gaur8.info
BAKEAREN NOBELDUNA GERRARA

Etiopiako lehen ministroa frontera joan da Armada zuzentzera Tigrayko gerran

Etiopiako Tigrayko eskualdeko matxinoak Addis Abebara hurbildu eta hainbat errepide garrantzitsu hartu ondoren, Abiy Ahmed duela bi urte Bakearen Nobel saria jaso zuen lehen ministroak gerrara joatea erabaki du, hainbat etiopiar ospetsuren gogoa berotuz. Hiriburuan agintariek herritarrei ere armak hartzeko eskatu diete.

Abiy Ahmed lehen ministroa (Ammanual SILESHI I AFP)
Abiy Ahmed lehen ministroa (Ammanual SILESHI I AFP)

Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmed gerra frontera joan da Etiopiako Armada zuzentzera, Tigray eskualdeko matxinoen aurkako gerran.

«Lehen ministroaren mugimendua benetako lider baten erabaki argia eta eredugarria da. Ez dago etiopiarragorik. Etiopiarrek lehen ministroaren atzetik joan beharko lukete herrialdea salbatzeko», adierazi zuen Legesse Tulu Gobernuko bozeramaileak joan den astean.

Demeke Mekonnen Hassen lehen ministrorde eta Kanpo Arazoetako titularra arduratuko da errutinako gobernu arazoez Abiy hiriburuan ez dagoen bitartean, bozeramaileak zehaztu zuenez.

«Gobernuko beste goi funtzionario batzuek ere lehen ministroaren deia onartu dute eta gerra fronteetara joango dira. Geratzen diren liderrek beren ohiko lanean jarriko dute arreta, eta Demeke Mekonnen lehen ministrorde eta Kanpo Arazoetako ministroak koordinatuko du hori», azaldu zuen Legessek.

Eritrearekin bakea sinatzeagatik 2019an Bakearen Nobel saria irabazi zuen agintariak astelehenean agindu zuen asteartetik aurrera borroka egingo zuela Tigrayko matxinoen aurka, une honetan herrialdeak «bere burua sakrifikatu behar duelako».

Lehen ministroak herritar guztiei eskatu zien «herrialdea defendatzeko» eta «etsaiari aurre egiteko».

«Bizi garen ala ez erabakiko duen borroka da. Baina irabaziko dugu. Etiopia garaitua izatea pentsaezina da», gaineratu zuen Abiyk.

Gobernuburuaren deiak Etiopiako hainbat pertsona ospetsuren gogoa berotu du, hala nola Haile Gebrselassie atleta ohiarena. Bi aldiz 10.000 metrokoan txapeldun olinpiko izandako kirolariak astearte honetan Estatuko hedabideei ziurtatu die ahal duen guztia egingo duela bere herrialdeari laguntzeko, «borrokara joatea barne».

Feyisa Lilesa atleta ere, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetako maratoian zilarrezko domina lortu zuena, borroka zelaira joatearen alde agertu zen.

Abiyk bere hitzaldi sutsua joan den asteburuan egin zuen, Tigray Askatzeko Herri Fronteko (TPLF) indarrek Shewa Robit konkistatu ondoren; ondoko Amhara eskualdean dago hiria, Addis Abebatik 220 bat kilometrora. Hiriburuan, besteak beste, Afrikako Batasunaren (AU) egoitza dago.

Gerra 2020ko azaroaren 4an hasi zen, Abiyk TPLF alderdiaren aurkako erasoaldia agindu zuenean, Tigrayko indarrek base militar federal bati eraso egin ziotelako errepresalian. TPLF alderdia baino ez zen orduan eta tentsio politikoak areagotu egin ziren.

Oraingoz, Nazio Batuen arabera, gerrak milaka pertsona hil eta bi milioi inguru lekualdatu ditu Tigrayn, eta Tigrayko matxinoek Amhara eta Afar inguruko eskualdeetara zabaldu dute gatazka, hiriburura hurbiltzeko mugimenduetan.

TPLF Etiopiako Gobernuan nagusi zen Abiy 2018an boterera iritsi aurretik. Orain, beste matxino talde batzuekin aliantza osatu du, hala nola Addis Abeba inguratzen duen Oromia eskualdean jarduten duen Oromo Askatzeko Armadarekin (OLA).

Kezka atzerrian

Matxinoek Afrikako bigarren herrialderik populatuenaren hiriburua (110 milioi biztanle baino gehiago) hartuko ote duten beldurrak nazioarteko komunitatearen ahalegin diplomatikoak bultzatu ditu liskarrak eteteko eta irtenbide negoziatua lortzeko.

AUren Afrikako Adarrerako ordezkari berezia, Olusegun Obasanjo Nigeriako presidente ohia, bi aldeetako buruzagiekin elkarrizketatu da duela gutxi, baina elkarrizketa horiek ez dute oraingoz fruiturik eman.

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak joan den astean Nairobin ohartarazi zuen gerrak Afrikako Adarraren segurtasuna mehatxatzen duela, eta liskarturiko aldeei «prozesu politikora» itzultzeko eskatu zien, gatazka konpontzeko.

Nazio Batuen Erakundeak astearte honetan iragarri duenez, Etiopiako langileen senitartekoak edo gertukoak aterako ditu, herrialdean segurtasun falta handia dagoelako, eta AEB, Erresuma Batua, Alemania edo Frantzia bezalako herrialdeek Etiopiatik alde egiteko gomendatu diete herritarrei.

Joan den astean Abiy Ahmedek zabaldu zuen bideo batean, uniforme militarrez jantzita, ostegunera arte «etsaiaren gotorlekua» izan zen inguru menditsu batean zegoela adierazi zuen.

Soldaduak «benetan adoretuta» daudela ziurtatu ondoren, Armadak Afar eskualdean Kasgita hiria hartu zuela gaineratu zuen. Orain, Chifra (Afar) eta Burqa (Amhara) berreskuratzeko helburua dute, hiriburutik 500 kilometro baino gehiagora.

Azken mugimenduen ondorioz eta Amhara eskualdeko indarren laguntzaz, aurrera egin duela eta Shewa Robit eta beste herri batzuk berreskuratu dituela iragarri zuen Abiyk.

Bere aldetik, Tigray Askatzeko Herri Fronteak (TPLF) lehen ministroak gerrako frontean parte hartzeaz bere mesfindatza erakutsi zuen. «Ez dakigu zer fronteren ardura duen», adierazi zuen.

Addis Abeba

Gerrak hiriburua mehatxatzen du eta Tigray Askatzeko Herri Fronteko matxinoek eta oromo indar armatuek Addis Abebatik 300 kilometrora daudela diote. Gainera, ez dute baztertzen hiriburuan sartzen saiatzea Abiy Ahmeden gobernua botatzeko asmoarekin.

Hala ere, Gobernuak ezeztatu egin zuen horrelako mehatxurik izatea eta «gerra existentzial» hau irabazteko prest dagoela dio.

Amhara eskualdean Dessie-Kombolcha bidegurutze estrategikoa eskuratu ondoren, Tigrayko indarrek adierazi zuten hegoalderantz doazela eta oromoekin bat egin dutela Ataye hirira hurbiltzen, hiriburutik 270 kilometrora iparraldean.

Gobernuak, berriz, «segurtasunik ezaren sentsazioa hedatzeko propaganda» dela salatu zuen eta hiriburua ez dagoela arriskuan ziurtatu du.

«Gatazkak daude. Aurrera eta atzerako mugimenduak (bi aldeetan) helburu horren zati garrantzitsu bat izango dira TPLF okupatzen dituen eskualdeetatik erabat bota arte», adierazi zuen Billene Seyoum lehen ministroaren bozeramaileak.

Matxinoen arabera Mile hirira ere abiatu dira. Djibutirantz doan errepidean kokatuta dago, eta hiriburua hornitzeko ezinbesteko bidea da.

Ardatz hau hartzen badute matxinoek Tigrayra laguntza eramateko bidea ireki ahal izango dute eta, aldi berean, Addis Abeba itotzeko aukera izango dute.

«Milen errepidea moztuko dute eta Addis Abebak oso azkar nabarituko luke erregai falta», nabarmendu du Rene Lefort Etiopan aditua den historialariak. Haren ustez, «Addis Abeba hartzeko helburua izan beharrean, itotzeko estrategia dirudi».

Bestalde, Oromo Askatzeko Armadak Oromiako lurralde batzuk kontrolatzen dituenez, hiribururantz doazen errepide batzuk ere moztu ditzake, eskualdeak Addis Abeba inguratzen duelako.

Hala ere, Addis Abebarantz abiatzeak arriskuak ditu matxinoentzat. Bidean amhara miliziak aurkituko lituzkete, Gobernu Federalaren aldeko miliziak alegia.

Amhara herriak tropa ugari bildu eta gatazken inguruetara eraman dituzte, euren etniaren biziraupena ziurtatzeko.

Eta hiriburuan bertan, agintariek biztanleak armak hartzera deitu dituzte.

TPLFk nabarmentzen du Addis Abebako herritarrek ez dituztela tigraytarrak etsaitzat jotzen. Baina Gobernuak hamarnaka mila pertsona bildu zituen «terroristei» erantzuteko zin egiten.

Negoziazioa posible al da?

«Ez dakigu benetako asmoa den edo soilik bluf bat, baina hiriburuaren gaineko mehatxua eta gertatzen ari diren aurrerapen militar zehatzek negoziazioen aipamena berpiztu dute», ohartarazi du Awet Weldemichael Afrikako Adarrean adituak, Kanadako Queens-eko Unibertsitatean.

Negoziazioak bertan behera geratu ziren duela urtebete, eta nazioarteko bitartekaritza berriro saiatzen ari da.

Afrikako Adarrerako estatubatuar arduraduna, Jeffrey Feltman, Etiopian dago. Baita ere Olusegun Obasanjo, Afrikar Batasuneko ordezkaria. Obasanjo Tigrayko Mekele hiriburura joan zen eta berak eta Anthony Blinken Estatu Batuetako Estatu idazkariak negoziaziorako «leiho bat» ireki dela uste dute.

«Negoziazioak ezinbestekoak dira. Addis Abebak Obasanjo Mekelera joateko baimena ematea aurrerapauso garrantzitsua da, orain arte Gobernu Federalak galarazi egin baitu», uste du Awet Weldemichaelek. Baina oraindik oztopo handiak daude tartean.

Aurrebaldintza bezala, TPLFk eskatu du laguntza humanitarioa Tigrayra iristea. Gobernu Federalak, aldiz, matxinoek Ahmaratik eta Afaretik alde egitea nahi du, baina TPLFk ez du hori onartzen.

Etorkizun politikoa

Etiopiako boterea, federalismo etnikoaren printzipioan oinarritua, kolokan dago. Addis Abeba erortzen bada, «botere hutsunearen arriskua dago eta indarkeria mota guztiak sor daitezke: bidelapurrak, mendekuak edo, askoz larriagoa, oromoen eta amharen edo tigraytar eta amharen arteko liskar etnikoak», ohartarazi du Rene Lefortek.

80 herri eta etniak osatutako mosaikoan, «Etiopia proto-Jugoslavia egoeran dago», azaldu du Gerard Prunier CNRSko ikertzaile ohiak, 1990eko hamarkadan Jugoslavia federazioan lehertutako gatazka aipatuz.

Tigray Askatzeko Herri Fronteak dio ez duela 1991 eta 2018 urte bitartean izan zuen boterea berreskuratu nahi.

Getachew Reda bozeramaileak dioenez, prest daude beste erakundeekin ere bat egiteko «erregimen berri bat eratzeko baldintza egokiak sortzeko helburuarekin».

Prunieren arabera, koalizio honek «Etiopia osorako gobernantza esparru onargarria izan daitekeen zerbait erakutsi nahi du. Baina oraingoz ez da sendoa, atzean ez dago ezer».

 

SUDANEKIN ERE  BERRIZ PIZTU DIRA GATAZKA ZANTZUAK

Tigraykoarekin batera, Sudanen eta Etiopiaren arteko beste gatazka bat berpiztu zen, Etiopiak inbasiotzat jo zuelako Sudanek mugetan tropak hedatzea. Liskarrak ez dira bukatu eta joan den igandean Sudango Armadak Al Fashaqa eskualdean indar etiopiarren eraso bati erantzutean bi aldeetan hildako ugari izan zirela adierazi zuen. Etiopiak, aldiz, zera esan zuen: «Sudanetik gure lurraldea inbaditu duen matxino, gaizkile eta terrorista talde handi bat suntsitu dugu». Tigrayko miliziei egotzi zien mugaldeko ezegonkortasuna. Etiopiako agintarien esanetan, Tigrayko talde armatuek Sudanen milizianoak entrenatzen dituzte eta atzerriko erakundeen laguntza dute. Eremu emankorra da Al Fashaqa, eta harengatik Khartum eta Addis Abeba elkarren lehian dabiltza. Urte askotan nekazari etiopiarrek landatu izan dute, baina Sudanek berea dela aldarrikatzen du. Bi aldeetako militarren eta nekazarien artean tarteka izaten ziren talkak areagotu egin dira Tigrayko gerrarekin. Dozenaka mila etiopiarrek ihes egin dute Sudanera.