20 NOV. 2021 HAURREN AURREAN HELDUOK HELDU «Zer ikusi, hura ikasi», hain sinple eta hain garrantzitsu Haurrak euskaraz egitea garrantzitsua da. Helduek haurrei euskaraz egitea garrantzitsua da. Baina hori bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da helduek haurren aurrean euskaraz egitea, haurrak ikus dezan eta ikas dezan euskara egunerokorako jantzi dezakeela, euskaraz egitea naturala dela, arau soziala. Amagoia Mujika Haurrak ez du hizkuntza bakarrik ikasten, hizkuntza hori erabiltzeko modua ere ikasten du; non, noiz, norekin... Eta hizkuntzaren sozializazio hori –beste gauza gehienak bezala– inguruan dituen helduei begira ikasten du. «Zer ikusi, hura ikasi», hain sinple, hain zail eta, batez ere, hain garrantzitsu. Euskaltzaleen Topaguneak mahai gainean jarri duen azken ariketa sozialak –azaroaren 22 eta abenduaren 5a bitartean Euskal Herriko kasik ehun tokitan martxan jarriko denak– gogoeta horixe piztu nahi du haurren inguruan dabiltzan helduen baitan: zer-nolako hizkuntza ohiturak dituzu haurrak aurrean daudenean? Izan ere, helduen hizkuntza portaera horiek eragin zuzena daukate haurrengan, bai ikasteko prozesuan eta bai erabiltzeko ohituretan. Hartara, helduen kontzientziazioa eta sentsibilizazioa piztu nahi ditu ekimenak, haurrak aurrean daudenean euskara gehiagotan eta gehiagorekin erabil dezaten. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizen hitzetan, «ekimenaren izena irakurrita, denok dakigu zertaz ari garen; haurrak euskaraz ari dira agian, baina haien aurrean gurasoak, irakasleak, begiraleak, entrenatzaileak... erdaraz ari dira haien artean. Egunero errepikatzen den egoera bat da eta egoera horri erantzutera dator ekimena». Abiapuntua garbia da: haurrek euskaraz egingo dute, batez ere, ingurunean euskaraz egiten dela ikusten baldin badute. «Arau soziala euskara baldin bada, haurrak arau horretara egokitzen dira eta euskaraz egiten dute. Baina arau soziala gaztelera edo frantsesa baldin bada, haurrek ikusten dute inguruko heldu guztiak erdaraz ari direla eta, haurrak euskaraz ari badira ere, une batetik aurrera erdaraz egingo dute. Haurrei euskaraz egitea oso garrantzitsua da, baina horrekin batera, hori bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da haurren inguruan dauden helduek euskaraz egitea, haurrak ikus dezan bere ingurunean arau soziala euskara dela». Ez gatoz hutsetik, Amonarrizek aurreko belaunaldiek egindako lana nabarmendu nahi izan du. «Aurreko belaunaldiek egin zuten ahalegin ikaragarriari esker, belaunaldi gazteek euskaraz ikasi dute. Une honetan, haurrak eta gazteak dira euskaraz gehien dakitenak eta kaleko erabilera neurketetan euskaraz gehien egiten dutenak. Hori lorpen handia da. Bide horretan pauso horiek onak eta itxaropentsuak badira ere, dinamika horiek indartuko baldin baditugu, ezinbestekoa da urrats bat aurrera egitea. Ez bakarrik haurrek eta gazteek euskaraz ikastea, ez bakarrik beraiei euskaraz zuzentzea, baizik eta beraien ingurunea euskalduntzea». Urrats bat egiteko garaia Topagunean garbi daukatenez, hizkuntzaren biziberritze prozesuak hurrengo hamarkadetan erabileraren inguruan urrats sendoak egingo baldin baditu, ezinbestekoa da haurren eta gazteen inguruneak euskalduntzea. Hasiera-hasieratik, euskaraz egitea. «Proposatu dugun ariketa soziala norabide horretan doa, baina administrazioek ere –udalek bereziki– sekulako erantzukizuna daukate dagoeneko euskaraz dakiten haur eta gazte horiei zuzenduriko ekintzak eta zerbitzuak defektuz euskaraz eskaintzeko. Hurrengo hamarkadan bi puntu horiek klabeak izango dira; haur eta gazteen ingurune hurbilaren hizkuntza portaera eta administrazioaren jarrera». Hizkuntza portaerari begira, hezkuntza eta aisialdia mahai horren bi hanka garrantzitsu dira. Izan ere, gertatzen dira egoera aldrebesak. Esaterako, kirol jarduera batzuetan, haurrak eta entrenatzailea euskaldunak izan arren, azalpenak erdaraz izatea. «Ariketa sozial hauen helburu garrantzitsuena inertziak puskatzea da, hizkuntza ohiturak aldatzea. Horrek hausnarketa bat eskatzen du, errealitateaz jabetzea eta aldaketarako mekanismoak izatea. Uste dugu une egokia dela hausnarketa horiek bultzatzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko. Ariketa honetan horregatik ez gara mugatu gurasoetara. Ariketa honen hartzaileak dira haurraren ingurunea osatzen duten kolektiboak eta hor sartzen dira aisialdian zerikusia duten elkarteak edo talde antolatuak. Hor kirolak garrantzi berezia hartzen du eta egia da kirol batzuetan aurrerapausoak ematen ari direla, baina futbola dela aurrerapausoak emateko zailtasun gehien azaltzen duen alorretako bat. Eta ezin dugu ahaztu gaur egun Euskal Herriaren zati handi batean haur eta gazte guztiek gutxienez euskara ulertzen dutela. Leku askotan ez dago inolako arazorik begiraleek euskaraz egin dezaten. Baina horretarako erabakiak hartu behar dira, dauden inertziak puskatu eta hezitzaileak prestatu behar dira, bai hizkuntza aldetik eta bai jarrera aldetik. Iruditzen zaigu horretarako unea iritsi dela». Inertziak, hain sotilak eta hain indartsuak, konturatu gabe eta ohituraz egiten direnak. Eta haurraren inguruko asko harritu egiten da; «nori ikasi ote dio hori?». Akaso galdera egin duen horri berari. «Hitzaldiak ematen ditudanean, askotan galdetzen diet bertaratutakoei zergatik uste duten ez dela euskaraz egiten beren ingurunean euskara gehiago erabili daitekeen kasuetan. Erantzun ohikoenak beti-beti berak dira; ohitura edo inertzia. Gero aztertu behar dena da ohitura edo inertzia horren azpian zer dagoen. Baina funtsean hiru arrazoi nagusi aipatzen direla esango nuke; ezagutza maila, kontzientziazioa eta moda, ingurukoen jarrera... Horrek zerikusi handia dauka espazioak euskalduntzearekin, euskaraz egingo den arnasguneak ugaltzearekin. Eta hor administrazioaren eta gizarte eragileen ardura handia da». Ezagutza badago eta kontzientziazioaren suari egurra bota behar zaio. Aktibazioa falta da, eginbeharretan zailena akaso? «Askotan bai. Inertziek askotan uste baino indar handiagoa dute. Inertzien azpian zer dagoen identifikatu behar da eta hortik abiatuta aukerak identifikatzen eta jendea ilusionatzen asmatu behar da. Jendeak gai honen inguruan hitz egin behar du, adostasun batzuetara iritsi behar du eta hori da ariketa sozial hauek eskaintzen dutena; hizkuntza ohitura horiek aldatzeko aukera bat». Ariketa sinplea «Ariketa sinplea da proposatzen duguna, 0-12 adin tarteko haurren inguruan dabiltzan helduei bideratutakoa: gurasoak, senideak, irakasleak, jangelako begiraleak, bestelako hezitzaileak... ulertzen dugu horiek daukatela haur eta gaztetxoengan eragin eta eredugarritasun handiena. Hori izango da gure xede taldea», azaldu du Goiatz Urkijok, ekimenaren koordinatzaileak. Ariketan parte hartzera animatzen direnek lehenik eta behin galdera bat egin behar diote beren buruari: norekin alda ditzaket nire hizkuntza ohiturak haurrekin partekatzen ditudan espazio eta ekintzetan? Norekin indartu ditzaket? «Behin hausnarketa hori eginda, hizkuntza ohiturak aldatzeko aukeratu dituzten heldu horiei ariketa proposatzea da bigarren pausoa; ariketa azaldu eta parte hartzera animatu. Hirugarren pausoa ere garrantzitsua da: inguruan ditugun helduei zertan ari garen eta zergatik kontatzea». Behin hausnarketa eta prestaketa lanak eginda, azaroaren 22a eta abenduaren 5a bitartean jarriko da martxan ariketa. «Ariketa egiteko modu desberdinak daude. Batetik, euskaraz ondo moldatzen bagara, lehen hitza euskaraz egitera gonbidatzen du ariketak: euskaraz dakiten ezagun zein ezezagunekin eta ulertzen duten guztiekin, euskarari eustea. Bestetik, ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak baditugu, inguruko helduei eskatuko diegu gurekin euskaraz egiteko. Horixe da praktikan ariketan egin beharrekoa». “Haurren aurrean helduok heldu” ariketak irauten duen bitartean, ekimena aurrera eramateko guneak identifikatuta egongo dira. «Ariketa egiteko gune babestuak sortuko ditugu. Ariketan parte hartuko duten toki guztietan ariketa egiteko espazioak identifikatu dituzte. Espazio informalak lehenetsi ditugu; herrietako plazak, terrazak, parkeak, eskola kanpoaldeak... eta etxea ere izan daiteke ariketa egiteko gune», azaldu du Urkijok. Ekimenaren iruditegiaren bitartez markatuko dira espazio horiek eta mesedegarri izan daitezke ariketa gogorarazteko. Haurren inguruan dabiltzan gurasoek askotan «mezu kontraesankorrak» ematen dizkiete haurrei: «haurrak, egin euskaraz» agintzen diete, baina haiek zer hizkuntza darabilte? «Gutxienez horren inguruko gogoeta piztea bada helburua. Pare bat buelta eman behar diegu hizkuntza ohitura horiei eta eredu izan behar dugu, umeek helduek egiten dutena imitatzen dutelako. Erreferente koherenteak izatearen garrantzia nabarmendu nahi dugu». Hizkuntza portaera horiek ez ezik, haurrekin partekatzen den aisialdian egiten diren hautuak ere koherenteak izatea bultzatu beharko litzateke Urkijoren ustez, «umeek ikus dezaten euskaraz egitea ohikoa eta naturala izan daitekeela alderdi desberdinetan, ez soilik eskolan edo etxean. Euskarazko espazioak eskaini behar dizkiegu haur horiei». “Haurren aurrean helduok heldu” ariketa sozialak bi alderdiak ditu; sinplea eta zaila da aldi berean, inertziak uste baino zamatsuagoak direlako. Eta, era berean, euskararen etorkizunari egin dakiokeen mesedea handia da. «Badakigu ez dela hain ariketa erraza. Garbi daukagu hizkuntza ohiturak ez direla egun batetik bestera aldatzen. Indarrak batu behar dira eta horregatik antolatzen ditugu ekimen desberdinak. Euskaraldia da horietako bat eta hau, ‘Haurren aurrean helduok heldu’ puntualagoa da, eremu mugatuagora bideratua». Topagunean garbi daukate ekimen guztiak beharko direla hizkuntza ohiturak aldatzeko, orokorragoak eta puntualagoak. «Soziolinguistei behin eta berriro entzuten diegu: hizkuntza bat biziberritu edo indarberritu nahi badugu, hurrengo belaunaldiek egin behar dute eta ulertu behar dute ohikoa dela euskaraz bizitzea. Hori da ekimen honekin erakutsi nahi duguna; euskaraz egitea ohikoa izan daitekeela eta horixe da gure hurrengo belaunaldiei utzi behar diegun arau soziala». Oraingoz Euskal Herri osoko laurogeita hamar herri baino gehiago batu dira ekimenera eta dagoeneko beste toki askotatik jarri dira harremanetan Topagunearekin, aurrera begira ariketa soziala beren ingurura eramateko asmoa erakutsiz. Pozik daude harrerarekin, pandemia osteko egoera korapilatsu honetan herri asko animatu direlako. «Ezinbestekoa da urrats bat aurrera egitea. Ez bakarrik haurrek eta gazteek euskaraz ikastea, ez bakarrik beraiei euskaraz zuzentzea, baizik eta beraien ingurunea euskalduntzea» «Soziolinguistei behin eta berriro entzuten diegu: hizkuntza bat biziberritu nahi badugu, hurrengo belaunaldiek egin behar dute eta ulertu behar dute ohikoa dela euskaraz bizitzea» ARABA • Bastida• Gasteiz• Gorbeialdeko Kuadrilla (Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia).• Trebiñuko Barrendegia (Trebiñu eta Argantzon) BIZKAIA • Arrigorriaga• Barakaldo• Bermeo• Berriz• Deustualdea• Durango• Elorrio• Enkarterri (Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla).• Erandio• Etxebarri• Gatika• Gernika-Lumo• Getxo• Izurtza• Larrabetzu• Maruri-Jatabe• Ondarroa• Orozko• Portugalete• Sestao• Ugao • Zeberio GIPUZKOA • Arrasate• Bergara• Deba• Donostia• Eibar• Elgoibar• Eskoriatza• Gabiria• Hernani• Irun• Lazkao• Legazpi• Legorreta• Oiartzun• Oñati• Ordizia• Tolosaldea (eskualde mailan antolatuko dute eskualdeko hainbat herritan)• Urretxu-Zumarraga• Zegama• Zumaia• Mutriku • Zeberio NAFARROA • Altsasu• Araitz • Atarrabia• Etxarri Aranatz• Lakuntza• Olatzagutia • Zangoza• Zizur Nagusia IPAR EUSKAL HERRIA • Hainbat eragileren eskutik sektorialki antolatuko dute ekimena • Altsasu• Araitz • Atarrabia• Etxarri Aranatz• Lakuntza• Olatzagutia • Zangoza• Zizur Nagusia Ipar Euskal Herria • Hainbat eragileren eskutik sektorialki antolatuko dute ekimena