GAUR8 - mila leiho zabalik

Hemengoak eta hangoak


Badut herrian Cheikh izeneko lagun senegaldarra. Lagun diot, bestelako adiskidetasunik gabe, berak saltzen baitizkit galtzerdiak, biserak, sukalde zapiak, marka faltsifikatuko galtzontzillo eta bestelako jantziak. Kale saltzailea da eta beste zenbait bezala hortik bizi da, nolabait bizi. Cheikh oso gaztea da eta, bizimodua aurrera ateratzeaz gain, bere ilusioa hango etxekoei noizean behin zerbait bidaltzea da. Ez du haiekiko atxikimendurik hautsiko, sortu den lurrarekiko eta bereekiko fideltasuna. Hainbat urteren ondoren haiek bisitatzera itzuliko da, hegazkin txartela erosteko adina aurrezten duenean.

Cheikh atzerritarra dela esango dugu, ez dela hemengoa, kanpotarra, etorkina. Koloreak, bizimoduak, hizkuntzak nabarmenduko du. Zertan datza atzerrikoa ala bertakoa izatearen aldea? Hemengoa ala kanpotarra?

Hemengo enpresarien buruek esan berri dute, jaiotza tasak beherantz eta populazio zahartzen doan neurrian, langileak eta batik bat langile kualifikatuak faltako direla urte gutxi barru. Ez dela beste aukerarik: jaiotza tasen piramidea aldatu ala etorkinei bide eman. Dagoeneko zaintza edo gaizki ordaindutako zerbitzuetan joera hori ikusten ari garen moduan, gabezia bera industria mundura ere helduko dela aurreikusten da.

Enpresarien buruek ikuspegi ekonomikoa zuten kezkaren iturburu. Gaiak izan ditzake beste hainbat kezka iturri; hala nola formazio edo prestakuntza ereduak, soldata, irabaziak, lan baldintzak eta abar.

Baina badu gai honek herri ikuspegitik kezkatu behar gaituen beste helduleku bat: hizkuntzarena, hain zuzen ere.

Nire lagun senegaldarrak, hemen jaiotako askok bezala, ez du euskara ikasi. Agian etorkizunean, hango edo hemengo prestakuntza tarteko, lanposturen jabe egingo dira, bertaratuko dira, euskara jakitea beharrezkoa dutela inork aitortuko ez dielarik.

Inor ez da ilegala, hangoa eta hemengoa, bertakoa zein kanpotarra, baina herri bezala nor izateko, euskarak gure ezinbesteko lurraldea izan behar du eta hori erabakitzeko botere politikoa behar dugu. •