25 SET. 2021 IRISGARRI ZEIN EZEZAGUN Disc golfa, publiko guztientzako diseinatutako kirola, urtetik urtera, hazten 70eko hamarkadan Kaliforniako hippyek sustatutako kirola, herrialde nordikoetatik hedatu zen Europara. Euskal Herrian 2019. urtean du sorrera data aurreneko klubak, Trapagaranen, eta jada 34 bazkide ditu. Iaz Irrisarri Landen jarri zen lehendabiziko zirkuitu osoa, 18 saskiekin. Inor despistatu ez dadin: disc golfaz ari gara. Oskar MATXIN | FOKU Ane Urkiri Klin. Klin. Klin. Trapagaraneko kiroldegi alboko zelaian paseo bat ematerakoan hots hori gailentzen da. Metalezko hiru saski ere badaude eta txakurra lotzeko jarri dutela pentsatzen du batek baino gehiagok. Baina oker dabiltza. Entzuten den metal hots hori, oraindik hain ezaguna ez den kirol baten hots bereizgarria da. Euskal Herriko lehen kluba 2019an sortu zen, duela bi urte, alegia. Eta hazten doala ezin ukatu. «Edonork edonoiz jokatu dezake», eta horixe da, hain zuzen ere, kirol honek sustatu nahi duen ezaugarria. Disc golf deitzen da diziplina hau eta “frisbee” izeneko diskoekin jokatzen da zelai zabal batean. Euskal Herrian zelai hutsak eduki bai, baina saskiak falta dira eta saski eramangarriak erabil daitezkeen arren, behin betikoekin zirkuituak osatzeko lanean buru-belarri dabil Euskadisc Golf enpresa, Andoni Zenarruzabeitia arduradun dela. Euskal Herrian «hainbeste zelai» edukita, funtsezkoa iruditu zitzaion kirol hau gurera ekartzea. Berak Finlandian ezagutu zuen: «5 milioi biztanle inguru bizi dira Finlandian eta herrialde osoan 800 bat zelai daude, edonon ikus daitezke». Uste du balio integratzaileak sustatzen dituen kirola dela eta beraz, ikusgarritasun gehiago merezi duela. Hain zuzen ere, horretan lanean dihardu 2019tik, lehendabizi enpresa sortu eta bigarren urrats gisara kluba sortu zuenetik. «Enpresa, gehienbat, azpiegiturak instalatzeko da, fakturak egiteko eta abar; baina lehiatzeko, klub batean izena emanda egon behar duzu», azaldu du. Hala jaio zen Cinturon de Hierro Kirol Elkartea –Bilbao Disc Golf Club da izen ofiziosoa, ezagunagoa– eta urtebetean, bazkide kopurua bikoiztu da. «Trapagarango lehen txapelketa egin genuenean 16 ginen eta egun, 34 pertsona gara. Estatu espainoleko bigarren klub handiena gara», dio Zenarruzabeitiak. Zirkuitu ofizial batek 18 saski ditu eta bakoitzak bere hasiera puntua dauka. Hortik saskira ahalik eta jaurtiketa gutxien eginda iritsi behar da parte-hartzailea. Puntu bakoitzera iristeko beharrezkoak diren jaurtiketen estimazioa eginda dago eta beraz, hori baino gutxiago eginda lortuz gero, txartel hobea eskuratuko du jaurtitzaileak. Alegia, golfeko lege berdinak ditu. Golfa du oinarri, baina golfetik aldendu nahi du. «Hain da elitista, hain da zaila praktikatzea... Disc golfean, aldiz, edonoiz eta edonork jardun dezake». Zenarruzabeitiaren adierazpenak dira hauek, saihetsezina baita bi kirolak elkarrizketa berean uztartzea. «Jakina golfetik edan duela: lege guztiak berdinak dira». Ezezaguna da oso disc golf kirola, bai behintzat gurean, nahiz eta duela bi urtetik zenbait saski bistaratu daitezkeen Trapagaraneko zelai txikian. 2020an Euskal Herriko lehendabiziko zelai osoa ere instalatu zuten Irrisarrin eta aurten bertan egin dute Euskal Herriko aurreneko txapelketa ofiziala –Jon Hedreida trapagarandarra izan zen garailea–, PDGA barruan sartuta eta dena. Txobo Vilacidesek harro erakutsi du bere txartela. Duela urte eta erdi hasi zen jokatzen, Andoni Zenarruzabeitia laguna baitu, eta ordutik «harrapatuta» dago. Trapagaraneko zelaian praktikatzen harrapatu dugu bere diskoekin eta bat saskian sartzea ere lortu du. Pozez zoratzen jarri da, baita Zenarruzabeitia ere. Ez da kirol ofiziala Estatuan «Sozializatu, balio onak barneratu, kirol pixka bat egin... Badirudi ezetz, baina nekagarria da. Duela bi aste, esaterako, Irrisarri Landen jokatu genuen Espainiako Kopako jardunaldia eta parte-hartzaile batek 35 kilometro egin zituen; hori, ondo ibili den batek. Diskoa bota eta bila ibili behar bazara, are gehiago», dio Vilacidesek. Berari «berandu» iritsi zaiola dio, 50 urte betetzear baitago baina sikiera, kirol batek «harrapatu» duelako ere pozik dago. «Ibilaldi modukoa izan daiteke, mendi martxa bat. Ogitartekoa eramaten dugu, ikurrina ere bai...», kontatu du barakaldarrak. Bata zein bestea disko hegalariak jaurtitzen dabiltza, ea nork jaurtiketa hobea egin. Ikusgarria da. Erraz egiten dute, baina ez da dirudien bezain erraza. «Ibili ahala, azkar ikasi daitekeen kirola» dela nabarmendu du, ordea, Euskadisc Golf enpresaren sortzaileak eta horrexegatik, hain zuzen, golfetik urrun daudela argitu nahi du. «Golfak belarra motz-motz egotea behar du; hau airetik doanez, berdin du nola dagoen zelaia, alde horretatik, ez da behar mantenu zehatzik. Diskoak merkeak dira, 10-20 euro bitartean daude; edozein adinetako jendeak joka dezake; ez duzu behar ikasketa berezirik, golf zelaietara sartzeko, aldiz, handicap-a atera behar duzu...», saiatu da azaltzen. Alde horretatik, apur bat penatuta agertu da Irrisarri Landeko zelai osoa ordainpekoa izateagatik, «honen xarma edonorentzat eskuragarri izatean baitago». Baina tira, hilabete barru Sestaon hasiko dira beste zelai oso bat instalatzen eta ondoren, Portugaleten. Horiek biak batuko dituen zirkuitua beraz, doan den Euskal Herriko lehendabizikoa izango da. «Ondo dago igandeko txapelketak legez, zelai txikia erabiltzea jendeari ikusarazteko, edo eskoletara joatea, kirola irisgarriagoa izan dadin, baina benetan kirol hau hauspotuko duena gero eta zelai gehiago edukitzea izango da», dio Zenarruzabeitiak. Oraindik Estatu espainolean ez da kirol ofizialtzat hartzen, nahiz eta 2015ean Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartu zuen. «Hemendik 20 urtera kirol olinpikoa ere izan daiteke. Begira zer pasatu den skate-arekin. Hemen ez da ofiziala eta aurten Tokioko Olinpiar Jokoetan egon da», azaldu du. Estatuan, 11 klub daude guztira eta orotara, 12 zelai. Oviedo kluba izan zen aitzindaria eta hura da talde handiena ere. Espainiako aurreneko txapelketa 2012. urtean egin zen baina aurten arte ez da egin Espainiako Koparik; hau da, liga moduko bat ondoren txapelketa nagusia jokatzeko txartela emango dizuna. Ekainean hasi ziren, Oviedon, eta Santiagon eta Igantzin ere jokatu dute jardunaldi bana. Chipionan eta Bartzelonan izango dira azken jardunaldiak. «Larunbat goizean, arratsaldean eta igande goizean jokatzen dira saioak eta bakoitzean egindako puntuazioaren arabera, multzo batera edo bestera zoaz», azaldu du Vilacidesek. Kirola egiteaz gain, sortu den giro ona ere nabarmendu nahi du, «hirugarren zatia» delakoa ospatzeko. Hori da kirol honen balio erantsia. «Horrez gain, aipatu balioak helarazteaz gain, integratzailea izateaz gain, erabakiak ere denon artean hartzen ditugu. Jaurtiketa bat zalantzagarria baldin bada, denok elkartu eta guztion artean erabakitzen dugu diskoa kanpoan geratu den edo barnean». Kaliforniatik Eskandinaviara «Gurean 80ko eta 90eko hamarkadan surfak izan zuen hedapenarekin alderatzen dut. Begira orain zenbat surf eskola dauden; kirol olinpikoa ere bihurtu da», gehitu du. Surfaren sustapena, hain zuzen ere, Kalifornian garatu zen, besteak beste, eta disc golfak ere Kalifornian du oinarria. Zenarruzabeitiak azaldu legez, bertako hippyak disko hegalariekin aritzen ziren, edo zuhaitzetara botatzen edo batak besteari jaurtitzen. Horretaz aspertu, eta zirkuitu bat egitea bururatu zitzaien. Ondoren, “frisbee” delakoen enpresa gehiago hasi ziren sortzen, baita metalezko saskiak egiten zituztenak ere. 90eko hamarkadan iritsi zen Europara, Eskandinaviako herrien bitartez. «Discmaniako Jussi Meresmaa izan zen sustatzaile nagusia», zehaztu du Zenarruzabeitiak. Gero eta enpresa gehiagoren presentzia, hedatzeko gero eta behar gehiago. Eta hala barneratu zen barakaldarra bera Espainiako banatzaile moduan: «DiskgolfPark enpresak Espainiara zabaldu nahi zuen eta nik hemen instalatu nahi nuen: bi nahiak batu ziren». Amateur moduan lehiatzen dira. Espainiako Kopako jardunaldiak irekiak dira –klub batean dagoen edonork parte hartu dezake; Igantzin, esaterako, frantses batek irabazi zuen, baina honentzat ez zen puntuagarri izan Espainiako txapelketarako–. Mailari dagokionez, Euskal Herrian oraindik ere apala dela onartu dute biek ala biek. Nolanahi ere, mundu mailan badaude Pro txapelketak eta halakoetan dirua mugitzen dela adierazi dute. Diru asko, ñabartu dute. «Ameriketako Estatu Batuetan, txapelketa bat irabazte hutsagatik, 20.000 dolarreko saria eramaten du irabazleak eta sailkapenaren arabera ere banatzen da dirua», nabarmendu du Vilacidesek. Zenarruzabeitia harago joan da eta disc golfean kontratu handiena daukan kirolariaren xehetasunak ere eskaini ditu: Paul McBeth da –PDGAko Munduko Txapelketa bost aldiz irabazi du–, eta iaz Discraft enpresarekin hamar urterako hitzarmen bat sinatu zuen, 10 milioi euroren truke. Jendea ere mugitzen du, batez ere herrialde eskandinaviarretan eta AEBetan: «Finlandian jokatu zen Munduko Txapelketan, esaterako, 6.000 pertsona batu ginen Nokia herrian». Bada zerbait. Youtuben kirol honen jokaldirik esanguratsuenak biltzen dituen bideo batek, esaterako, 144.000 ikustaldi izan ditu hilabete baten buruan. Disc golfak bi urte besterik ez daramatza Euskal Herrian, eta urtez urte urratsak egiten joan da. Estatu espainolean ofiziala ez denez, ez dago federaziorik eta beraz, Zenarruzabeitiaren ustez, eman behar duten hurrengo pausoa euskal federazio bat sortzea litzateke. Aurrera doaz. Pausoz pauso, ibilian ibilian. Sestaon eta Portugaleten instalatu behar duten zirkuitu osoa da helburu nagusia. Trapagarango II. Disc Golf Txapelketa Lehen edizioko arrakasta ikusita, Trapagarango Udalak eta Euskadisc Golf enpresak bigarren txapelketa antolatu dute. Bihar izango da. Beste formatu bat izango du, ordea. Iaz, Estatu espainoleko kirolari guztientzako irekia egon zen eta 80 bat lagunek parte hartu zuten. Aurten herrikoiagoa izango da. Kirolaren nondik norakoak azalduko dituzte eta batutako dirua Aspanovas elkartera bideratuko da. Izena emateko, webgunearen bidez egin daiteke (www.euskadiscgolf.com), eta bestela bihar bertan ere bai. Oraingoz, 30 parte-hartzaile daude. Lehiaketa goizeko 10.00etan hasiko da eta 14.00etan bukatuko da. Parte-hartzaileak taldeka aterako dira orduero, Sakaneko zelaietan jarritako zuloen zirkuitura, eta diseinatutako Disc Golf zelaia osatuko dute. Aldi berean, Putting eta CTP (Close To Pin) punteria txapelketa ere egingo dute. Trapagaraneko klubak saski eramangarriak ere baditu eta «zirku ibiltari» moduan, asteburuetan osteratxoak egiten dituzte zelai edo mendi magal desberdinetara Hogei zentimetro inguruko diametroa duten disko hegalariak hasiera puntu batetik metalezko saskian sartzean datza kirola. Zenbat eta jaurtiketa gutxiago behar, hobeto