GAUR8 - mila leiho zabalik

Fantasia fantasia da


Oso ohikoa da fantasia eta desira nahastea. Bi gauza dira eta batak ez du bestea definitzen. Garrantzitsua da hau sendo esatea, nahasteak ondorioak izan ditzakeelako eta, gehienetan, gure buruarentzat kaltegarriak. Baina zer da fantasia?

Fantasia erotikoen ezaugarri nagusietako bat fantasiak direla da. Hau da, imajinazioan zentzua duten egoerak dira, errealitatean ez dutenak zertan zentzurik izan eta hau da duten balio nagusiena. Fantasien munduan ez dago araurik, limiterik, moralik eta, horrenbestez, dena da posible. Egoerak gure buruak kontrolatzen ditu, dena dago guk nahi dugun bezala eta gertatzen den oro, gure esku dago. Gure ekintza eta sentimenduak ez ezik, besteenak ere kontrola ditzakegu eta honek izugarrizko boterea ematen digu. Gure fantasien jabeak gara eta gozagarriak dira. Baina zoritxarrez, fantasiak ez du merezi duen lekua eta sexualitatearekin lotutako beste gai asko bezalaxe, kondenatuak izan dira.

Badago gai honekin lotutako sinismen orokortu bat; fantasiak errealitate bihurtzeko nahia. Askotan entzuten ditugu halako esloganak: Zure ametsak egia bihurtu! Askotan, fantasien kasuan, honek ez du zentzurik. Gure fantasiek ez dituztelako ditugun desirak definitzen eta horiek errealitate bihurtuko bagenitu, imajinatutakoarekin ez luke zerikusi askorik izango. Esan bezala, arau gabeko espazio horretan egiten ditugunek errealitatean ez dutelako lekurik; besteak daudelako, arauak ditugulako, kodeak, emozioak, kontratuak... Fantasiak ez dira desirak eta desirak ez dira fantasiak.

Bi kontzeptu hauek nahastu ez ezik, fantasiak kondenatzera iritsi gara. Errealitatean ditugun kode moralak hartuta, fantasiak epaitzen ditugu eta hala, gure burua epaitu eta kondenatzen dugu askotan.

Har dezagun bortxaketa adibidetzat. Askotan entzun dugu emakume askoren fantasia dela bortxaketa eta argudio hori erabili izan da gizon askoren jarrera justifikatzeko. Demagun egia dela, bortxaketarekin fantaseatzen dudala. Imajinatzen dudan eszena horretan nik aukeratzen dut non gertatzen den, zer argi dagoen, zer arropa dudan jantzita, dagoen usaina, bortxatuko nauen pertsonaren itxura eta ezaugarri guztiak. Nik nahi dudana egiten dit, nik nahi dudan bezala, nik nahi dudalako eta modu konkretu batean sentiarazten nau. Eraman dezagun orain errealitatera. Bortxaketa bat izateko, ez dago onespenik, nik ez dut leku horretan egon nahi, pertsona horrekin egon nahi, egiten didana egitea nahi, sentitzen dudana sentitu nahi, botere desoreka dago, sufrimendua dago. Ez dira gauza bera, ezta?

Eta hemen dator gure buruari egiten diogun hurrengo epaia; bortxaketa bada dudan fantasia, benetan bortxatua izan nahi dudala esan nahi du? Ez. Horrekin pentsatzeagatik gaixo nago? Ez. Pertsona txarra naiz? Ez. Fantasian egiten dudana, errealitatean egingo dudala esan nahi du? Ez. Ezinbestekoa da gauzak bere tokian jarri eta ulertzea. Fantasian guztiz askeak izan gaitezke eta errealitatean ardura agertzen da. Harreman erotikoetan kode eta akordioak ditugu, bestea ezinbestekoa da, beraz, autorregulazioa martxan jartzen da. Fantasian bakarrik egonik, aske imajinatu eta eman duen balio eta garrantzia, zentsurarik gabe. •