Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Seriezale bat ulertzeko gida azkarra

Konfinamenduan apur bat gehiago ulertu gintuzuen arren, uste dut telesailak irensten ditugunon eta ikusten ez dituztenen artean, badela tentsio uneak sortzen dituen marra ikusezin bat. Seriezale amorratuoi atal bat bestearen jarraian ikusteko egun osoa etxetik atera gabe egotea normala iruditzen zaigu adibidez, baina zuei ordea ez. Kondairak dio seriezaleak eta pertsona arruntak bizi litezkeela elkarrekin, eztabaidatu gabe eta armonian, gutxi baina badirela zenbait kasu munduan. Gure zaletasun kontrolaezin hau jasan behar duzuenon tokian jartzen saiatuko naiz, eta bide batez, ea gai zareten zuek ere gure bitxikeriak ulertzeko. Ziur nago terapia erabilgarri bihurtuko dela. Bide batez, elkarte bat sor dezakezue: «Kaixo, nire izena Gexan da eta ni ere seriezale batekin bizi naiz».

Gehien gorrotatzen dugun esaldia

Galdera asko egiten dizkigute, gehienak zentzugabeak, baina guztien gainetik gehien mespretxatzen eta gorrotatzen duguna hauxe da: «Nondik ateratzen duzu denbora hainbeste telesail ikusteko?». Ez dugu erantzun ere egiten. Bizitza oro har eta egunerokoa konkretuki, lehentasunen arabera eraikitzen dugu, eta telesailak ikustea eraiki dugun piramide horren gailurrean aurkitzen da, besterik ez.

Nahiago dugu telesail txar bat jatorrizko hizkuntzan, on bat bikoiztua baino

Hala da, bai, zinema, jatorrizko hizkuntzan beti. Telesailak beste modu batean ikustea –bikoiztuak– ez da gure planen barruan sartzen, guretzat existitu ere egiten ez den hitz bat da, urtikaria ateratzen zaigu «bikoiztua» hitza entzuten dugun bakoitzean.

Demagun menderatzen duzun hizkuntza batean telesail bat estreinatzen dela –adibidez euskaraz–. Nola gustatuko litzaizuke ikustea? Menderatzen duzun hizkuntza horretan ala bikoiztua? Ziur nago %100ek jatorrizko hizkuntza aukeratuko luketela. Eta, zergatik galdetuko banizue, emango zenituzketen argudioak: «Ez dut jatorrizko hizkuntza hori menderatzen», horretarako sortu zen azpititulazioa. Bikoizketarekin, hots banda guztia aldatu behar da (musika, ahotsak, zaratak...). Azpitituluekin aldiz, lerro idatzien bidez adierazten da aktoreak dioena, eta lan originalarekiko errespetua erabatekoa da. Ahalik eta osoen adierazten dute esaten den guztia, ahalik eta xehetasun gehienak kontuan hartuz. «Ni ez noa zinemara irakurtzera», «Hitzei begiratuz gero, ezin ditut irudiak ikusi». Hementxe azaleratzen da benetako “arazoa”: alferkeria. Onar ezazue, telesailak bikoiztuta ikustearen egoskorkeria horren arrazoi nagusia, nagitasun intelektuala da, pasibotasunaren gaixotasunak eragindako beste ondorio bat.

Asteko egunik okerrena, guretzat onena. «Azkenean iritsi da astelehena»

Egia da plataforma berrien etorrerarekin, asteko zita hori amaitu egingo dela eta jada ez ditugula telesailak egun konkretuetan soilik irensten, baina bai, aukera asko dago lerroburuko astakeria hori seriezale baten ahotik entzuteko: Azkenean iritsi da astelehena. “Jende arruntari” erokeria iruditu arren, guretzat, astelehena egun polita izan liteke. Zergatik? Argibidea oso erraza da: AEBetako hainbat telebista katek arrakasta handien duten telesailak igandeetan igortzen dituztela. Hori dela eta, astelehenetik aurrera dauzkagu ikusgai hemen (“Game of Thrones” zegoenean adibidez, edo orain Kate Winslet-en “Mare of Easttown” bikaina ematen dutenean). Astelehena, ustekabeko egun zoragarri hori!

Bizitza soziala. Zer da hori?

Telesailak ikusten inbertitzen den denbora, beste edozeri eskaintzen ez zaion denbora da. Momentuz, lan egitea beharrezkoa da guztiontzat. Bestalde, badaude zeregin saihetsezin batzuk, lo egitea adibidez. Beraz, denbora hori beste nonbaitetik “lapurtu” behar da: bizitza sozialetik. Zuk, pertsona arrunt horrek, esango duzu: «Eguraldi bikaina dugu, joango al gara lagunekin paseatzera edo garagardo batzuk hartzera?». Gure erantzuna: «‘Fleabag’ ikusten ari naiz eta une honetan apaizarekin gertatzen ari dena sinestezina iruditzen zait, benetan uste al duzu gogoa dudala kalera irteteko?».

Arrisku kirol gustukoena: spoilerrak saihestea

Sareak spoilerrez gainezka dauden garai hauetan, hauek saihestea izaten da gehien errepikatzen dugun jarduna. Nekeza eta zaila, baina beharrezkoa, gauean etxera iritsi eta telebista pizten dugun unean kutsatu gabeko ikustaldi gozo bat bizitzeko.

«Beste atal bat eta banoa lotara»

Zenbat aldiz entzungo zenuen esaldi hau goizeko 2.00etan? Berdin dio hurrengo goizean 8.00etan esnatu behar izatea. Gupidagabeak gara. “Stranger Things”-en maratoi baten erdian baldin bagaude, ea nor ausartzen den esaten telebistak hor jarraituko duela hurrengo egunean eta uzten dugun puntutik jarrai dezakegula. Atalak ikusi eta ikusi arituko gara atsedenik gabe, munduaren amaiera iristear egongo balitz bezala. Eta apokalipsia iritsi baino lehen, behar dugun bakarra atala nola amaituko den jakitea da. Soluzioa? Onartu, oherako bidea bakarrik hartu beharko duzue. Edo bestela esna eutsi leher egin arte, eta hurrengo egunean begi zuloen kontrako krema erabili.

Datozen asteetako zure soinu banda

Telesail konkretu batek sekulako soinu banda duela iruditzen bazaigu (“Peaky Blinders”, “Big Little Lies”, “The Leftovers”...) prestatu zaitez, datozen asteetako bidaia, ekitaldi eta afari guztietako musika hori izango baita. Spotify-k eztanda egingo du, Max Ritcher, Nick Cave edo Michael Kiwanukaren abestien erruz eta munduan ez da beste musikarik existituko.

Elkarrekin ikusten duzuen telesail baten atala bakarrik ikustea desleialtzat hartuko da

“The Handmais Tale” edota “Hondar ahoak” elkarrekin ikusten baduzue, atal bat zure kabuz ikusteak hondamendira eramango zaitu, eztabaida erraldoi eta kontrolaezin batera. Ezta bururatu ere! Elkarrekin ikusten duzuen telesail hori erritmo berean ikusi behar duzue eta inoiz –nahigabe bada ere–, atal bat aurreratu bazara, hobe duzu aitortzea, luzera begira oso larria izan liteke eta!

Kamiseta arruntik ez, mesedez

Konturatuko zinen soinean eramaten ditugun kamiseta guztiek gure telesail gustukoenen irudi, mezu edo pertsonaiak izaten dituztela. Ez dugu ulertzen zergatik eramaten dituzun marrazkirik gabeko elastiko arrunt ziztrin horiek!

Lagunak telesailen arabera sailkatzen ditugu

“The Leftovers”-en amaiera ulertu zuten lagunak alde batean, “Lost” gorrotatzen duten ezagunak –«lagunak» deitu behar nien baina ez dute merezi– bazterrean, eta zure gomendioei kasu egiten dietenak bestean. Gure garunean sailkapen desberdinak egiten ditugu eta norbait gomendio eske datorren unean badakigu zein erantzun eman pertsona konkretu horri; aurretik zer telesail ikusi dituen jakinez gero, noski. Horrez gain, elkarrizketa motak ere desberdinak izaten dira multzo horien barruan kokatuak dauden pertsonekin elkartzen garen bakoitzean.

Jarrai ezazu (gutxienez) ikusten dugun telesail bat, elkarrizketetatik kanpo geratu nahi ez baduzu behintzat

Lagunekin zaudenean, elkarrizketa telesail baten gainekoa bada eta kasualitatez jarraitzen ez baldin baduzu, estralurtar sentituko zara. «Ikusi al duzu ‘True Detective’-ren plano zoragarri hori?». «Ezin dut sinistu ere egin ‘Breaking bad’ nola amaitu den...». «‘The Victim’ telesaileko azken sekuentzia hori latza da...». Elkarrizketa hauen guztien parte sentitu nahi baduzu, egin dezakezun gauzarik onena gutxienez telesail horietako bat jarraitzea da. Bestela zertaz hitz egin zenuen mundu guztiak “Game Of Thrones”-en amaiera aipatzen zuen bitartean edo “Lost” era bidegabean kritikatu zutenean?