India ez da soilik Bollywood
Urtean ekoizten diren film eta telesail kopuruari erreparatuz gero, Indiako zinema industria munduko garrantzitsuenetakoa dela ohartuko gara segituan. Filmen edizioari dagokionez, adibidez, Asia eta Ozeano Bareko irabazien %73 kontabilizatzen dute. Ez hori bakarrik, indiarrak nazioartean zinemara gehien joaten diren herritarrak dira (ia 23 milioi egunero) eta inongo erreparorik gabe, ekoizpen bera zortzi aldiz ikusteko gai dira. Baina datu harrigarri horiez gain, Bollywood zer den galdetuko banizue, ziur naiz gehienok erantzun irmo bat emateko gai zinateketela: «Indiatik datorren zinema mota, dantza eta musika ardatz dituena eta istorio nahiko ulertezinekin eraikitakoa». Horrelako zerbait esango zenukete, ezta? Gaurko testua, beraz, bi helburu nagusi betetzeko idatzi dut: zuetako gehienok duzuen ikuspegi hori ezabatzen saiatzea, eta batez ere, izenburu konkretuak aipatuz, Indian Bollywooden «arauetatik» kanpo kokatzen diren film zein telesailak ere badaudela frogatzea.
Kalitatezko telesailak
Netflixek, AEBetatik kanpo arrantzatzeko egiten dituen mugimenduen artean, nabaria da Indian egiten ari den apustua eta bertako ekoizpenetan inbertitzeko ahalegina. Horren adibide, honako hiru telesailak:
«Sacred Games»
Netflixek Indian ekoitzi duen lehen telesaila duzue honakoa. Vikram Chandraren eleberria pantailaratzeko baliabide ugari behar ziren, eta nabaria da «N» gorriaren enpresak egindako inbertsioa. Saga kriminal ikusgarria da, herrialdeko historiako une garrantzitsuenetara jauzi egiten duena, Indira Gandhiren hilketa edo Meskitaren eraispena kasu. Anurag Kashyap –gero aipatuko dudan “Gangs of Wasseypur” film bikainaren egilea– zuzendariak bere estilo zinematografikoa ezin hobeto txertatu du lehen denboraldi txukuna osatzeko. Bigarrena, berriz, ahulagoa eta nire ustez ez ezinbestekoa, Neeraj Ghaywanek (“Masaan”) zuzentzen du bere osotasunean.
«Delhi Crime’»
Delhiko neska gazte baten bortxaketa bortitzean oinarritutako drama kriminala. Kritikak gehien goraipatu duen Indiako telesailetako bat da. Egituraren ardatza eraso horren ondorioak dira; izan ere, herrialde osoan protestak eragin zituen urteetan zehar. Vartika Chaturvedik, Poliziaren komisario laguntzaileak, errudunak kartzelara eramateko lana du, eta telesailak bere historia jarraitzen du. Shefali Shah industriako beteranoak zuzenduta, “Delhi Crime” ikuskizun xurgatzaile eta gogorra da, Indiako poliziaren eta emakumeen egoerari buruz sakonki hausnartzen duena.
«Ghoul»
Patrick Grahamek idatzi eta zuzendutako beldurrezko miniseriea. Telesaila Indiako etorkizun distopiko batean girotuta dago, non terrorista beldurgarri bati ezkutuan galdeketa egingo zaion, eta horrek naturaz gaindiko gertaera beldurgarri batzuk eragingo dituen. Erlijioaren, gizarte aldaketaren eta beldurraren irudikapen liluragarriak modu subertsiboan eta nahiko argian islatzen dituen ekoizpen bitxia. Radhika Apte eta Mahesh Balraj aktoreek ere goraipamenak jaso dituzte beren lan bikainengatik.
Zinema industria
Telesailen industrian apurka beren tartea topatzen ari diren arren, zazpigarren artean urte mordoa daramate nabarmentzeko moduko lana egiten.
Kollywood, Tollywood eta Bollywood. Lumiere anaiak 1896an India bisitatu zuten arren, lehen film indiarrari buruz hitz egiteko 1913. urtera egin behar dugu jauzi, Dadasaheb Phalke zuzendariaren “Harishandra” filma aipatzeko, hain zuzen. Gai mitologiko bati buruzko kontakizuna da, gaur egunera arte, bertako zinemaren oinarrizko gaia bilakatu dena. Indiar zinemaren sorrerari dagokionez, zertzelada txiki hori soilik aipatu nahi nuen. Nire asmoa ez baita zuek aspertzea, sarean erraz topatuko baituzue urtez urteko informazio zabala. Horregatik, lehen urratsa Indian kokatzea izango da; mapa eskuan hartu, eta batez ere, bertako kultura aztertzea. Ezinbesteko urratsa baita, Indiatik datorren zazpigarren artea ulertzeko.
India munduko bigarren estatu jendetsuena da. Biztanleriaren %81,5 hindua da, baina munduan musulman (%12,2) gehien duen bigarren estatua da, Indonesiaren atzetik. Etnia eta erlijio anitzeko herrialdea da, arraza eta etnia askoren igarobide nahiz pausaleku baita. Hizkuntzei dagokienez, 22 mintzaira ofizial ditu, nagusiak hindia eta ingelesa diren arren. Hain denez zabala herrialdea, gune desberdinetan banatuta dago. Iparraldetik hegoaldera, adibidez, hizkuntzak ez ezik, ohiturak ere zeharo aldatzen dira. Hori guztia kontuan izanda, nola pentsa genezake bertako zinema Bollywood baino ez dela? Gizarte eta politika antolakuntzan, hizkuntza, kasta eta erlijioa erabakigarriak badira, nola ez du ba horrek guztiak eragina izango istorioak jorratzerako orduan? Eta batez ere, nola ez da industria zinematografikoa zatikatua egongo? Hain zuzen, hiru nukleo eta zinema sortzeko modu topa ditzakegu: Tollywood, Kollywood eta, jakina, Bollywood.
Tollywood India ekialdean egiten den zinema mota da, Kalkutan sortua eta telugu hizkuntzan errodatua. Sortzen lehena izan zen arren, ekoitzitako filmak ez dira bizilagunenak bezain esportagarriak, aurrekontu murritza izan ohi dutelako, eta batez ere, hizkuntzak traba moduko bat sortu duelako. Tradizionalki, indiar kulturan eta mitologian oinarrituriko istorioak izaten dira, eta ekoizpen fantastikoak ugariak dira. Hala, Satyajit Ray zuzendaria aipatzea ezinbestekoa iruditzen zait, Indiako zinemak emandako zinemagilerik bikainenetakoa. Ziurrenik, Mendebaldean gehien ezagutzen duguna. Jean Renoir zuzendariarekin lanean aritu zen “The River” (1945) filmean. Neorrealismoaren eragina izan zuen hasieran. “Pather Panchali” (1955), “Aparajito” (1957) eta “Apur sansar” (1959) filmek osatutako trilogian, Apu izeneko indiar baten bizitza kontatu zuen, eta bertako gizartearen aldaketak eta erlijioaren eta liberalismoaren arteko gatazka adierazi; Cannesen saritu zuten, eta ospe handia izan zuen nazioartean.
Kollywood India hegoaldeko Chennai hirian egiten den zinema mota da, eta tamil hizkuntza darabilte. Sri Lanka inguruan garatzeak asko lagundu dio zinema mota honi Asiako gune geografiko handiagoetara iristen. Bi genero nabarmendu beharko banitu, akzioa eta umore basatia lirateke. Rajinikanth aktore ezaguna eta Chiranjeevi pertsonaia bitxi, xelebre eta sailkaezina, adibidez, bertatik irten dira. Hori bai, ekoizpen gehienak zekenak eta nahiko narrasak direla esatea ere bidezkoa iruditzen zait. Bi izen horietako bat Youtuben bilatu besterik ez duzue zeri buruz ari naizen ulertzeko.
Eta azkenik, jakina, Indiako zinemaren adarrik komertzialena: Bollywood. Hindi hizkuntzan egiten dute, eta Mumbai hiria da industriaren erdigunea. Hasieran aipatu ditudan zifra horiez gain, drama eta maitasun istorioak jorratzen dituzte nagusiki. Komertzialtasun horretatik tiraka, eta nazioartera zabaltzeko erraztasun gehiago lortze aldera, aipaturiko bizilagunen istorioak kopiatzen ere jakin izan dute, Hollywoodek beste herrialdeetako zinemarekin egiten duen antzera.
«Gangs of Wasseypur»
Sari (milioika emakumek erabiltzen duten jantzi tradizionala) bat soinean duen neska gaztea azalduko da pantailan. Dantzatzen eta abesten. Gure begien aurrean, Bollywoodeko film klasiko baten elementu guztiak ageriko dira. Pixkanaka, kamera urruntzen hasiko da, eta saio musikala telebista baten barruan giltzaperatuta dagoela ohartuko gara. Pantaila txiki horren aurrean, sofan eserita, Indiako familia tradizional bat ikusiko dugu. Filmaz gozatzen ari diren unean, tiro segida batek etxebizitza birrinduko du, eta guztia pikutara bidaliko du..
Hasieran esan bezala, sarrera berri honen helburua zuetako gehienon okerreko pentsaera ezabatzea denez, haustura hori ezin hobeto irudikatzen duen film batekin amaitzea erabaki dut: topiko guztiez barre egiten duen eszena musikal horren ostean, hasieratik karta guztiak erakutsiko dizkigun “Gangs of Wasseypur” bikaina. Ala askok bataiatu duten bezala, “Godfather indiarra”.
2012ko Cannesko jaialdian estreinatu zuten film basatia, Anurag Kashyap zuzendariaren eskutik. Bi zatitan banatuta dago (guztira 5 ordu baino gehiago irauten du), eta nazioartean Indian baino oihartzun zabalagoa lortu zuen. Istorioa 2004an kokatzen da, Wasseypur herrixkan. Talde mafioso bat, metrailetak, granadak, mendekua, suntsipena, zinema beltza, akzioa… Ez ditugu dantzak, muxutxoak eta loreak ikusiko. Eta ikustekotan, odolez bustita ala birrinduta egongo dira. Tarantinoren ukituekin zipriztinduriko uneak bizitzeko aukera ere eskainiko digu filmak. Bai, hala da, Tarantino gustuko baduzue eta “Godfather” filma ezinbestekoen zerrendan baduzue, ez galdu ekoizpen hau. Hori izango baita etengabe arnastuko duzuen lurrina. Liburuxka turistikoetan azaltzen den Indiarekiko oso desberdina den herrialdea ikusteko aukera izango duzue. Gizarte kritika zabaltzeko asmoz, ustelkeria, krimenak eta delinkuentzia uztartuko dituena. Hori bai, kritika hori, trebetasunez, edertasun estetikoz eta umore beltz sotilez estalita egoteak filma ia nahi gabe irenstera eramango gaitu. Aipatutako topiko guztiak pikutara bidaltzen dituen lan paregabea, zuen aurreiritzi guztiak xahutuko dituena.