Ramon Sola

Estatuarekiko talkaz, bi liburu eta galdera batzuk

Azken hamarkadako bi gertaera politiko potenteenak oinarri dituzten bi liburu irakurri berri ditut: batak “La lucha hablada, conversaciones con ETA” du izenburu (Altamarea argitaletxea); bestea Kataluniako sei kazetarik idatzi dute eta “Toda la verdad” izendatu dute gazteleraz (Ara Llibresek kaleratu du). Bi prozesu ezberdinez ari dira baina abiapuntu komunak badituzte liburuok: egia eta zintzotasuna, bere kontraesan eta gazi-gozo guztiekin.

Bigarren horren ekarpenen artean 2017ko urriaren 25, 26 eta 27an Bartzelonan gertatutakoaren deskribapen gordinarena dago: erreferendumaren emaitzari kasu eginez Kataluniako Errepublika aldarrikatzea zen Carles Puigdemonten aukeretako bat, eta independentzia indargabetu eta hauteskundeak deitzea, bestea. Azken horren alde barruko (eta azpiko) lana egin zuen Iñigo Urkulluk Euskal Herritik, Puigdemonten posizioa ahulduz eta Mariano Rajoyrena indartuz. Kataluniako president-ak EAEko lehendakaria nola ikusten zuen zehazten dute sei kazetari hauek liburuaren bi pasartetan: «Bitartekaria baino gehiago, Estatu eta interes enpresarialen ordezkaritzat» hartzen zuen Puigdemontek eta, bestetik, argi zuen Urkulluren «helburu nagusia Kataluniako olatuak Euskadin zipriztinik ez eragitea zela».

Independentzia ez zen gauzatu azkenik, jakina denez. Puigdemont atzerrian dabil oraindik eta bere zenbait gobernukide kartzelan. Bitartean, Urkulluk bide beretik segitu duela esan daiteke: bare daude urak Kantauri aldean eta Estatua zein interes enpresarialak bere gobernu jardunaren iparrorratz dira. Aste honetan indultuei buruz esandakoaren harira Kataluniako egoera epeltzen hasi dela antzematen denean, Urkullu garaile atera dela idatzi duenik bada. Baina perspektiban ikusita bistan da Kataluniak erabakitze eskubidearen norabidean aurrepausoa eman duela urte hauetan, Gobernu espainolarekin eratu den elkarrizketa mahaia horren seinale delarik, eta Euskal Herriak ez. Urriaren 1eko erreferendumak ekarritako polarizazioaren bidetik eman du.

Utz dezagun alde batera Urkullu, nahiko hitz-aspertua eragiten du eta, eta ekin diezaiogun polarizazioaren kontu horri. Izan ere, aipatutako beste liburuan, “La lucha hablada”-n, Euskal Herria eta Estatuarekiko talkarik eza kezka iturri nabaria da ETAko kide izandako bederatzi lagunen ahotan. 2011ko erabakiak berez polarizazio politikoaren gogortzea ekarri behar zuen; hala ulertu zuen Alfredo Perez Rubalcabak berak eta hala irudikatu zen adibidez Durango eta Iruñea arteko 2014ko Gure Esku Dagoren giza katean. Epeldu barik hoztu egin da giroa geroztik, aldagai ugari direla medio, azkena Madrilen azken 90 urteotako gobernu aurrerakoiena izan daitekeena osatu dela, ia inork espero gabe. Eskuineko gobernu batekin –demagun, PP-Vox alderdiek osatua– berez berpiztuko zen talka eragitea zailagoa dela erraz ulertzekoa da. Gertatuko da agian? Ezin da baztertu baina ezin da desiratu ere.

Madrilen Sanchezen Gobernua egonkortu eta Mediterraneo aldean barealdia iristen bada, ordea, polarizazioa nola berreskuratu hausnartzen hasi beharko da Euskal Herrian. Talka nolakoa izan behar den ere arretaz aztertu beharko da (adibidez, Espainia-Kataluniaren arteko elkarrizketa mahai hura elkargune gisa ulertu behar da eta polarizazio esparru bezala? Euskal Herrian halakorik desiragarri eta egingarria al da?). Eta polarizazioa helburu edo bide den zehaztu beharko da, benetako ortzimuga bistatik ez galtzearren. •