26 JUN. 2021 Koloretako biomarkagailu digitalak Ainhoa Yera Gil UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako irakasle eta ikertzailea Emozioak adierazi nahi ditugunean, gure gorputzaren seinale fisikoak kontrolatzen saiatzen gara, adibidez, aurpegi keinuak edo ahotsaren ezaugarriak. Egoera horretan baina, badira modu inkontzienteago batean aldatu ohi diren beste hainbat bioseinale, hala nola bihotz taupadak (elektrokardiograma), izerdia (azalaren erantzun galbanikoa), gorputz tenperatura edo garuneko jarduera elektrikoa (elektroentzefalograma). Zertarako izan daiteke baina ezagutza hau baliagarria? 1938ra jotzen badugu, honekin zerikusia duen lehen asmakizunetako bat aurki dezakegu, Leonarde Keeler eta John Larsonek polizia zereginetan laguntzeko asmatutako poligrafoa, hain zuzen. Gailu honek odol presioa, pultsua, arnasketa eta azalaren konduktibitatea neurtu eta emaitzak paper batean inprimatzen zituen, eta horren ostean datuak interpretatu eta pertsona bat gezurretan ari ote zen ebazten zen. Teknikoki urduritasuna besterik neurtzen ari ez baziren ere, orduz geroztik poligrafoa maiz froga moduan onartua izan da epaiketetan akusatu baten erruduntasunaren inguruan erabakiak hartzeko eta baita inteligentzia agentzietan espioiak agerian uzten laguntzeko. Komunitate zientifikoak eta ustezko hainbat espioiek eurek, Aldrich Ames (1985-1991) eta Ana Belen Montesek (1986-2001) kasu, praktika hauek fidagarriak ez zirela frogatu zuten. Berrikiago, 1995ean Rosalind Picard Informatika ingeniari estatubatuarrak egun adimen artifizialaren barruan garrantzi handikoa den konputazio afektiboaren adarraren hazia jarriko zuen, izen berdineko liburua (“Affective computing”) argitaratu zuenean. Informatika, psikologia eta zientzia kognitiboak bezalako diziplinak uztartzen dituen arlo hau giza emozioak ezagutu, interpretatu eta prozesa ditzaketen sistema eta gailuen diseinuari dagokio. Beraz, norberaren eta besteen emozioak ulertu eta prozesatzeko zailtasunak eragiten dituzten nahasmenduetan lagungarria izan daiteke: Autismoaren Espektroko Nahasmena (AEN), Arreta defizitaren eta Arreta galeragatiko eta Hiperaktibitateagatiko asaldura (ADHN), alzheimerra, parkinsona, eskizofrenia e.a. Konputazio fisiologikoak –konputazio afektiboaren azpiarloa–, aplikazioak erabiltzailearen emozio egoerari buruzko informaziora egokitzeko helburuarekin, bioseinaleak denbora errealean monitorizatzen ditu. Horren bidez, hezkuntza plataforma digitaletako edukien egokitzapena, gomendio sistemek iradokitako edukiak edo gidariei zuzendutako laguntza automatizatua hobetu daiteke. Bioseinaleak erregistratzeko gailuak diseinatzeko garaian, erronka nagusia erosotasunaren eta doitasunaren arteko oreka mantentzea da, hots, pertsonei ahalik eta traba gutxien eginez erregistratutako seinalearen kalitatea onargarria izatea. Honekin batera, emozioak modelatzeko seinalerik egokienak zeintzuk diren ebaztea ere ez da lan erraza, eta normalean, sentsore multzo batez osaturiko sistemak diseinatzen dira informazio iturri desberdinak eskuragai izateko. Hala ere, helburua sistemak edozein testuingurutan berdin funtzionatzea bada, hots, jantzigarriak izatea, diseinu sinpleekin lan egitea komeni da, pertsonak ziborg-ak bilakatu nahi ez baditugu bederen. Horregatik, gailu jantzigarri konplexuen diseinutik aldenduz, sistema hauek pertsonek eguneroko zereginetan erabiltzen dituzten gailuetan integratzeko joera berreskuratzen hasi da, esaterako, mugikorrak, ibilgailuetako bolanteak edo periferikoak (saguak, teklatuak, webcam-ak). Konputazio fisiologikoan oinarritutako sistema hauetan emozio zehatz bat automatikoki detektatzeko bioseinaleak erregistratu ondoren, hauek prozesatu eta azkenik konputatutako hainbat ezaugarriren gainean ikasketa automatikoko teknikak erabiltzen dira. Emozioen adierazle diren biomarkagailu digitalen bilaketa ez da lan erraza, besteak beste, bioseinaleak nabarmenki aldatzen direlako pertsonatik pertsonara eta hortaz, sistema fidagarria izan dadin ezinbestekoa da erabilitako subjektu lagina handia izatea. Dena den, erronka honetarako baliagarriak izan daitezkeen datu base publikoak gero eta ugariagoak dira, DEAP, AMIGOS, ASCERTAIN e.a, bioseinale multzo jakin batentzat emozio desberdinak etiketatuta dituztenak. Emozioak adierazteko zailtasunak sortzen dituzten nahasmenduetatik haratago, oraindik bide luzea dugu horren hedatuak dauden antsietatea, estresa eta tristura bezalako emozioak normalizatzeko. Anna Llenasen “Koloretako Munstroa” ipuin ezagunean irakur dezakegu protagonista hasieran nahastuta badago ere bukaeran kolorez adierazitako emozio bakoitza bereizi eta dagokion ontzian antolatzen ikasten duela. Modu berean, gure gizarteak pertsonen osasun emozionala ardatz duten sistemak behar-beharrezkoak ditu eta koloretako biomarkagailu digitalek emozioak identifikatzeko erronkan asko lagundu dezakete. •