21 AGO. 2021 INDARKERIEN KAIOLA Genero indarkeriak maizago eragiten die migranteei eta zailago dute babesa lortzea Emakume migranteek gehiegizko errepresentazioa daukate estatu espainoleko genero indarkeriari buruzko estatistiketan. 2003 eta 2019 artean indarkeria mota honengatik hildako emakumeen herenak baino gehiago atzerritarrak ziren. Gainontzekoei baino zailagoa zaie, gainera, babes juridikoa edo soziala lortzea. Maddi Txintxurreta Patricia estatu espainolean bizi den emakume mexikarra da. 38 urte ditu. Gizonarekin bizi zen, gizonaren irain eta oihuekin. Adikzioa sortzen zioten bideo jokoek eta pornografiak gizonari eta agresiboa zen, agresiboagoa adikzioen mendeko zenean. Sarri jo zuen Patricia eta gero barkamena eskatu. Patriciak uste zuen arazo psikiatriko bat zeukala. Behin itsasgarria erori zitzaion gizonari bularrera eta haserretu egin zen, baina Patriciarekin. «Denaren errua nirea zen», kontatuko zuen gero andrazkoak. Emazteari oihuka hasi zen gizona: «Goitik behera arrakalatuko zaitut txerri baten modura. Zure familiak ere ez zaitu ezagutuko. Zakarretan aurkituko zaituzte txerri bat bezala». Patricia beldurra disimulatzen saiatzen zen. «Barkatu, oso estresatuta nago», esaten zion gizonak. Baina gero berriro asaldatzen zen. Gizonaren beldur zen Patricia, noizbait hilko zuelakoan. Anaia, etxean arrebak bizi zuen egoeraren jakitun, laguntzera azaldu zenean, anaia eta bera hilko ote zituen beldur zen Patricia. Eta ama izan zenean, haurra, anaia eta bera hilko zituen beldur zen. Mehatxu egiten zuen gizonak, esanez bere anaia, paperik gabeko etorkina, salatuko zuela. Gizona agresibo jarri zeneko batean, Patricia bizilagun batengana joan zen laguntza eske, eta honek ez molestatzeko, afaltzen ari zela, esan zion. Mexikora ihes egiten saiatu zen, haurrarekin, baina gizonak salaketa jarri eta zaintza partekatua ebatzi zuen epaileak. Indarkeriaren aurpegia Indarkeria matxista egiturazkoa dela jakina da eta, hortaz, emakume orori eragiten diola baita ere. Badira zenbait emakume, ordea, are eta gordinkiago pairatzen dutenak biolentzia mota hau, feminismo intersekzionalaren teoriak berretsiz. Indarkeriek bat egiten dute, hala, zenbait gorputzetan, emakume migranteen kasuan, adibidez. Hala dio “Tirar del Hilo: historias de mujeres migradas supervivientes de violencia machista” azterlanak. Gai Iberoamerikarren Ikerketa eta Espezializaziorako Elkarteak (AIETI, gaztelaniazko sigletan) eta Red Latinas emakume latinoamerikarrek osatutako taldeak aurten ondu duten ikerketak agerian uzten du indarkeria matxistak modu berezian eragiten diela migranteei: estatu espainolean indarkeria matxistaren ondorioz 2003 eta 2019 artean hildako andrazkoen %33 migranteak ziren. Emakume kanpotarrak «gainerrepresentatuta» daude estatuko genero indarkeriari buruzko estatistiketan. Gizonek hildakoak nola, indarkeria matxistagatik salaketa jartzen dutenen %33 ere migranteak dira. Datuok 15 urtetik gorako emakume populaziora estrapolatuz gero, genero indarkeriagatik 29 hil ziren estatuan bizi den milioi bat biztanle migranteekiko; jaiotzez estatukoak direnen artean, berriz, 5 emakumeri eragin zien estatuko milioi bakoitzeko. «Honek eramaten gaitu baieztatzera genero indarkeriak indar bereziz eragiten diela emakume migratuei», ondorioztatzen du ikerketak. Gainera, andrazko atzerritarrek gainontzekoek baino babesgabetasun maila handiagoa pairatzen dute genero indarkeriaren aurrean. Emakumearen Gaineko Indarkeriaren Estatuko Behatokiaren X. txostenaren arabera, 2006 eta 2016 artean indarkeria matxistak hildako emakumeen %25ek salaketa jarri zuten aurretik erasotzailearen kontra. Soilik migranteak hartuta, %38ra iristen da salaketa jarri zutenen kopurua. Zenbakien atzeko aurpegiak asko dira. Txostenak jaso ditu horietako 19ren testigantzak, bizirik dirautenenak. Patriciarena, adibidez. Ibilbide bakoitzeko oztopoek, zailtasunek eta behar espezifikoek erakusten dute genero indarkeriaren ikuskera estuari nola egiten dioten aurre. Testigantza bakoitzeko indarkeriaren esperientziak oso desberdinak dira, baina, oro har, emakumeen atzerritartasunak eragindako zaurgarritasunak zeharkatzen ditu, baita estatu espainolean laguntza eskatzeko edo babes eta arreta sistemetara sartzeko dituzten oztopoek ere. Babes falta Egitura politiko, sozial, ekonomiko, kultural eta ideologikoen baitan, bakoitzean eta denetan aldi berean, zedarritzen da indarkerien moldea, eta emakume bakoitza desberdin erasaten du. Zaurgarriagoak dira migranteak, zentzu horretan, gainontzeko emakumeak baino, “Tirar del hilo” lanaren arabera. Atzerritartasun Legea, sarri, andrazkoak mehatxatzeko tresna gisa erabiltzen dute erasotzaileek, emakumeak ez dezan hitz egin. Batzuetan biktimek ez dituzte ezagutzen helmuga herrialdeetan indarkeria matxista salatzeko dauden legezko bideak. «Gutxi dira salaketaren, prozesu judizialaren, babes aginduaren eta erasotzailea kondenatzen duen epai irmoaren bidea hartzen duten kasuak. Oro har, hori ez da gertatzen, zenbait emakumek ez zutelako salaketarik egin; eta salatu zutenen artean, alderdi garrantzitsu batek lekukotzat deklaratzeari uko egin zion, eta horrek baliogabetu egin zuen prozedura penaletan funtsezko kargu proba», jasotzen du azterlanak. Lagun edo familia sareak jatorrizko herrialdeetan dituzte askok; horrek laguntza eskatzeko aukerak murrizten dizkie. Eta soluzioak edo, bederen, ihesbideak, zailagoak dira migranteentzako, babes bila doazenean, batetik, agente polizial, juridiko edo sozialen jardun ezegokiarengatik eta, bestetik, babes sistema arrazista batekin egiten baitute topo: «Esan beharra dago esaldi horietako batzuek zabaltzen duten diskurtsoek etnozentrismoaz eta instituzioetan irauten duen klasismoaz ohartarazten dutela: biktimen testigantzak genero, klase eta etnia nagusitasuneko ikuspuntutik entzuten dira». Hori gutxi ez eta, indarkeriazko egoeretatik irteteko laguntza eskatzen duten unetik aurrera emakumeek auzipetze soziala jasaten dute sarri. «Genero indarkeria ezkutukoa da», zehazten du azterlanak. Kasu batzuetan, babes eta arreta baliabideetako profesional batzuek agerian uzten dute ideia hau: «Emakumeak salaketei etekina ateratzen saiatzen direla, edo ezjakinak direla, lehenago gertaerak ez salatzeagatik. Modu nabarmenagoan edo sotilagoan, indarkeriaren erantzule izatea leporatzen zaie». Bestalde, txostenak dioenez, emakume migratzaileek «neurri txikiagoan» jasotzen dituzte genero indarkeriaren aurkako laguntza ekonomikoak: 2006 eta 2015 artean emandako dirulaguntzen hartzaileen %8 soilik ziren atzerritarrak. Bosgarrenean planto Cristinarena da “Tirar del hilo” lanak jasotzen duen beste ahotsetako bat. Kolonbiarra da bera eta gizon espainiar bat ezagutu zuen estatura mugitu zenean. Haurdun geratu zen eta, ordurako, ohartuta zegoen bikotearen jarrera agresibo batzuez. Gaztea zen orduan. Lehenengoz bere bikotearengandik banatzea haurdun zegoela erabaki zuen. Maletak hartu eta ahal zuen gehiena urrundu zen. Erasotzaileak topatu egin zuen, ordea, eta bueltatu egin zen Cristina. Indarkeriak gora egingo zuen aurrerantzean. Haurrak bi urte zituela bortizki egin zion eraso aitak eta orduan berriz erabaki zuen Cristinak alde egitea, harik eta erasotzaileak berriro bueltatzeko eskatu zion arte. Haurrarengatik itzuli zen. Bost aldiz egin zuen alde, eta lau aldiz bueltatu zen. Azken eraso fisikoaren ondoren ez zen gehiago itzuli, jada bi haur zituela. Dioenez, lagunak ondoan izan zituen aurrera egiteko. 30 urte pasatu dira ordutik. «Oso emakume ausarta naiz, guztiarekin, tratu txarrekin, bizipen guztiarekin eta denarekin. Emakume ausarta naiz», dio orain. Estatu espainolean indarkeria matxistaren ondorioz hildako andrazkoen %33 migranteak dira, «Tirar del Hilo» txostenaren arabera Indarkeria matxistagatik hildako emakume migranteen %38k salaketa jarrita zuten erasotzailearen aurka genero indarkeriagatik