GAUR8 - mila leiho zabalik

Lanbide Heziketa euskaraz, zergatik ez?


Gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean Lanbide Heziketa (LH) nola kokatuko den hausnartzeko Nazioarteko Biltzarra egin dute Donostiako Kursaal jauregian. Laugarren industria iraultza, lantegi adimendunena, hemen da.

Biltzarrean azaldu zutenez, Espainiako Gobernuaren lehentasunen artean omen dago «LH eraldatzea», garai berrietara egokitu dadin.

Jorge Arevalo Lakuako Hezkuntza Saileko LHko sailburuordeak zera adierazi zuen: «Laster gertatuko da eta ezin gaitu oharkabean harrapatu. Prest egon behar dugu». Jarraian iragarri zuen 2024rako 70 LHko zentro adimendun egongo direla; hau da, formazio zentro horiek adimen artifizialeko ekipamenduak eta teknologia berritzaileak edukiko dituzte. Egun, era horretako 24 eskola daude.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako LHri jarritako beste erronka emakumeen presentzia areagotzea da. Izan ere, Euskal Estatistika Erakundeak dioenez, 2019/2020 ikasturtean LHko hiru modalitateetan ikasketak egin zituzten ikasleen artean gizon kopurua emakumeenaren ia bikoitza izan zen. Gainera, emakumeen banaketa oso desberdina izan zen espezialitateen arabera: irudi pertsonalarekin eta pertsonen zainketarekin zerikusia duten arloetan %75 baino gehiago izan ziren; beste arlo hauetan, aldiz, emakumeen presentzia anekdotikoa izan zen, ez baitziren %10era iritsi: Informatika eta komunikazioak, Fabrikazio mekanikoa, Itsasoa eta arrantza, Garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak, Elektrizitatea eta Instalatze eta mantentze lanak. Beren buruari jarri dioten erronka emakumeen presentzia %15era igotzea da.

Eta zein hizkuntzatan ari da LH lurralde horietan? Mikel Basabe Kortabarria Plazara Gatoz! ekimeneko kidearen hitzetan, «Lanbide Heziketan D ereduak puntu bat irabazteko behar izan duen denbora berean, DBHn %15,15 egin du gora, eta Batxilergoan %13, 64». Desoreka horren gakoa, antza, Hezkuntza Sailak urtero «ikastaldeak eratzeko irizpideak» ezartzeko argitaratzen duen ebazpena da: «Hizkuntza eredu bat baino planifikatzen ez bada, eredu hori ezarriko da». Ebazpen horrekin, Hezkuntza Sailak planifikazioa ipini du ikasleen hizkuntza eskubideen gainetik; hartara, D ereduan ikasi nahi duten nahikoa ikasle izan arren, planifikazioan ez badago aurreikusirik ziklo bat D ereduan ematea, ez da emango. Horra hor azken hamarkadan D ereduko zikloen eskaintza eta ikasleen ehunekoa ia bere horretan mantentzearen arrazoia. Taldeak osatzeko ustezko planifikazio hori LHri baino ez zaio aplikatzen!

LHren eraldaketarako aurkeztutako erronken artean ote dago euskarazko eskaintza zabaltzea? Lerroburuetan, behintzat, ez dute iragarri. Lan mundua euskaldundu behar bada, zer asmo ote du Eusko Jaurlaritzak? Nola, ikasleak gaztelaniaz formatzen jarraitzen badu?

Zein kontraesankorra eta paradoxikoa den gure mundu hau: derrigorrezko eskolaldia euskaraz egiten badu ikasleen gehiengoak, ondorengo ikasketetan zergatik ez du jarraipenik proportzioak? Edo norbaitek pentsatzen du, oraino, gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroa ezin dugula euskaraz eraiki? •