Nekane Zinkunegi Barandiaran

Epaiketak

Oroitzen dut alabari bularra ematen hasi nintzeneko garaia. Titiburuak behar bezain irtenak ez nituela, heltzeko zailtasunak zituela, indar handiz tiratzen zuela eta horregatik zauriak nituela esan zidaten ospitalean. Ez neukala zartadurarik eta lasai egoteko. Azkenean, silikonazko txopera edo pezonerekin probatu genuen. Erizainek zioten gaizki ohituko zela, titiburutik xurgatzea ez zela txoperatik xurgatzea bezalakoa, eta arazoak izango genituela gerora. Eman nahiaren eta minez ematearen arteko erdibidea topatu genuen, eta, astebeterako, txoperarik gabe hartzen zuen bi bularretatik.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du, gutxienez, sei hilabetez esklusiboki bularra ematea haurrei. Baina jende gutxik esaten du hasiera oso konplexua izan daitekeela, eta ama berriari zalantzak areagotzeak ez du laguntzen. Gero pisu kontrolak etortzen dira. Lau hilabetekoan, esan ziguten alaba ez zela ari hazten jaio zenean pisatu eta neurtu zuenaren proportzioan. Irudikatu zeinen epaitua senti daitekeen ama, bularreko esnez soilik elikatzen duen alaba behar adina hazten ez dela ari iradokitzean.

Hamasei asterako amaitu zen aitaren baimena, lanaldi murriztura itzuli zen. Bost hilabete zituela itzuli nintzen ni, jardun osora. Goizetan haur eskolara, arratsaldez aitarekin. Bularretik esnea ateratzeko tresnarekin bizpahiru ordutik behin atera, eta izotz plakatxoekin eta hozkailuarekin aurrera eta atzera ibili nintzen, haur eskolan edo aitarekin hartu behar zituen biberoietan bularreko esnea har zezan. Irudikatu erritua: mugimendu politiko batean lan egiten dut, jardunaren gehiengoa bilerez osatzen da, eta asko luzeak dira. Ba zegokidanean, bularretik esnea ateratzen nuen. Parean, konfiantza gehiago edo gutxiagoko kideak izan nitzakeen, baina tresnaren euli soinua familiarra bihurtu zen. Bederatzi hilabeterako, ez nintzen gai biharamuneko biberoietarako adina bularretik ateratzeko. Beraz, formula esnea eskaintzen hasi ginen, eta onartu zuen. Orain, hamabost hilabete pasatxo ditu, eta, elkarrekin gaudenean, nahi duen aldiro hartzen du bularra.

Aste honetan izan da amagandiko edoskitzearen mundu mailako astea, abuztuaren 1etik 7ra. Baina guraso guztiek merezi dute aitortza: bularra, biberoia edo edoskitze mistoa hautatzen dutenek; haur eskola, lan murrizketa, eszedentzia edo aitona-amonen laguntza hautatzen dutenek; egin dutena egin dutela, errudun eta epaituak sentitzen diren guzti-guztiek. Bizitzako une horretan zaudeten edo egon zareten guztioi besarkada konplize bana, eta une horretara heltzera zoaztenoi edo inoiz ez zaretela helduko garbi duzuenoi, beste horrenbeste. •