GAUR8 - mila leiho zabalik

argazkilari amateurrentzat pentsatutako lehen argazki kamera


“Saka ezazu botoia, gu arduratuko gara gainerakoaz”. 1888an Kodak-ek eslogan horrekin lehen aldiz argazkilari amateurrarentzat pentsatutako argazki kamera bat atera zuen. Negatibo gisa erabiltzen ziren kristalezko plaken ordez film erroilu malgu bat jarri zuen. Kamera 100 argazki egiteko kargatuta zegoen. Argazkiak egin ondoren, Kodakera bidaltzen ziren, han errebelatu eta itzuli egiten zituzten kamerarekin batera, hura beste horrenbeste argazki egiteko moduan kargatuta. Argazkien formatua zirkularra zen. George Eastmanek asmatutako kamera oso sinplea zen, larruzko zorro batez estalitako egurrezko kutxa bat, objektibo bat eta bisorerik ez zuena. Kameraren optika eta bisore falta zirela-eta, argazkien kalitatea ez zen ona. Artikulua ilustratzen duten argazkiak Kodak kamera horietako batekin egin zituen Rogelio Gordon pintoreak, Donostian bizi zenak, XIX. mendeko 90eko hamarkadaren hasieran. Goiko argazkian hiru emakume ageri dira beren saskiekin, Alderdi Eder aldean. Erdiko irudia Donostiako portuan egina da, eta arrain-saltzaile talde bat ikusten da karabineroen kasetako atean. Beheko argazkian, idi gurdi bat portutik irteten, merkatura bidean.