Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

YEMENGO GERRA, AHAZTUTA DAGOEN EZBEHAR HUMANITARIORIK LARRIENA

Arabiar Penintsularen izkina batean dago. Historia benetan aberatsa du, betidanik izan delako bidegurutze estrategikoa, ekialdetik mendebaldera, Indiako Ozeanotik eta Persiatik (egungo Iran) Ekialde Hurbilera, Mediterraneora; beraz, Europara. Horixe da, hain zuzen, inguruko eta urrutiko interes guztien gune izatea, bere patua. Yemeni buruz ari gara: herrialde oparoa izanik ere, arabiar munduan txiroena. Eta azken zazpi urteetan amaierarik gabeko gerra batean odolusten ari da. Inork gutxik gogoan duen guda, gehienei Yemenek ahulduta jarraitzea komeni zaielako. Egun munduan den ezbehar humanitariorik latzenaren aurrean gaude, baina bost axola. Inolako oihartzunik ez duen Nazio Batuen Erakundeak aste honetan bertan ohartarazi duenez, urte amaierarako 377.000 izango dira hildakoak. Gehienak, gainera (227.000), goseak, ur edangarriaren faltak eta gaitzek jota hil diren eta hilko diren haurrak. Tiroen edo bonben pean baino heriotza geldoagoa; jasangaitzagoa, beraz. Dabid Lazkanoiturburu