GAUR8 - mila leiho zabalik

Itzaina eta idiak


Euskal sindikatu nagusi bateko buruzagiari entzun nion esaten beste sindikatuekin elkarlana hautsi izanaren arrazoia azken horien borondaterik eza zela. Haiek jarritako erritmoa eta borrokarako ekimena besteek ez zutela onartzen aditzeak zer pentsa eman zidan.

Antzeko ezinegona sortu zidan ikusteak nola Langileen Mundu Eguna aldarrikatzeko ekimenetan, bere burua gazte antolakunde langiletzat duenak, koherentzia teorikoaren izenean, sindikatuek antolaturiko praktika aldarrikatzaileari uko egiten zion, berariaz berea sortuz. Eta etorri zait gogora, parabola modura, itzaina eta idien jokabidearen irudia. Nola itzaina idien aurretik jarri eta aurrera egiten duen distantzia bat hartu arte eta handik atzera begira jarrita bere nagusitasuna aldarrikatu nahian bezala, idiei –¡aida!– bere parera etor daitezen dei egiten dien. Baina idiek beren pausajea dutenez, itzaina da, azken batean, atzerako pausoak eman eta bueltan idien parean jarri behar izaten duena, elkarrekin batera aurrera egin dezaten.

Goiko adibideetan adierazitako jokaerak ikusita, zalantza sortzen zait ekimenen helburua interes kolektiboari dagokion ala erakundeen ustezko nagusitasun irudia gizentzen jarraitzeko ekimen partikular eta partidistak diren. Itzainak eta idiek elkar harturik goldatu dezakete soroa. Itzainaren ustezko protagonismoak norbaiten “egoa” puzteko balio lezake, baina balio eskasa erantsiko lioke ekimen kolektiboari.

Ikusitakoak ikusita, horrelako jokamoldeak behar baino gehiago gailentzen ari direlakoan nago. Indibidualismo eta nagusikeria gehiegi, kolektiboak beharko luketen ekimen sozialetan.

Bitartean, begi bistan ditugun praktikak bide horretatik badoaz, arrisku handia dago gure gizartean, lagun batek esango lukeen bezala: «Munduari su eman eta Parisera alde egiteko». •