen diguten ahalmena, hain zuzen ere.

Denok ulertzen dugun salbuespen egoerak ez du justifikatzen hainbeste erabaki parte-hartzerik gabe, gardentasun barik eta azalpenik ere eman gabe hartu izana. Gogoratzen hasita, oraindik ez dakigu zergatik utzi zituzten EHUren testak bigarren mailan, zer daturekin itxi diren tabernak eta ez lan bulegoak, zergatik jokatu den zorrotz muga batzuetan eta besteetan ez, zergatik gorde den hainbeste dosi, zer dela-eta jarri duten ertzain bat gaixo kroniko baten aurretik txertaketa ilaran... Ez al zuten kontu hauek eztabaida –edo behintzat azalpen– minimo bat exijitzen?

Ez da pandemiara mugatutako kontu bat, joera orokorra baizik: Zaldibar begiratzen badugu, demagun, erakundeek ez dute parametro teknikoak zabaltzeko arazorik baina aldi berean ezkutatu egiten digute hondamendiaren arrazoia, herritar fiskalizazioa behar duena, alegia (adierazgarria da txostena legebiltzarkide bati isiltasuna gordetzea exijituz erakutsi izana). Demokraziaren kaltean beti, pandemiarik gabe edo –eta errazago– pandemiaren aitzakiaz. •