Bukatu da, bukatu da, akabo aurtengoa ere!
Bukatu da aurtengo ikasturtea ere. Ikasturte zaila izan da. Itogarria, denok presio handiarekin lanean, pazienteen eskakizun handia, gure neke pertsonala, kasuen muturreko zailtasuna...
Baina zein polita den ikasturtea amaitzen ari garen honetan, eskolekin bilerak egiterakoan, gure haurren aurrerakuntzak sentitzea, konpartitzea eta ikustea. Zein ederra den gurasoen irribarrea ikustea eta urte guztiko lanaren emaitzak jasotzea.
Gure arreta goiztiarreko haurren aurrerakuntzak txikiak izan ohi dira. Dortoka txiki polit batzuen modura beti aurrera doazen haur eta familiak; hiletik hilera zerbait berri aurkitzen dugu beraiengan.
Ekaina neketsua bezain ederra izaten da. Haurrekin opor aurretik merendolak, opari txikiak, agur eta despedidak. Gauza bera helduekin eta nerabeekin ere; kurtsoko errepasoa egin eta urte osoko lanen emaitzak jaso eta guztiak udaraz gozatzeko prest.
Polita izaten da, era berean, gure inguruan lan egiten duten profesionalen agurra: homeopatak, sendagileak, psikiatrak, neuropediatrak, psikologoak, Hezkuntzako eta Berdintasun saileko teknikariak eta Aldundiko arduradunak, eskoletako zuzendari eta irakasleak…
Aurten bereziki ederra izan da zuzendaritza taldean eginiko lana: jarraipen saio hunkigarriak eta aberatsak. Horrek balio izan digu kasuen aurrean modu osasuntsu batean gure burua kokatzeko, gure lan egiteko moduaz hausnartzeko, geure burua zaintzeko eta hainbeste maite dugun lanbide honenganako ilusioa berriz pizteko.
Ekainean izaten den beste jarduera eder bat lantaldearen bilera eta elkartzea da. Aurten bereziki gogoz gabiltza, Harremanak Elkarteko lantalde guztia elkartuko garelako; hezkuntza arloa eta arlo klinikoa, denak batera. Esker oneko nago lantaldea osatzen dugun pertsona guztiekin, profesional ezin hobeak direlako eta lan giroa oso ona delako.
Eta orain, ekainean San Joan suaren inguruan dantza egin ondoren, bakoitzak hobetu nahi duen hori sutara bota ondoren, opor txiki batzuk hartuko ditugu uztailean hurrengo ikasturtea gogoz eta ilusioz prestatzeko. Hurrengo ikasturteari begira hasten garen honetan, egitasmo berriak pentsatu, sentitu eta egiteko asmoz gabiltza: haurren talde terapiak, helduen talde terapiak abian jartzera goaz eta, nola ez, nerabeena ere bai.
Sorpresa berriak ditugu buruan eta zuei, guregan ikasturte honetan egunero konfiatu duzuen guztioi, eskaini nahi dizuegu gure onena. Merezi duzuelako, nahi dugulako. Eskerrik asko, guztioi, beste urtebetez gurean izateagatik! Eskerrik asko, zuen konfiantzagatik…
Unai Muñoak eta Ander Lizarraldek “Erik eta Win” antzezlanean abesten duten bezala:
«Zer ote elkartzen gaituen sua
Bakarrik geratzeko dugun izua
Batzen ote gara elkar osatzeko
Elkar arintzeko bien pisua…
Baina berez ez ote da HARREMANA hartu eta emana eta elkar zaintzea…» •