24 JUL. 2021 ORONA IDEO ETA NDANK NDANK Senegalgo Dionewarren plastikoak birziklatzeko prentsa bat diseinatu dute Mondragon Unibertsitateko ikasleek Senegalgo Dionewar irlan arrantza dute jarduera nagusia. Itsasotik bizi dira, plastikoz gero eta beteago dagoen itsasotik. Mondragon Unibertsitateko Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleak ingurumena zainduko duten prozesuetan eta produktuetan trebatzen ari dira. Ndank Ndank Debagoieneko elkarteak biak lotu ditu, Dionewar eta Mondragon Unibertsitatea. Hartara, Dionewarren pilatutako plastikoa birziklatzeko prentsa diseinatu dute Hernaniko Orona Ideon. Jon URBE | FOKU Amagoia Mujika Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritzan norabide garbia daukate: ingurumena zainduko duten industria produktuak eta prozesuak bultzatzea. Eta horri begira trebatzen dituzte ikasleak Mondragon Unibertsitateko gradu horretan, Hernaniko Orona Ideo fakultatean. Bide horretan, azken urteotan mundu mailako Precious Plastic ekimenari begira jarrita daude, plastiko hondakinen arazo larriari irtenbideak emateko erronkari jarraituz; gutxiago sortu eta sortzen dena berriz erabiltzeko bideak zabaldu. Horretan ari zirela jaso zuten Orona Ideon Ndank Ndank elkartearen deia 2019an. Duela ia hamar urte Bergaran sortutako elkartea da, lokarri sendoak eraikitzen ari dena Debagoienaren eta Senegalgo Dionewar irlaren artean. Kulturartekotasuna bultzatzea, migrazioaren errealitatea eta bizipenak lehen lerrora ekartzea eta Dionewarren bertakoen egunerokoa hobetuko duten proiektuetan laguntzea da helburu nagusia. Ndank Ndank elkartekoek errealitate baten berri eman zieten Ekoteknologietako Ingeniaritza graduko ikasleei: urtean 225.000 tona plastiko inguru pilatzen dira Dionewarren –batzuk bertan sortuak eta beste asko itsasoz korronteek bertara ekarriak– eta Senegalgo irla horretan ez daukate martxan hondakinak kudeatzeko sistemarik. Hartara, ahal duten plastikoa bildu eta erre egiten dute. Dionewar Senegalgo hegoaldean kokatua dagoen irla bat da. 6.000 biztanle inguru ditu eta arrantza da jarduera nagusia. Itsasotik bizi dira nagusiki eta itsasoan gero eta plastiko gehiago pilatzen da. Errealitate horretatik abiatuta, Mondragon Unibertsitateko ikasleek ez zuten erronka makala: Dionewarreko komunitateak dituen baliabideak eta bertako baldintzak kontuan hartuta, bertan pilatzen den plastikoari bigarren bizitza bat emateko modua topatzea. «Baliabide mugatuak dituen komunitatea da. Ingurunea gogorra da; hondar asko, hornikuntza elektriko eskasa, aldatzeko piezak lortzeko zailtasunak... horrez gain, makina Dionewarrera garraiatu behar da. Irla bat da eta urrun dago. Eta, noski, bertako beharrak oso kontuan hartu behar dira prentsa diseinatzeko orduan», azaldu dute Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritzako irakasleek. Probaz proba egindako bidea Aurretik aipatutako baldintzak kontuan hartuta moldatu behar izan dute ikasleek prentsaren diseinua. Haiek azaldu dutenez, «probaz proba» egin dute bidea, zerk balio zuen eta zerk ez aztertuz une oro. Azkenean, nahiko diseinu sinplea eta moldatzeko erraza osatu dute, nahiz eta oraindik baduten zer hobetua. «Erraz moldatzeko moduko makina proposatu dugu. Puskatu daitezkeen gauza gutxi daude eta piezak aldatzeko errazak dira. Egitura gogorreko prentsa da, oso gogorra den altzairu mota batekin egina». Orain bigarren fase batean ari dira lanean; makina sinpleagotu, garraiatzeko errazagoa egin, matxurak konpontzeko errazak egin, konpontzeko piezak aise topatzeko modukoak izatea erraztu... Plastikoari bigarren aukera Baina, zein da prentsaren egitekoa? «Edozein tokitan bildu daitekeen plastikoa prentsan sartu eta baldosa modukoak lortzen dira makina horren bitartez. Lehendabiziko probak ez ziren oso txukun atera. Material desberdinak probatzen joan gara, bukaerako prototipora iritsi arte. Baldosa bat lortu dugu, teila bat ere izan daitekeena. Eta helburua da prentsan molde desberdinak erabili ahal izatea, objektu desberdinak lortzeko. Adibidez, txankleta baten zola ere lortu dugu eta akaso baliagarria izan daiteke Dionewarren», azaldu dute ikasleek. Emaitza askoz hobea da birziklatzen den plastikoaren egoera optimoa denean. Hala ere, edozein tokitan pilatzen den plastikoarekin egindako probek emaitza txukunak eman dituzte; plastikozko poltsak, botilak, papera eta plastikoa nahastuta... Aipatu bezala, oraingoz baldosaren prototipoa egin dute eta elkarren artean erraz lotzen diren piezak osatu dituzte, zementurik edo kolarik behar ez dutenak. Baldosa horiek egiteko plastiko kopuru handia behar da eta hori datu garrantzitsua da, ahalik eta plastiko gehien birziklatzea baita helburua. Edonork erraz samar erabiltzeko moduko makina izatea da beste helburua, desmuntatzeko eta muntatzeko erraza. Eta bere osotasunean desmuntatu daitekeen prentsa da. Prentsaren prototipoan hobekuntzak egiten dituzten bitartean, Mondragon Unibertsitateko ikasleek begiratua Dionewarren jarria dute. Laborategian egindako probak benetan praktikan jarri nahi dituzte, paperean jaso dituzten egoerak errealitatean nola garatzen diren ikusi. Ndank Ndank elkarteak azaldu duenez, une honetan kultura zentro bat eraikitzen ari dira Dionewarren. Bertan gela balioaniztun bat paratu nahi dute eta artisau eskola batentzat tailerra prestatu. «Gure asmoa da prentsa horiek gela horretan kokatzea eta bertako gazteei erakustea makinak nola funtzionatzen duen, nola erabili. Helburua da Dionewarreko biztanleei plastikoari irtenbide ekologikoagoa emateko tresna hori ematea eta erabiltzeko trebatzea. Hortik aurrera, haiek erabakiko dute zein behar dituzten eta zer komeni zaien gehien, zer-nolako piezak lortu nahi dituzten», azaldu dute elkartekoek.