Mikel Zubimendi Berastegi

Zertarako iritzia eman?

Hori dauka egunkari batean iritzia emateak: ohorea handia da eta erantzukizuna handiagoa. Iritziaren demontrea horixe baita, iritzia ezestean heresia egiten dela, txalo edo txistu plaza publikora atera behar dela behin eta berriz. Izen-abizenez, kontzientziaren jabe beti, zirkua maite badu lehoia ez dela benetakoa jakitun. Zertarako iritzia eman? Nahi, batek nahiko luke eztabaidak piztea, edo perspektibak erakustea, ahal bada posizio bat finkatzea, komunitatea persuaditzea eta erreakzioa adoretzea; hartara, beharrezko diren gaiak zehaztea, ideiak proposatzea, soluzioak asmatzea. Nahiak nahi, ahalegina hori izan ohi da, hortzak izerdi.

Printzipioak dauzkagulako idazten dugu; nire kasuan ez dira pila-pila bat, bizpahiru bakarrik. Barne erresuman ongi errotuak daude eta gida bezalakoak ditut, ez dogma. Jendearen eta bere perspektiben askotarikotasuna ospatzen dut, poz-pozik. Neure txiki-txikian elkarrekikotasuna bilatuz beti, kontaktu erreala. Gure herria eraldatzeko ideia on eta freskoen iturri izatea anbizio noblea da eta ideiak modu interesante, erakargarri eta desafiatzaile batean aurkeztea erronka, ahal den neurrian, arduratsu.

Espezializazio detailatu oso bat duen adituaren iritzia ematea nire ahalmenetik kanpo dagoenez, interes handi bat kultibatzen saiatzen gara, interes zabal eta sakon bat. Hori, eta curriculumetan ez datorren eta Kazetaritza fakultateetan ematen ez den beste zer bat lehenesten saiatuz, eta ahal den neurrian praktikatuz: argi pentsatzeko ahalmena lantzea, konklusioetara iristeko indarra ez galtzea, eta gero eta handiagoa eta exijenteagoa den gure komunitatearen aurrean aurkezteko kuraia atxikitzea.

Adierazteko modu argia, arrazoinamendu sendoa eta eduki interesantea, hori da idealaren oreka naturala. Eta ez, niretzat ere iruzkin eta iritzi guztiek ez dute berdin balio. Anonimatuaren kulturan lege egin da autorea iraintzea. Iritzia ematea librea da, baina horrekin kontent geratu ez eta egileari irainekin erasotzen hastea, modu zuzen eta pertsonalean, hori ez da gizalegezkoa. Paperezkoa ala digitala den egunkari baten Iritzia saileko orrialdeak ez direlako ikastola bateko jolastokia, ez gaudelako zalaparta eta marmarren kakofonia berriak sortzeko, horretatik, zoritxarrez, gehiegitxo egon badagoelako.

Etxe honek iritzi propio eta instituzionala dauka, batzuetan kointzidituko duzu eta beste batzuetan ez. Nor bere iritziarekin, baina, ez da nahi izaten pasiorik gabeko artikuluak egitea, egoera eta berrien errelato orekatu-orekatuak idaztea. Bat ezin delako mugatu laudatzera edo kritikatzera (normalean bigarrena nagusitzen bada ere). Proposatzen eta beste gai batzuk «sartzen» saiatzea beti da ona, ahal den neurrian soluzio eta errezeta kreatiboak eskaintzen.

Niretzat ez dauka ezer txarrik ematen diren iritziak oso ideologikoak izateak. Arriskua guztiz alderdikoiak direnean dator. Horrek ematen du beldurra. Kazetari batek, bestalde, bere iritziak bota baino lehen informatu eta dokumentatu behar du, zintzotasun intelektuala exijitu behar zaio. Eta, noski, jendearen ahotsa anplifikatzeari arreta berezia jarri behar zaio. Baina ez da bere egitekoa, ezta etxe honena ere, aldarrikapen sektorial guztien, tokian tokiko saltsa ororen, erresonantzia kutxa bilakatzea, dauden eta ez dauden txiringito eta txikimundu guztiena. Horiek guztiek ez dute eta ezin dute aldez aurretik laguntza ziurtzat hartu; bestela, akabo. •