GAUR8 - mila leiho zabalik

Karrikan kalaka kolokan


Albistearen lerroburua irakurri nuenean, nire lehenengo erreakzioa barre algara bat izan zen. Cadizko herri batek “charla al fresco” deiturikoa Unescoren ondare ez-material izendatzea eskatu du. Grazia egin zidan lehen gauza kakotx artean idatzitakoa da, andaluziarren umore bixi hori... Eta bigarrenik, burura etorri zitzaidan irudia: amona talde bat, euren etxeko atarietan, hondartzako aulkietan eserita hitz eta pitz.

Eta halaxe zen, bai, ez nenbilen oso urruti, finean babestu nahi dutena hori baita: eguneko beroak eta eguzkiak joatean bertako biztanleak kalera atera eta auzoko senide edo lagunekin hitz-aspertuak izateko ohitura ez galtzea.

Jakin-minak bultzatuta irakurtzen jarraitu nuen eta pixkanaka aurpegiko irribarrea desagertzen hasi zitzaidan eskaeraren zergatiak irakurtzean.

Teknologia berrien etorrerarekin, ohitura hau desagertzeraino kondenatzen ari omen da. Gaur egun jendeak nahiago du telebistari, tabletari edo mugikorreko pantailari begira egon aurrez aurreko elkarrizketak izan baino. Ondorioz, usadio hau galtzear dago eta Algarreko alkateari otu zaio, honekin oso kezkatuta, Unescori eskaera egitea.

Larria benetan honaino iritsi izana, eta ez da soilik penintsulako 1.400 biztanleko herri honetan gertatzen den zerbait, errealitate hau nonahi eta gero eta presenteago baitugu. Portzierto, gai honen aukeraketa lagun arteko “frexkurako solasaldi” batean egin nuen. Frexkurarena erraza da gure herrian, baina horrelako elkartzea eta hitz-aspertuak gero eta zailagoak. Altxa ditzagun begiak pantailetatik eta atera gaitezen kalera, plazara, ohitura zahar onak ez galtzeko besterik ez bada ere. •