GAUR8
KLIMA ERREFUXIATUAK

Peru eta Bangladesh klima aldaketak eragin dituen errefuxiatuen erakusle dira; Australian, indigenek auzitara jo dute

Munduan, 2008 eta 2020 artean, 55 milioi pertsonak emigratu behar izan zuten hondamendi naturalen ondorioz. Uholdeek lekualdatzeen %49 eragin zituzten, ekaitzek %37,4, lurrikarek %10,5, suteek %1,05, lehorteek %0,74 eta sumendiek %0,55. Gaia asteburu honetan hasiko den Glasgowko COP26 gailurraren mahai gainean egongo da.

Marilyn Cahuanak negarrari eman dio bere lastozko etxean Peruko iparraldean kokaturiko basamortuan. «Hemen berriro zerotik hasi behar izan dugu», adierazi dio AFP albiste agentziari. 2017an, «El Niño Costero» izenez ezagutzen den klima fenomenoak eragindako euri jasen ondorioz etxea eta ogibidea galdu zituen, milaka perutar bezala. Euriteen eta uholdeen ondorioz, 101 pertsona hil ziren, beste 353 zauritu eta 19 desagertu. Beste 300.000 pertsonak beste leku batera bizitzera joan behar izan zuten. Askok Lima hiriburura jo zuten, baina Cahuana Piruatik gertu, Ekuadorreko mugan, eraiki zuten Santa Rosa babeslekuan bizi da bere egoera berean dauden beste 2.000 familiarekin batera. Defentsa Zibilak lastozko etxeak eta karpak ipini zituen Santa Rosan 2017an, Panamericana errepidearen albo batean, Limatik 980 kilometrora.

Nostalgiarekin gogoratzen du lehengo bizimodua. Bere herria erabat desagertu da euriteengatik. «Han nire gauza guztiak nituen, lasai bizi ginen, baina euriteek den-dena eraman zuten», azaldu du 36 urteko Cahuanak. «Lehen oinarrizko zerbitzu guztiak genituen, eskola, osasun etxea eta uzta gertu genituen, guztia genuen eskura. Jada bost urte daramatzat hemen bizitzen, egurats gorrian», gaineratu du bere 40 urteko senarrak, Leopoldo Namuchek. «Egoera hau ez genuen aurreikusita, ‘El Niño’ fenomenoarengatik gaude hemen».

Cahuana-Namuche familia dagoen kanpalekutik bost kilometrora, San Pablo babeslekua dago. Santa Rosakoa bezala behin-behinekoa izan behar zuen, baina 600 familiaren behin betiko aterpe bilakatu da. Ez batean ez bestean ez dago argindarrik, ur edangarririk edo estolderiarik. Ura putzuetatik ateratzen dute eta ur horrekin uztak ureztatzen dituzte. Etxe bakoitzaren atzean komun bat dago. Gauez, bizilagunek kandelak edo ibilgailuen fokuak erabiliz argiztatzen dute iluntasuna.

Osasun etxerik ez dagoenez, gaixoak ordu erdira dagoen Catacaos herrira eraman behar dituzte autoz edo mototaxi batean. Eraikin finko bakarra haurtzaindegia zen, baina pandemiaren ondorioz itxi egin dute. Era berean, aldi baterako zabaldu zuten eskola itxita dago, 2020ko martxoaz geroztik umeek ez dute klaserik eta ez dute baliabide teknologikorik eskuragarri klaseak online jarraitzeko.

«Estatuak erabat ahaztu gaitu», kexatu da Leopoldo Namuche. Lehen lurra lantzen zuen; orain, bizilagunak mototaxian eramaten ditu. Bere emazteak kozinatu eta bizkotxoak saltzen ditu. Ahateak, indioilarrak eta txerriak hazten dituzte euren hiru seme-alabei jaten emateko. Laugarrena laster jaiotzear dago.

Hiru aldiz etxerik gabe

Bangladeshen, bi milioi herritarrek euren bizilekua utzi eta Dacca hiriburuko bazterretan babeslekua bilatu dute uraren mailaren igoeragatik. «Gure etxea erabat desagertu zen uholdearekin. Gogoan dut ibaiaren orroa; minutu gutxitan etxearen teilatua desagertu egin zen. Uztarako genituen lursailak ere erabat irentsi zituen urak. Ez zen deus ere gelditu», deskribatu du 35 urteko Bibi Salmak. Daccatik hegoalderantz 300 kilometrora dagoen Bhola irlan bizi zen. Hamar metro karratuko logela batean bizi da Mohammad Ali Asgar senarrarekin eta lau seme-alabekin. Lapiko batzuk besterik ez dute, eta guztiek batera lo egiteko koltxoi bakarra. Hiru alditan gelditu dira etxerik gabe muturreko euriteengatik. Laugarrenez etxea eraikitzeko beste mailegu bat eskatzeko gaitasunik ez zutenez, Daccara joan dira.

1970ean, Zikloi Handiak Bhola astindu zuenean Asgarren aitona-amonak, osaba-izebak, segundo gutxitan hil egin ziren urak harrapatuta, Asgarren aitaren begien aurrean. «Nire aitak ezin izan zuen sekula onartu horrelako tragedia bizi izana», aitortu du malko artean. Zikloiak eta uholdeak gero eta maizago gertatzen dira 167 milioi biztanle dituen Asiako herrialde honetan.

Indigenen helegitea Australian

Australiako iparraldeko uharteetako indigenek demanda historiko bat aurkeztu dute Estatuak klima aldaketatik babestu ditzan. Itsasoaren igoerak euren bizimodua eta kultura arriskuan jartzen dituela eta klima aldaketaren lehen lerroan daudela argudiatu dute euren eskaeran. Gobernu australiarrak berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa nabarmen murriztea eskatzen dute, aitzitik, errefuxiatu klimatikoak izateko arrisku bizia duten Boigu eta Saibai irletako biztanleek. Australiako indigenek klima aldaketa dela-eta aurkezten duten lehenengo demanda da. Nazio Batuen Erakundearen aurreikuspenen arabera, 2030erako tenperaturak 1,5 gradu zentigrado igoko dira eta hori gauzatzen bada, Torres itsasarteko 274 uharteetako batzuk ez dira bizigarriak izango.