08 MAY. 2021 SU TXIKIAN HOBETO Herri formakuntzarako tresna berria aurkezten ari dira Euskal Herrian zehar Joxemi Zumalabe Fundazioaren asmoa, besteak beste, herri mugimenduen formazio beharra sozializatzea eta hori egiteko moduari erreparatzea da. Hiru urtean izandako formakuntza esperientzian oinarrituta, bideo bat eta liburu bat argitaratu dituzte, azken asteetan Euskal Herrian zehar ezagutarazten ari direnak. Xabier Izaga Sukalde txiki askok egin dezaketelako iraultza», su txikian hobeto lan egiten den uste osoan, Joxemi Zumalabe Fundazioak formakuntza esperientzia bat antolatu zuen 2015etik 2018ra bitartean zenbait herri mugimendurekin batera. Esperientzia horretatik ateratako gogoeta eta ikaspenak partekatzeko asmoz, horiek plazaratzeari ekin diote oraindik orain, ikastaro hura oinarri hartuta egindako lana euskarri bitan aurkeztuz: “Su txikian. Herri mugimenduak bor-borka” bideoa eta “Pil-Pilean herri mugimenduen formakuntza politikorako esperientzia bat Euskal Herrian. Ikastaroaren sistematizazioa (2015-2018)” liburua. Fundazioko kideek diotenez, esperientzien sistematizazioa erdigunean jarri zuten, besteak beste: «Jakintza eta ikaspenak sortzen dituzten subjektu gisa identifikatzen ditugulako ikastaroko partaideak, eta esperientzien sistematizazioa ardatz, bestelako ikaspen eta ikerketak eraman nahi izan ditugu aurrera herri jakintzen filosofiari garrantzia emanaz». Herri formakuntzarako tresna Apirilaren 15ean egin zuten lehenengo aurkezpena Algortako Azebarri kultur elkartean; bigarrena, berriz, 29an Iruñeko Katakrak gunean. Aurreikusita zeukaten lehenengo emanaldia martxoaren 21ean egitea, Baionako Zizpa gaztetxean, baina pandemiak eragindako egoera dela-eta atzeratu egin zuten, apirilaren 10ean Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) egiteko asmoa zutena bezala, frantses Estatuak ezarritako neurriek galarazita. Edonola ere, emanaldi gehiago egiten jarraituko dute Euskal Herrian zehar. Hurrengoa, urrunera gabe, maiatzaren 13an Gasteizko Gaztetxean. Aurkezpen bira honen bidez, askotariko lengoaia eta analisiak erabiliz, dokumentala eta liburua herri mugimenduen eskuetan formakuntza politikorako tresna praktikoak izan daitezen nahi dute. Bideoa “Pil-pilean” izeneko formakuntza politikoaren esperientzian oinarritua da, herri jakintzetan oinarritutako esperientzien sistematizazioa ardatza duela. Formakuntza esperientzia horrek ikastaro formatua izan zuen eta bertan zenbait herri mugimendutako kideek parte hartu zuten. Bideoak bertako bizipen nahiz ikaspenak bildu ditu 30 minutuko metrajean. Dokumentalean, ikastaroan parte hartu zuten 14 lagun agertzen dira beren esperientzia eta han ikasitakoak kontatzen, ikastaroak utzi dien arrastoa erakusten, metodologia eta bizipenetatik ikasteak duen garrantzia azaltzen. Honelako hitzak entzuten dira haien ahotik: «arnasa», «oxigenoa», «terapia militantea», «militantzia beste modu batean ulertzeko ikastaroa», «egiteko moduak aldatzeko prozesua»... Izan ere, Joxemi Zumalabe Fundazioaren asmoa, besteak beste, herri mugimenduen formazio beharra sozializatzea ez ezik, hori egiteko moduari erreparatzea ere bada. Horregatik argitaratu dute liburua ere, fundazioaren webgunean eskuragarri dagoena. Hartara, bideoa eta liburua tresna beraren osagarri dira, betiere «herritik sortutako jakintza herriari itzultzeko» xedez. Bor-bor(K) eta «Pil-pilean» “Pil-pilean” ikastaroa 2015. urtean sortu zen, jakintza kolektiboki sortzea arretagune nagusia zuela, Euskal Herriko herri mugimenduek elkar ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta saretzeko espazioa izan zedin. «Formakuntza politiko integrala sustatu nahi genuen, eta harekin kultura politiko askatzaileagoak pentsatu, gure kultura politikoak izateko eta ekiteko dituen moduak berritzeko ahaleginean sakondu», diote fundazioko kideek. «Joxemi Zumalabe Fundazioak Euskal Herriko mugimenduetatik eta mugimenduentzako formazio politiko baterako espazio bat birsortzeko ametsa zuen, etengabe berrituko litzatekeen formazio politikorako proiektu berritzaile, ireki eta kolektibo bat izatekoa». Amets hori gauzatze aldera, 2013an hasi ziren bide horretan lehen urratsak egiten. 2014an, gogoeta kolektiboa oinarri zutela, herri mugimenduetako hainbat kiderekin prozesu bat abiatu zuten, parte-hartzea bultzatuko zuena. Euskal Herriko nahiz nazioarteko herri mugimenduetan garatzen ari ziren formakuntza esperientziak ezagutu, formakuntza politikoaren analisi bat osatu eta aurrera begirako erronka batzuk definitu nahi zituzten. “Pil-pilean” ikastaroa Bor-Bor(K) Herri Jakintzen Laborategitik sortu zen hurrengo urtean: «Formakuntza politiko integrala sustatu nahi genuen, historikoa, teoriko-ideologikoa, metodologikoa, gorputzezkoa, antolaketakoa… herri sektoreek pairatzen dituzten zapalkuntza guztiak eta aurrera daramatzaten borroka eta erresistentzia estrategia denak aitortuz». Formakuntza esperimentu harekin kultura politiko askatzaileagoak pentsatu nahi zituzten: «Gure kultura politikoak izateko eta ekiteko dituen moduak berritzeko ahaleginean sakondu». Baina BorBor(K) Herri Jakintzen Laborategi hartatik ez zen ikastaro soil bat sortu. Esperimentaziorako tarte handiagoa ematen zuen eta bertan landutako tresna gehiago sortu dituzte, mahai baten inguruko terminologia erabiliz azaltzen dituztenak: Biltokia, ikastaroetan erabilitako material, dinamika eta bestelako baliabideak jendarteratzeko «erreminta kutxa» birtuala; Gatzozpindu, herri mugimenduek dinamizazio eta errazte ikastaroa eskatuta, haientzat baliagarria izango zen esperientziari heldu zioten; Bazkalondoa, bidean ikasitako guztia jendarteratu eta partekatzeko, ikasketak idatziz ipini eta sistematizazio lanak egiten ari dira, hala nola, hain zuzen, aurkezten ari diren dokumentala, besteak beste; Murtxikatuz: formazio politikoaren ezaugarriak birpentsatuz, hemengo eta munduko proposamenak ezagutu nahi dituen taldea, eztabaida piztu, zabaldu eta jardunaldiak antolatu dituena. Ikastaroa 2015etik 2018ra bitartean, beraz, “Pil-Pilean” ikastaroaren urtebeteko hiru edizio egin zituzten. Bertan parte hartu zutenak, jakina, Euskal Herriko herri mugimenduetako kideak izan ziren, edizio bakoitzean orotara 40 bat lagunek: herri mugimenduetako 30 inguruk, Batzorde Politiko Pedagogikoa (BPP) izeneko koordinazio taldeko beste 10 bat lagunek eta sukaldari taldeko lauzpabost boluntariok. Ikastaro hori bi «gai potoloren» inguruan prestatu zuten: alde batetik, antolakuntza, funtzionamendua eta aliantzak herri mugimenduetan, eta beste alde batetik, zapalkuntzen egungo mekanismoak eta alternatiba askatzaileak. Hori guztia herri jakintzen filosofiari jarraituz egin zuten; alegia, «jakintza hein batean denon artean sortzen dugula» ulertzen duen filosofiaren arabera, «denok eraikitzen dugula ezagutza eta guztiok ikasten dugula hortik», diote zumalabekideek. Bost asteburutan gauzatu zen ikastaroa, bost lekutan: Gernikako Astran, Ziordiko Amaraunan, Arabako Garaionen, Gasteizko Errekaleorren eta Goñiko udalekuetan. Bizikidetza oinarri, hiru egunean zehar luzatzen zen ikastaroa, eta jarduera guztiak egiteko eta herri jakintzen filosofia praktikan jartzeko, BPP koordinazio taldeko kideak lau azpitaldetan banatuta zeuden, ikastaroan parte hartu zutenekin batera. BPP taldea hainbat herri mugimendutako militanteek osatua zen, eta talde horrek antolatzen zuen lehen asteburua. Bertan ikastaroaren filosofia, edukiak eta funtzionamendua azaltzen zen, eta lantaldeak eratzen ziren. Hortik aurrera, lantalde bakoitzaren ardura zen hurrengo asteburuko antolaketa. Taldeak eskuarki lurraldetasunaren arabera batzen ziren, eta ikastaroko «ardurak» txandaka antolatzen zituzten. Lau ardura ziren, eta talde bakoitza lau arduretako batetik pasatu zen asteburu bakoitzean. Arduretako bat «gogoeta» zen, ikastaroan landuko ziren edukiak dinamizatzeko, prestatzeko eta ariketak egiteko ardura. Beste bat, «goxotasuna eta azpiegitura», janaria, etxea prestatzea eta zaintza lanak oro har. «Patxada eta patxanga» zen beste bat, gaubeilak eta momentu informaletako dinamikak prestatzeko ardura, elkarren ezagutza sustatzeko. Laugarren ardura «sistematizazioa» zen, «esperientzien sistematizazioa ardatz baten bueltan ikertzeko ardura». Algortako eta Iruñeko aurkezpen emanaldien ostean, beraz, Gasteizko Gaztetxekoaren txanda izango da, datorren astean bertan, eta hilaren 27an Donostiakoarena. Azken emanaldia Ziordiko Amaraunan egingo dute ekainaren 19an. Emanaldietara joateko beharrezkoa da izena ematea. Covid-19a dela eta, neurrien arabera azken momentuko aldaketak izan litezke. Hala izanez gero, ohiko bideetatik emango dute haien berri. JOXEMI ZUMALABE FUNDAZIOA Joxemi Zumalabe Fundazioak ez du aurkezpen berezirik behar. Euskal kulturari eta herri ekimenari ekarpen eskerga egin zien lagun baten izena duen fundazio hori 1996an sortu zen, Euskal Herrian eraldaketa sozialean lanean ari diren herri mugimenduen kultura indartzeko asmoz. Haren helburua herri mugimenduen ekarpena jaso eta aurrera ateratzea da. «Gure Fundazioaren bokazioa herri mugimenduekin, herri mugimenduetatik eta herri mugimenduentzako lan egitea da», diote fundazioko kideek. «Sinergia eta ahalduntze prozesuak bilatuz, Euskal Herrietako herri mugimenduek dituzten gogoeta, dinamizazio eta formazio prozesuetan laguntzea, hain zuzen ere. Euskal Herriko herri ekimen, talde eta mugimenduek egiten duten ekarpen sozial eta politikoa ikusarazi, sendotu eta merezi duen errekonozimendua ematea, azken finean». Testuinguru horretan egiten ari dira «Su txikian bira mundiala», pandemia gorabehera. «Pil-pilean» ikastaroa 2015ean sortu zen, Euskal Herriko herri mugimenduek «elkar ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta saretzeko espazio» izan zedin Fundazioaren asmoa, besteak beste, herri mugimenduen formazio beharra sozializatzea ez ezik, hori egiteko moduari erreparatzea ere bada. Horregatik argitaratu dute liburua ere