GAUR8 - mila leiho zabalik

Filosofiaren defentsan


Pasa den azaroaren 19an hamarnaka filosofia ikasle eta irakaslek prentsaurrekoa egin zuten Donostiako Filosofia Fakultatean. Zera salatu zuten: Espainiako Gobernuak proposatu duen hezkuntza-lege berriak irakaskuntza-orduak gutxitu dizkiola, berriro ere, filosofiari. Bai, berriro ere. Altura hauetan, harritzekoa dena da oraindik ere murrizteko ordurik geratzen zaiola filosofiari Bigarren Hezkuntzan.

Inporta behar liguke horrek? Alegia, filosofiaren ikerketatik edo irakaskuntzatik kanpo dauden gizarteko kideei inporta behar lieke filosofiarik ez irakastea gizarte horretako gazteei? Galdera horien azpian, oinarrizkoagoak diren galdera potoloagoak daude: Zertarako balio du ba filosofiak? Zertan lagunduko die gazteei Platonen, Kanten edo Wittgensteinen teoriak ikasteak?

Ez da erraza filosofia zer den azaltzea, edo filosofiak zer egiten duen hitz gutxitan argitzea. Esango nuke, oro har, jendearen kontzepzioa dela filosofoek pentsatu egiten dutela. Tira, bai; baina denok pentsatzen dugu, gehiago edo gutxiago, une oro. Akaso, zehatzago esanda, jendearen irudipena da filosofoek gauza potoloei buruz pentsatzen dutela. Gai zail eta ilunei buruz –edo, esan dezagun argi, eguneroko bizitzan gehiegi axola ez diguten gauzei buruz—. Aurrekoan batek esan zidan, klase tartean fakultateko tabernan bazkaltzen ikusten gaituenean, Aristotelesi edo Humeri buruz eztabaidan irudikatzen gaituela; jainkoaren existentzia edo bizitzaren esentzia auzitan jartzen. Ez ba.

Asteartean hiru lankidek bazkaldu genuen fakultateko tabernan, eta esango dizuet zeri buruz hitz egin genuen. Ez espero sorpresa handiegirik: txertoei buruz aritu ginen, inguruko mahai gehienetan ariko ziren gisa berean. Hirurok ere zalantzak genituen txertoen auziaren aurrean hartu beharreko jarrerari buruz. Behartu al gaitzake estatuak txertoa hartzera? Zilegi al da gobernu batek erabakitzea hiritarrek nahitaez hartu behar dutela txertoa? Etikoa da? Hiruroi iruditzen zitzaigun ezetz. Gobernuak ezin dit agindu nire gorputzarekin zer egin behar dudan; hori onartzeak, gainera, askatasunaren mailan arrisku handiak ekar diezazkiguke etorkizunean.

Txertorik ez hartzea erabaki dutenez ere aritu ginen. Nork bere buruarekin zer egin erabakitzeko askatasuna izan behar duela argi samar geneukan. Erabaki hori ebidentzia zientifikoen aurka doanean ere bai? Bai. Pandemia baten erdian ere bai? Tira, bai. Zure erabakiak gizarte mailan dugun arrisku bat areagotzen badu ere bai? Bueno, baietz ematen du. Eta, berriro ospitaleak betetzen hasiko direla dirudien unean, txertorik ez hartzea erabaki duenak ba al du eskubiderik gaixotuz gero ospitalera joateko? Kontu honetan ados geunden hirurok: gaixotu denak ororen gainetik du osasun-arreta jasotzeko eskubidea, horrek ez dauka buelta handiagorik. Beste honetan ere nahiko ados geunden, ordea: zientziaz eta medikuntzaz mesfidati delako txertorik ez jartzea erabaki duen horixe, gero, gaixotu eta ospitalera joatea, hori irrazional samarra da. Ez oso koherentea. Absurdoa ere esan genuela uste dut. Baina, tira, irrazional, inkoherente eta absurdo samar izateko eskubidea ere ez diogu inori ukatuko.

Erantzunak baino galdera eta zalantza gehiagorekin iritsi zitzaigun bulegora itzultzeko ordua. Gehienetan bezala. Filosofia egiten dugunean ere askotan gertatzen zaigu hori: galderak eta zalantzak ugariago izaten ditugu erantzun borobilak baino. Baina esango nuke horixe dela hain justu filosofiak erakusten diguna: garrantzitsuena, gehienetan, galdera errelebanteak zein diren ulertzea dela, eta galdera horiei erantzuteko har ditzakegun posturen aldeko eta kontrako argudioak argitzea. Eta laguntzen al du ba horretan Platonen haitzuloaren mitoa, Descartesen cogitoa, edo Nietzscheren supergizakia zer diren ikasteak? Horri zalantza handiegirik gabe erantzungo genioke baietz astearteko mahai-bueltan. Bereziki, laguntzen du autore horiek beraien ideiak nola planteatu zituzten ikusteak, ideia horiek defendatzeko erabili zituzten argudioak aztertzeak, zer duten egokitik eta zer kritikagarritik ulertzeak, horien alde edo kontra nola arrazoitu daitekeen ikasteak. Kritikoki pentsatzen trebatzeak. Ez zait bururatzen aurreiritziei, jokaera irrazionalei eta postura inkoherenteei aurre egiteko txerto hoberik. •