ETA MAITA HERRIA... (ZORTZIGARREN ATALA)
Xabier espetxetik aterata, Maddirekin ezkonduko da. Idoia eta Patxi bi haurren aita-amak dira. Idoia lanetik bota dute bigarren haurraz erditu ondoren amatasun baja hartzeagatik. Langabezian dago «emazteki izateagatik».
12. JELKALDIA
Adiskideak Herriko ostaturat joan dira, Xabierrek merezi duen batzarriaren egitera eta ber denboran agintzera Xabier eta Maddi ezkonduko direla.
Txalaparta airearekin batera arizale urdinak taularat sartzen dira. Jelki dantzariak eta bertsolaria (erdiko atetik). Besta handia.
Maddi (Xabierri)
134. Iduriz eni dagokit
arra-jitearen berri.
Zer erraten ahal dudan…
Xabier, ongi etorri!
135. Presondegiz presondegi.
Hinkili-hankala ibili.
Zure familia, lagunak...
Zazpi deabru ikusiz.
Xabier (Maddiri)
136. Hilkarrean aritu naiz.
Beti adorea zuketz.
Frankotan ahoan potets.
Maitasuna duzu niketz.
137. Esker mila guzieri.
Espainiako ziegan barda.
Geldiarazi dituztenak
tenore hontako taupada.
Bertsolaria
1. Zure hutsuneak bizitza aldatu
zigun zuritik beltzera.
Baina beltzetik zurira doan
ziaboga hementxe da.
Ogi berria nahiz ez datorren
gose zaharra asetzera
zure egarria libre da eta
ongi etorri etxera.
2. Nahiz eta orain mugi zaitezkeen
haizea bezain libreki
joaten denak nora itzuli
behar izaten du beti.
Ez zaren arren inon egongo
etxean baino hobeki
zuk erabaki ezazu atea
noiz itxi ta noiz ireki.
Hitzak: Sustrai Colina. Airea: Haurtxo txikia negarrez dago.
Gero, dantzariek ohorezko aurreskua dantzatzen dute.
Arizale oro erretira.
13. JELKALDIA
Bizitzeak eta denborak aitzinerat segitzen dute. Idoia eta Patxi bi seme-alabaren aita eta ama izan dira eta lanari lotuak. Nola ez ba? Beti beren sorlekuetarat ahal dutelarik. Idoia bigarren umeaz erditu ondoren eta amatasunaz bajan edo arrêt de travail-ean oraindik delarik, lan egiten duen jantzi-dendarat doa nagusiaren deiari erantzuten.
Jelki taulara Idoia eta Susana (ate urdinetik). Jalki Puy, dendako nagusia, eta jende gehiago (kanpotik).
Puy (dendako nagusia)
138. Aizu Idoia zurekin
eleak behar trukatu.
Ez da ehi erraitea.
Ez zaitut nahi porroskatu.
139. Negozioa tikia da.
Mantentzeko firin-faran.
Ezin horrela segitu
zu baldin bazaude bajan.
140. Zure dretxoak direla
ongixko jakin badakit.
Alta kontratua fini.
Erabakia ez da aisit.
Idoia
141. Hemendik karriketarat
aterako naiz tristeki.
Langabeziarat noa
naizelakoz emazteki.
142. Nora goaz langileak?
Bagara purtzilkeriak?
Esklaboak heldubada?
Aiseriak miseria.
Susana (langilea)
143. Beti berdin guretako.
Hotzikarak bahitu nau.
Nolako ustekabea.
Horrela, banpez eta brau!
Denak erretira.
3. SATANERIA
Jelki oholtzara Kerra eta Pokerra satan gehienak. Iduriz beren “lana” bukatu dute.
Kerra.
144. Langile hauen artean
gaitzaldiak eta herra.
Anartean guretako
dantzatzeko tenorea.
Pokerra
145. Luziferri emaiok
garaipenaren plazera.
Ikustekoa baitik
Patxiren amaiera.
Kerra
146. Hesteak labaintzen zaizkidak
jauzi batzuen egiteko.
Zunbeltzeko bentatik
Larrain-dantzan aritzeko.
Pokerra
147. Inguruko dantzariak
gera ditean bekaizti.
Uxueko apezpikuak
dezala behatza busti!
Kar, kar, kar…
Jelki satanak, guziak. Xiberoako branlea dantzatuko dute. Gero satanak oholtzatik erretira borta gorritik.
14. JELKALDIA
Idoiak umeak haurtzaindegian bildu ditu. Langabea da egun. Etxerat doa osoki deboilaturik, lur jota. Bertan Patxirekin hasten da mintzoan, jantzi-dendan agitu ustekabea kontatuz.
Jelki Patxi, Idoia eta bi umeak (borta urdinetik).
Idoia
148. Saltokitik natorkizu.
Erabat deboilaturik.
Kalera iraitzi naute.
Oinazeetan plegaturik.
149. Gogo etsia banaute.
Samindura kanpora behar.
Norbait aka(ba)tuko nuke.
Kolkoa dut usteltzear.
150. Nolaz ari zitzaidan
jantzi-dendako nagusia!
Sendi nuen nengoela
zakurraren ipurdian.
Patxi
151. Lan hobea badukezu.
“Latsari onari ez zaio
nehoiz falta latsarria”.
Ez gara molda gaur artio?
152. Tristuraz ez kordokatu.
Maitea, gora bihotza!
Bizi nahiari estekatu.
Entzun umeen asotsa.
Idoia
153. Egia duzu amorosa!
Banoa adiskideekin.
Anartean arta haurrak...
ta afaria, otoi, egin!
Idoia karrikara doa adiskideen bila, barrena arintzeko asmoz, eta Patxi etxean geratuko da. Badu zer eginik...
Laurak erretira. Türk andere-gizonak ilkitzen dira ate gorritik.
TÜRK andere-gizonak.
Beltxarga-anderea
I- Haurra duzu negarretan.
Ipurdia zikindurik.
Oihalaren aldatzeko
Nik behinik behin ez gogorik.
La la la la…
Zirlinga-anderea
II- Hara! Mutil, hire txanda.
Hara! Troxen aldatzera.
Belakia, kolonia,
hoa orain xerkatzera!
La la la…
Erregexupit-mutila
III- Sentitzen dinat maitea.
Istantean naun jinen.
Tabakoaren erosteko
ordu bat behar bederen.
La la la…
Oilanda-anderea
IV- Tapalahara ohartu duk
edota halabeharrez?
Uzkian pipermina ote?
Hola, atratzeko banpez?
La la la…
Türkak erretira. Taulada hutsik geratu da.