Joxean Agirre

Arreba zaharrena

Gaztetxoak ginela, behin eta berriz ikusten genuen arreba zaharrena sehaskaren gainera makurtu eta bere umeen loa zaintzen. Orain arreba horrek ospitaleko gela batean eman ditu azken egunak eta bere semeak ikusi ditugu makurtu eta amaren loa zaintzen. Bi eszena horien artean urte pila bat igaro da, bizitza bat, baina batzuetan iruditzen zaigu lipar bat izan dela, begien itxi-ireki bat.

Igande arratsaldea iristen zenean buruko zapia kokospean lotu eta senargaiaren Vespan bi zangoak alde batera zituztela ibiltzen ziren emakumeen belaunaldikoa zen. Ez erortzeko, senargaiari gerritik beso batekin helduta joaten ziren. Gizonezkoek, baserri girokoek behinik behin, ez zuten izenondorik erabiltzen neska kalifikatzeko. Ederra bazen, «ñoo» esaten zuten eta oso ederra bazen, «ñooooo» luzatzen zuten. Gizonezkoek sorbaldak erabiltzen zituzten laneko tresnak, pisuak eramateko, zerbaiti bultzatzeko, edozertarako. Emakumeek magala eta belaunak erabiltzen zituzten umeak goxatzeko, kafea ehotzeko, patatak zuritu edo babarrunak aletzeko edo josteko. Gure arreba zaharrenak josten ikasi zuen eta ezpainen artean orratzak zituela igarotzen zituen orduak, orratzak zituela hitz egiten zuen.

Zein urruna iruditzen zaigun mundu hori, edo zein azkar urrundu zaigun, abiaduran doan ibilgailu batetik paisaia urruntzen ikusi ohi dugun moduan.

Bizitza zer den adierazteko gehien erabili den metafora ibaiarena da. Manriqueren «nuestras vidas son los ríos/ que van a dar en la mar/ que es el morir» da ezagunena. Irudi hori erabili izan dute poetek eta irakurtzean beti mendi goietan jaiotzen den errekastoaren ur lasterrak irudikatu izan ditugu lautadara iristean geldotu eta patxadaz itsasoratzen. Adinean aurrera joan ahala ohartu naiz hain zuzen alderantziz gertatzen dela: alegia, umetan denbora edo ibaiko ura geldirik doala, mantsoegi, eta berrogeita hamar urtetik aurrera hasten dela azkartzen, azken urteak ziztu bizian igarotzen zaizkigun arte.

Neuretzat, bizitzari buruzko metafora ederrenetako bat Nabokovek bere oroitzapen liburuan erabili zuena da. Bizitza argi izpi bat dela dio bi betikotasun ilunen artean. Eta ederra da, ez bakarrik bizitzaren laburra oso ondo adierazten duelako, arimaren hilezkortasunaren inguruan galdera handi bat planteatzen duelako baizik: gure arima hilezkorra bada, non arraio zegoen bada jaio aurreko betikotasunean? •