GAUR8 - mila leiho zabalik

Hankartea


2021. urtean zerbait baloratzen baldin bada ekintzailea izatea da. Curriculumean oso dotore geratzen da “Ekintzailea” zarela jartzea eta gizartean oso ongi ikusia dago zure ideiarekin negozioa egitea. Hor kontua hauxe da, nork esaten dizun kristoren negozioa egin dezakezula ideia horrekin eta arrakasta ziurtatua duzula.

Alemaniako bulego batean, gizon batek komuneko zakarrontzian odoldutako tanpoi bat ikusi du paperean bildurik. Kafe makinara itzuli da, beste bi gizoni kontatu die ikusitakoa eta auskalo zer pasatu zitzaien burutik, hizketan hasi eta ekintzaile izatea erabaki zuten. Hilekoa dugunontzat konpresa, tanpoi edo kopa aldatu behar dugunetan, eskuak odolarekin zikindu gabe eta nazka eman ez diezagun erabiltzeko eskularruak. Pink Gloves, eskularru arrosak, eskerrak arrosak izatea bururatu zitzaien, argi gera zedin emakumeontzat zirela.

Horraino irakurrita esan dezakezu «tipo hauek tontoak dira». Aizue, tontoak, baina ekintzaileak eta zer egin zuten? Alemaniako telebistako asmatzaile eta ekintzaileen The Lion Den talent show-ean aurkeztu. Txalo bero bat, bai horixe! Eta beste txalo bat, programa horretan erabakiak hartzen dituztenei. Horrelako ideia bat ona dela pentsatzeagatik eta emisiora eramateagatik.

Berriro azaldu da hilekoa zerbait zikina bezala, ezkutatu beharrekoa bezala. Emakume perfektuak ezin duelako bere hankartea odolduta izan. Odolduta, ileekin, ezpain lodiekin, klitori handiegiarekin. Hankarte perfektua, bulba perfektua izan behar dugu.

Perfektu izan behar hori buruan nuela, “Existitzen al da bulba perfektua?” izeneko erreportajeari paso eman dio telebista aurkezleak. Horri erantsi dio: «Tira, perfektua ez dakigu, baina ideala bai». Eta hara non azaldu den ginekologia estetikoan espezialista den gizon bat azalpenak ematen. Gizon horren arabera, bulba idealak honako ezaugarri hauek ditu: ezpain handiek txikienak bildu behar dituzte eta zutik jarritakoan aluaren irekidura ez da nabaritu behar.

Zorionez, nire bulbari buruzko iritzi txarrik ez dut entzun. Baina sarean arakatzen aritu naiz eta euren bulbaren itxuragatik komentario desatseginen bat jaso duten emakume askoren testigantzak irakurri ditut. Askok aipatzen zuten, gizonezkoek emakumeen hankarte infantilizatua dutela buruan eta horixe espero dutela bat ikusteko aukera dutenean: ilerik gabea, ezpain txikiekin, arrosa kolorekoak... Horrelako aluak izango dituzte batzuek, baina ez dira gehiengoa. Nonbait, gizon horiek ez dituzte “akatsak” dituzten aluak jaten.

Modu horretan sortzen dizkigute emakumeei konplexuak. Gure aluekin, titiekin, gerri bueltarekin edo ipurdiarekin. Imajinatzen al duzue erreportaje hau telebistan: Zein da zakil perfektua? Ez dute egingo, gizonezkoek zakilaren bueltan sortu duten diskurtsoa tamainak ez duela inporta esaten duena delako. Eta gehiago edo gutxiago, denok onartzen dugu diskurtso hori inoren gizontasuna ez mintzeko.

Baina emakumeon gorputzari buruzko kritikak, erreportajeak eta gorputza aldatzeko produktuak etengabe ikusten ditugu sarean eta komunikabideetan. Zeresanik ez hondartzara joateko egunen atzera kontaketa betean gauden honetan. Ez dago bulba idealik, ez perfekturik. Pertsona aludun beste bulba mota daude. Kontua da ea bakoitzak gurea ezagutzen dugun. Eta Twitterreko erabiltzaile bati irakurri nion bezala: bulba ideala gozatzen duena da. Gainontzeko guztia, emakumeen gorputzen aurkako biolentzia. •