GAUR8 - mila leiho zabalik
Zikloiak, lehorteak, gosea...

Klima aldaketak haurrengan duen eraginaz ohartarazi du Save the Children-ek

Save the Children-en arabera, 710 milioi haur bizi dira klima aldaketaren ondorio larrienak pairatzeko arrisku gehien duten 45 herrialdeetan. Muturreko fenomeno meteorologikoek, hala nola uholdeek, lehorteek edo urakanek, haur zaurgarriengan eta haien familiengan ondorio bereziki larriak izan ditzakete.

SAVE THE CHILDREN

Klima aldaketaren muturreko ondorioak pairatzeko arriskuan dauden 45 herrialde horietan bizi diren haurrek elikagai gutxiago izango dituzte eskura, eta haien osasun egoeran ere eragina izango dute muturreko gertaera meteorologikoek, gaixotasun berriak edo gehiago sortuz. Ur edangarriaren eskasia ere nabaritu dezakete eta itsasoaren maila igotzearen mehatxupean bizi dira.

Baptistaren istorioa

Baptista (14 urte) Mozambiken bizi da. 2019ko apirilaren 25ean «Kenneth» zikloiak haren etxea eta herria txikitu zituen Cabo Delgado probintzian, iparraldean. Oraindik ere zikloiaren ondorioei aurre egiten ari dira bera eta hiru anaiak, Felicio 9 urtekoa, Admira, 6 urtekoa, eta Ergilia, 4 urtekoa. Guztien izenak aldatu ditu Save the Childrenek haien nortasuna babestearren.  

«Ezin dut ahaztu nola erori ziren inguruko etxeak euriteengatik eta haizearengatik. Izututa nengoen. Nire eskolako teilatua ere erori egin zen. Geroztik etxerik gabe eta jatekorik gabe gelditu ginen», azaldu du Baptistak gobernuz kanpoko erakundeari eginiko adierazpenetan. Ondasun guztiak galdu zituzten.

Filomena amak azaldu duenez, jaio zenetik, duela 37 urte, herrian bizi izan da. «Lehen aldia zen hain fenomeno meteorologiko suntsigarria ikusten nuena. Zikloiak indar handiz astindu zuen herria, gerra batean etsaiari erasotzen zaion indar berarekin. Irakasgai handia izan da guretzat. Geroztik, eguraldi aldaketarik badago segurtasun handiagoa duten lekuetan babesten gara».

Zikloia iritsi zenean, Filomena etxean zegoen lau seme-alabekin. Etxeak zutik iraungo zuela pentsatu zuen eta babestuta egongo zirela. Baina, ekaitzak aurrera egin ahala, beste babesleku bat bilatu beharko zuela ohartu zen. Egurrez eta lokatzez egindako paretak apurtzen hasi ziren. Familiak etxea uztea erabaki zuen. Minutu batzuk geroago, etxeak behea jo zuen. Filomenarentzat oso une zail eta mingarria izan zen, beraien ondasun guztiak barruan zeudelako eta galdu egin zituztelako.

Atertu zuenean eta haizea baretu zenean, beraien etxea izandakoa ikustera joan ziren, zerbait berreskuratu ahal izango zuten esperantzarekin. Etsigarria izan zen, ez baitzegoen deus ere berriro erabil zitekeenik. Ekaitzak artoaren eta sorgoaren uzta ere hondatu zien, baita hurrengo uztarako baliagarriak izango zitzaizkien haziak ere.

Etxerik eta uztarik gabe, ibaiaren ertzean babesleku txiki bat eraikitzeko baimena eskatu zuen. Ibaiertzaren emankortasuna aprobetxatuz, laboreak landatzeko gune bat prestatu nahi zuen, horien salmentarekin dirua irabazteko helburuarekin. Euri eskasiak, ordea, artoa, sorgoa, sesamoa eta babarruna landatzeko asmoa zapuztu dio.

Horrez gain, martxotik seme-alabek ezin izan dute eskolara joan koronabirusa dela eta. Horrek asko kezkatzen du Filomena, beraren hitzetan, ikasteko ez ezik, aisialdi unea ere bada eta.

2019ra arte, Cabo Delgado probintzian ez da ia inoiz zikloirik egon. Baina urte horretan, hori erabat aldatu zen. «Kenneth» zikloiak izugarrizko kalteak eragin zituen, etxeak txikitu zituen, komunitate osoak birrindu. Luizi bat ere eragin zuen zikloiak. Soilik hilabete lehenago, «Idai» zikloiak Mozambikeren erdialdea gogor astindu zuen. 1,85 milioi kaltetu egon ziren –horietatik, milioi bat haurrak– eta 600 hildako utzi zituen.

Jatekorik ez Aminaren etxean

Zortzi urteko Sahra bere ama Aminarekin (27), zazpi urteko ahizparekin eta bi hilabeteko anaiarekin bizi da Somalian, Bari eskualdean. 2017an, familiak bere etxea utzi behar izan zuen lehortea dela eta. Aminak eta bera bezalako familia askok muturreko egoera klimatikoak sufritu dituzte azken hamarkadetan; epe luzeko lehorteak, uholde hondatzaileak, izurriteak. Batzuetan, fenomeno horiek guztiak aldi berean eta herrialde berean gertatu izan dira hilabetez.

2021a beste lehorte batekin hasi dute somaliarrek. Populazioaren herenak, 5,9 milioi pertsonak, berebiziko laguntzaren premia du. 2020arekin alderatuta, 700.000 gehiagok.

Otsailean Save the Childrenek egin zuen ikerketa baten arabera, elkarrizketatu zituen familien %70ek ez zuten ur edangarririk eta %50ek gehiago ez zuten elikagai nahikorik.

«Artzaina nintzen. Nekazaritza gune batean bizi nintzen Mudug eskualdean. Baina, lehortearekin, gure mantenu guztia galdu genuen. Bi ardi eta zazpi ahuntz besterik ez zitzaizkigun gelditu eta denak oso argal zeuden. Umeekin beste leku batera joatea erabaki nuen, nire senarra ondoren joan zen. Orain bere adineko gurasoak zaintzen ari da», azaldu du Aminak.

«Lehen etxe propioa nuen eta nahi nuena egin nezakeen, orain ez dut askatasun hori, beste pertsona batzuekin bizi naizelako. Euririk egiten ez badu, ez dago modurik ura jasotzeko. Lehorteak osasun arazoak eragin dizkie haurrei. Zaila da janaria lortzea. Batzuetan, merkatariek maileguak ematen dizkigute baina ezin ditugu ordaindu eta orain ez dute gugan konfiantzarik».

Amina oso kezkatuta dago. «Egunean bi aldiz kozinatzen genuen, goizean eta gauean. Egunean zehar umeei arroza eta esnea ematen genien, baina orain ez dut janaririk haiei emateko. Umeek sukarra dute eta negar egiten dute gose direlako. Somaliako tea ematen diet edateko, ez dugu bestelakorik.

Batzuetan bizi naizen etxeko familiak merkatuan esnea erosten du, eta soberan badute nire haurrei ematen diete. Beherakoa dute, sukarra ere bai, eta botaka egiten dute. Elikagai gabeziak ondorio zuzenak ditu bularra ematen ari garen amengan. Batzuetan, nire txikiena, bi hilabete besterik ez dituena, besoetan hartu behar dut gau osoan negarrez dagoelako eta nire bularrek ez dutelako esne nahikorik ez bainaiz behar bezala elikatzen. Ezin diot elikadura osagarririk eman ez dudalako hori erosteko dirurik. Lehortea areagotzen ari da eta ez dugu ikusten laster euria egingo duen zantzurik. Azkenekoz duela urtebete eta bost hilabete egin zuen euria», gaineratu du.

Save the Children International-eko zuzendari orokorra den Inger Ashingek nabarmendu duenez, «krisi klimatikoa haurtzaroak duen mehatxurik handiena da eta adin txikikoen eskubideak urratu egiten ditu. Koronabirusak milioika ume eta haien familiak pobreziara bultzatu ditu, goseteak areagotuz. Horri uholdeek, urakanek eta lehorteek ekarritako desnutrizioa gehitu behar zaio».

Klima aldaketa katastrofiko bat ekiditeko denbora azkar agortzen ari dela adierazi du. Ume horien oraina eta geroa jokoan dagoela ohartarazi du eta hori dela-eta entzun egin behar zaiela eta klima aldaketaren kontrako politika idazterakoan horiek kontuan hartu behar direla esan du.