GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikasturte berrirako lau etxeko lan xume aukeran


Irailarekin batera abiatu da urte politikoa eta, egiari zor, ez dakar historiara pasatzeko itxura handirik, duela hamar urteko hark bezala. Batetik, pandemiak arreta, erabaki eta liskar guztiak xurgatuko ditu oraindik, beste puska baterako. Bestetik, ez dugu hauteskunderik agerian, ez elkarrizketa mahairik, ez akordio handien esperantzarik, ez mobilizazio agenda potenterik... Basamortuko ibilbide honetan, norbanako gisa gure bizi aurreikuspenak, itxaropenak, ametsak apaldu ditugula bistan da; zeresanik ez herri gisa.

Beharbada horregatik, mantra berri bat ari da hedatzen, telebistako iragarkietatik tabernako solasaldietara: norbera aldatzea omen da mundua aldatzen hasteko modua. Ez naiz ni ekimen pertsonalen zale eta autolaguntzaren fededun, ez eta ‘Tximeleta efektua’ren jarraitzaile ere. Baina tira, totem berri hori ontzat joaz, gauzak dauden maila apalean ez zaigu introspekzio garai honetarako etxeko lanik faltako, tunelaren amaieran bide argiagorik agertu bitartean. Proposamen xume batzuk baino ez dira hauek, udako eskarmentuetatik udazkeneko eginbeharretara bideratuta.

Kontakizunaren bataila etxean hasten da: Terrorismoaren Biktimen Memorialak zer idatzi ekarri digu kazetarioi abuztuko lehortean, eta bolo-bolo ibili dira Meliton, Perret eta abarri buruzko eztabaidak sareetan. Logikoa da, baina memoriaren adreilu hori ez dakit euskal etxea eraikitzeko erabiltzen ari garen, edo soilik errelato bakarra ezarri nahi digutenen aurkako borrokarako. Gehienok zapalduko ez dugu ‘Melitonium’ baino gertuago begiratuta, orain eskoletan ikasturtea hastear dela, zer ari gatzaizkie ikasleei helarazten? Eta zer irakasten ari gara etxean? Tik-tok eta Twitchetik baitzaie helduko…

«Vascos por el mundo» bai, baina…: Azken hamarkadan askotan nabarmendu digutenez, ETAk borroka armatua utzita Euskal Herrira Espainiatik bereziki datozen bisitarien kopurua nabarmen hazi egin da. Ez da hainbeste aipatu, ordea, kontrako norabidean trafikoa ere dexente igo dela, agian polikiago baina hamar urte hauen bueltan ikusgarri. Madrilen euskaraz –eta katalanez– asko entzun dutela kontatu didate abuztuan bertan egon direnek. Berez ez zait ez ona ez txarra iruditzen, baina beraiek hemen eta guk han uzten dugun aztarna ez dela parekoa sumatzen dut. Ez dugu Madril kolonizatzeko gaitasunik –ez eta inolako asmorik ere– baina ez gaitezen behintzat han urtu.

Konfrontazioaren norabidea berreskuratu: Abuztuko egun bakar batean hiru su bizi piztuta ziren herrian: elkarri mokoka zebiltzan ZIUko burua eta bertsolaria birusaren kontura; sindikatu nagusiaren aurka ‘escrache’an talde bat, txertaketa zela eta ez zela; eta bigarren indar politikoaren kontra ironiaz zinema jaialdi nagusiaren zuzendaria, sari baten aitzakiaz. Pentsaera bakarra ez dut nik defendatuko, gauzak ezberdin ikustea zilegi da, baina estatuen kontrako konfrontaziorako indar apurrik geldituko ote zaigu?

Egiteko euskal moduak berreskuratu: Ikurrinetik hasita, euskal ikurrak paisaiatik desagertzen ari direlako kezkatuta dago abertzale asko. Erraza litzateke honekin etxeko lanen bat asmatzea, baina ez dela soilik ikur kontua esango nuke. Beste herrien gainetik izan nahi gabe, ‘euskal balio’ batzuk izan dira historikoki ezaugarritu gaituztenak: auzolana, lanerako grina, lurrarekiko maitasuna, eskuzabaltasuna, zorroztasuna, zintzotasuna... Irakasle batek azaldu didanez, oraingo hezkuntzaren gakoa ez dira edukiak, konpetentziak baizik, gauzak egiteko moduak alegia. •