Eric San Juan (Efe)
ITZULI EZ DIREN LANGILEEN ZAIN

Vietnameko lantegi handietako langileek ez dute itzuli nahi

Pandemiak Ho Chi Minh megahiriko lantegiak gelditu zituen eta ehunka mila langilek euren jatorrizko landa eremura alde egin zuten. Orain ez dute itzuli nahi, birusaren beldur direlako, baina baita hiriko bizimoduaren kostu altuagatik ere. Enpresek gehienez langileen %80 berreskuratzea espero dute «munduko fabrika» bihurtu den herrialdean.

Orain arte izan duen covid-19aren krisirik larriena gainditu ondoren, Vietnamek, “munduko fabrika” den herrialdeetako batek, arazoak ditu industria suspertzeko bere hiruburu ekonomikoaren inguruan. Izan ere, azken hilabeteetan, ehunka mila langilek ihes egin dute Ho Chi Minhetik, birusaren beldur, eta ez dira itzuli.

Gobernuaren datuen arabera, 1,3 milioi langilek utzi zuten Ho Chi Minh megahiria uztaila eta iraila bitartean, herrialdeko hiririk jendetsuenak Vietnamek ezagutu duen koronabirus olderik larriena pairatu zuenean.

Teo da langile horietako bat. Irailera arte ezin izan zuen alde egin, lau hilabetez soldatarik gabe egon ondoren (4,7 milioi vietnamdarrek lana galdu zuten udan), baina An Giang landa probintziatik ez du hiri handira itzuli nahi pandemia atzean geratu dela jakin arte.

«Nekazaritzan eta beste lan batzuetan arituko naiz. Otsaila edo martxoa arte itxarongo dut (Ilargiaren Urte Berriaren ospakizun handiaren ondoren) egoerak hobera egin duen ikusteko. Oraintxe bertan edozer gerta daiteke hirian», esan dio Efe-ri.

Udako geldialdia

Uztaila eta iraila bitartean Ho Chi Minh inguruko lantegi handienetan nahitaezko geldialdia izan zen. Txikienetako batzuek aste batzuetan zehar funtzionatzea lortu zuten, langileak lantokian geratzen ziren lo egiten. Urrian berriro ekin zioten jarduerari, baina ekoizpenean metatutako atzerapenak berreskuraezina dirudi Gabonei begira.

Egoera horrek ehungintzari eta oinetakoen industriari eragiten die neurri handi batean, baina baita Vietnam punta-puntakoa den beste sektore batzuei ere, hala nola altzariei edo elektronikari.

Gainera, azken urteetan atzerriko enpresa askok Txinatik hara eraman zuten produkzioaren zati bat, soldata kostu txikiagoak zirela eta, eta Txinaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza gerragatik.

Ho Chi Minh inguruan, Nike eta Adidas bezalako marketako milioika kirol zapatila eta beste produktu edo altzari fabrikatzen dira, azkenean Europan eta AEBetan saltzen direnak; Samsung eta Apple bezalako marken ekoizpen zentro garrantzitsu ere bihurtu da Vietnam.

«Normaltasun berria langileen %70 edo %80 izatea izango da. Zuzenean joan direnek esaten dute ez direla itzuliko, familiarekin geratuko direla eta arroza landatu dutela. Arazo larriak izaten ari gara langileak aurkitzeko», esan dio Eferi oinetakoen alorreko enpresaburu batek.

Ehungintzako eta oinetakogintzako enpresariek –Vietnamgo industriaren motor handienetako bi–, asko jota, lanpostuen %80 beteta izatea espero dute datozen asteetan, eta ziurtzat jotzen dute %15-20 ez direla itzuliko.

«Ez dut uste langile migratzaile gehienek hiriguneetan berriz lan egingo dutenik Ilargiaren Urte Berriko oporren aurretik (otsailean)», zioen berriki Nguyen Hong Ha-n, Vietnamgo Lanaren Nazioarteko Erakundeko (OIT) arduradunak “VnExpress”-eko artikulu batean.

Uko egiteko arrazoien artean, honako hauek nabarmendu ditu adituak: langileek pandemiarekiko duten segurtasunik ezaren sentsazioa –batez ere Ho Chi Minhen inguruko probintzietan, txertaketa tasa baxua baita oraindik–; nahitaezko itxialdian jasandako hondamen psikologikoa eta hiriko bizimoduaren kostu handia landa eremukoarekin alderatuta.

Hiriaren gerriko industrialean (batez ere Binh Duong eta Dong Nai probintziak) bizi diren langileak ere ez daude beti eskuragarri enpresentzat, pandemiari lotutako murrizketengatik.

Murrizketak

Langile bat azken zazpi egunetan kutsatuta egon den eskualde batean bizi bada, ezingo da lanera joan. Txertoa hartu ez dutenek ere ezin dute lantokira itzuli, oraindik ugari baitira probintzia horietako gazteen artean txertoa jaso ez dutenak. Izan ere, hornidurarik ezagatik txertatze tasa hirian baino askoz ere baxuagoa dute.

Bestalde, ekoizpen kostuak handitzen ari dira enpresentzat, jarraitzeko prest dauden langile askok egoera horretan soldata handiagoak eskatzeko eta lan baldintzak hobetzeko aukera ikusi dutelako (gutxieneko soldata 200 dolar ingurukoa da hilean Ho Chi Minh-en, baina esperientzia handiko teknikari batek 600 inguru jaso ditzake).

Ekoizpen galdua

Arazo horiek gorabehera, enpresaburuek ez dute uste horrek Vietnamek produkzio zentro gisa duen posizioari eragingo dionik, arazo puntuala baita, eta datozen hilabeteotan konponduko baita txertaketak aurrera egin ahala eta herritarrek birusari dioten beldurra murriztu ahala.

Pandemiaren lehenengo urtean, herrialdeak 35 heriotza eta ehunka kutsatze baino ez zituen izan, mugak azkar ixteari esker, besteak beste, eta BPGa %2,9 handitzea lortu zuen, atzeraldi globalaren erdian.

Aurreikuspenen arabera, aurten %6ko hazkundea gainditu behar zen, baina birusaren delta aldaeraren agerpenak egoera aldatu du: milioi bat kutsatze baino gehiago izan dira guztira, eta 23.000 hildako baino gehiago, %75 baino gehiago Ho Chi Minh eta inguruetan, eta horrek eragin ekonomikoa biderkatu du.