Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
NESTOR BASTERRETXEA

Marrazkilari (eta askoz gehiago) baten 60 urteko ibilbidea erakusketa batean

Nestor Basterretxearen ibilbidearen berrikuspen gisa, haren 300 artelan inguru ikusgai daude Gasteizko Vital Fundazioaren aretoko erakusketan. «Marrazkilaria berreskuratzeko asmoz», erakusketaren ardatzetako bat haren obren prozesu guztietan hain garrantzitsuak diren zirriborroak dira; bestea, berriz, «bertsioak».

Artista ezaguna da Nestor Basterretxea, ezaguna denez, baina, beharbada, ez uste bezain ezaguna, bere osoan behinik behin. Inpresio horrekin atera daiteke bisitaria egunotan Gasteizko Vital Fundazioaren aretotik irtetean.

Abenduaren 8a arte ikusgai dagoen erakusketak ez du haren obra osoa bildu, ezta hurrik eman ere, baina lagin esanguratsu eta mardula da, artista bermeotarraren 300 obra inguru bildu dituena, haietako batzuk orain arte ezezagunak. 60 urte baino gehiagoko ibilbidearen erakusgarri mamitsua da.

Ez da erraza izan, ordea, lanak aukeratzea, «ez baita pintura bakarrik, edo eskultura, baizik eta horiek eta askoz gehiago, marrazkia, haren bilakaera…», dio artista bermeotarraren seme Gorkak, erakusketaren komisario ere badenak; izan ere, Basterretxea askok uste baino artista emankor eta polifazetikoagoa izan zen.

Haren lanak eta bilakaera azaltzeko, berriz, izan zezaketen laguntzailerik onena izan dute: Nestor Basterretxea bera. Erakusketa osatzen duten hiru guneetan zehar agertzen dira Nestor Basterretxearen testu laburrak. «Pentsatu nuen haren lanen gaineko interpretazioak agertu beharrean, egokiagoa zela berak idatzitako azalpenak jartzea», azaldu du Gorkak.

Eskultore gisa da ezagunen, zalantzarik gabe, ezagunak Euskal Herrian eta munduan zehar dauden obra ikusgarriak, baina askoz gehiago da gaztetatik hil artean bertan goxo egin ez zuen artistaren ibili luzea, askoz askotarikoagoa hainbat estilo, forma estetiko eta joera arakatu, bide berriak jorratu zituen artistaren obra. Berak azaldu zuen bere asmoa: «Artista batek erabil ditzakeen adierazpen-tresnak ezagutu nahi izan ditut, eta ez naiz inoiz espezializatu beste diziplina batzuk ez ulertzeko adina». Ez zuen «estetikaren mundu askotariko eta zirraragarriaren alderdi bakar batean mugatuta» geratu nahi.

Marrazkilaria

Basterretxearen alderdi nolabait oharkabean gertatua edo ez behar bezain nabarmendua lehen planoan jarri du erakusketak: marrazkilariarena. Haren artearen oinarria, esan liteke, marrazkien gainean eraiki baitu bere obra erraldoia. Erakusketa horretan burutik burura, azken obretaraino, guztien lehen pauso izan zituen marrazkiak ageri dira.

Alderdi horri berebiziko garrantzia eman diotela dio haren seme Gorkak: «Nolabait ere, erakusketa honekin marrazkilari bezala berreskuratu nahi izan dugu aita». Artista polifazetikoa ageri da, jakina, baina alde hori erakusketa osoan bereziki presente dago. «Eskultore gisa da ezagunen, baina oso marrazkilari ona zen. Mahai batean eserita denbora asko ematen zuen zirriborroak egiten, trebetasun handiarekin. Gero marrazki horiek eskultura edo margolan bihurtzen ziren», gogoratu du artistaren semeak.

Horixe da erakusketaren ardatz bietako bat. Arkatza edo errotuladorea eta papera izan ziren Basterretxearen lan guztien hasierako elementua, eta zirriborroen bidez iristen zen behin betiko obrara diziplina guztietan.

Bertsioak

«Behin betiko» obra horiek, ordea, beste zerbait bihur zitezkeen. Izan ere, Basterretxeak «bertsioak» izenpean bildu zituenak produkzio metodo oso bereizgarri batean oinarritzen dira, eta hori da, hain zuzen, erakusketaren bigarren ardatza. Artelan bat «bere diziplina gainditu eta beste askorekin nola lotu daitekeen» azaltzen dute bertsioek. «Artelan bat, aspaldi bukatutzat eman zuena, dela pintura, dela eskultura, hainbat urte geroago berrikusi eta beste zerbait bihurtzen zuen; esate baterako, fotomuntaketa edo collage», dio Gorkak.

Collagearekiko interes horretaz hauxe idatzi zuen artistak: «Lanen barietatearen artean, azkenaldian collagea da gehien erakartzen nauena (…). Edertasunak leku berezia duen eremu batera eraman nau collageak. Leku horretan edertasuna sortzeko ilusioa beste guztiaren gainetik dago. Agian paper hauek izan ez banitu, kreazio azkartasun hori, ez nintzatekeen hain garbi eta hain grinatsu sartuko edertasunaren munduan».

Sei hamarraldiko berrikuspen hori hiru gune handitan banatuta dago: sakratuaren ingurukoa, figuratibotik abstrakturako igarotzea eta planotik espaziorakoa. Pinturan hasi zeneko lanak eta eskulturara jauzi egin zuenekoak ez ezik, zinemagintzan, diseinu industrialean, grafikoan eta altzarien diseinuan egindakoak, arkitekturan eta hirigintzan burutu gabeko proiektuak, argazkigintzan, kartelgintzan edo idazketan egindakoak ere ikusgai daude lagin mardul horretan.

Sakratuaren ingurukoa

Sakratua bere obran presente egoteak harritu egiten zuela idatzi zuen Basterretxeak, haren «azalpen onartua galdu dudalako»; hala ere, bazuen azalpenik: « Sakratuak ematen dizun askatasuna bilatzen dut. Bere poesia. Erakartzen nau, asko erakartzen nau. Esparru plastikotik, artistikotik, sakratua askatasun hutsa da, irudimen hutsa. Absolutuaren posibilitatea da, eta hori sorkuntzarako oso eremu egokia da».

Sakratuaren inguruko gunean ikusgai daude, besteak beste, Gurutze-bidea saila, Arantzazuko Basilikako kriptarako eskultura proiektua eta pinturak, Ilargi-Amonaren maskarak, Disko formako hilarriak, Lasarteko (Araba) elizarako gurtzako objektuak eta Euskal Kosmogonia saila.

Honetara azaldu zuen azken hori: «Nire lan gehienetan, formak eta koloreak espazioan ordenatzen ikasteko ibilbide luzean egin nuen lan, eta hori oinarrizko ariketa da pinturan balioen oinarri diren eskema analitikoak aztertzeko. [...] Orain, ezagutzaren ariketa partikular haiek gainditzen dituzten asmo eta arrazoietan ahalegintzen naiz eta konprometituta bizi naiz, euskal grinak bultzatuta, gure herriaren sustrairik sakonenetan eta iradokitzaileenetan barneratzeko lanarekin, gure Euskal Herri bereziaren errealitatean zehaztuko ziren gure lehen tribu-keinuetako ideia inplizituak irudi ukigarrien bidez interpretatzeko».

Figuratibotik abstraktura

Bigarren gunea marrazkigintzan, pinturan eta muralismoan egindako lehen lanen erakusgarri da.

«Bizi izan dudan bizitzatik espero zitekeena arte espresionista da», idatzi zuen Basterretxeak, «gehiegizkoa, narratiba bortitzekoa... Eta ez da horrela». Hauxe zioen abstrakturako prozesuaz: «Etengabe marrazten nuen… une batean konturatzen zara zure ilusio guztia, zure zeruertz guztia marrazkia dela. Lehenik errealitatea kopiatzea da, gero errealitatea interpretatzen hasten zara gero, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago bereizten zara kopia horretatik. Une batean ez duzu eredu naturalaren beharrik, hau da, asmakuntza da zure arazo nagusia, eta hor hurbiltzen zara arte abstraktura, hain zuzen ere estilo horren asmatzaileak, Kandisnsky-k, zioenez, pintatzea edo marraztea da, aurretik zegoen kanpoko errealitatea kontuan hartu gabe. Hortaz, arte abstraktua zeure buruarekin duzun apustua da, kartoi mehe zuri handi bat duzu aurrez aurre eta mundu propioa sortzen hasten zara».

Planotik espaziora

Forma diskoidalak; herri-lana; Lehen Amerikari omenaldia, Euskal Kosmogonia Sailean egin zuen antzera beste herri batzuen jatorria eta tradizioak ulertzeko ahalegina; bolumetriak; fotomuntaketak; argazkigintza esperimentala –«argazkia misterioaren alaba da»–; diseinu industriala; kartelak, lan grafikoa... daude hedatuta hirugarren gune horretan, «lerroak planoan duen zeregina ulertzeko moduak bultzatuta» pinturatik eskulturara pasatu zenez geroztikoak: «Une batean konturatu nintzen kurbaren arabera eta bihurgunearen bortxaren arabera egiten nuen lerro horrek planoa hausteko ahalmena zuela, idealizatuz gero. Eta orduan, konturatu nintzen hirugarren dimentsio bat bazegoela hor, lerroaren eraginez hazten hasia. Eta une batean bihurgune horiek bortxatu nituen, eta bihurgune horien maiztasuna ere bai, planoak bisualki eztanda egin zidan arte. Eta orduan burdinazko xafla bat hartu eta fisikoki egin nuen nik idealizazioz sentitzen nuena. Eta hor sartu nintzen eskulturan».

Euskal Herrian eta munduko zenbait herrialdetan zehar banatuta daukan obra publikoaren argazkiak, maketak eta betiere haien aurreko marrazkiek betetzen dute gune horretako tarte bat: «Eskulturek herriari bizia ematen diote eta kaleek eskulturei bizia ematen diete».

Halako elkarketa edo osagarritasuna sumatu zuen arkitekturarekin: «Arte plastikoak arkitekturan integra daitezke, fusio absolutu eta harmoniatsu gisa. Kontua ez da espazio arkitektonikoak aberastea, erresonantzia berriak dituzten espazioak sortzea baizik».

Eta paper gainean egin zituen arkitektura proiektu edo «bolumetriak» azaltzean, ideia bertsuan sakondu zuen: «Ez ditut eskulturak eraikin bihurtzen. Nik arkitektura bihurtzen dudana eskultura kontzeptu bat da, nire lanaren baitatik datorrena. Eskulturatik abiatuta heldu naiz arkitekturara. Nire eskulturaren izaeraren muinean, sendotasun arkitektoniko horretan, trinkotasun formal horretan, daude abiapuntua eta helmuga. Arkitekturarekin topo egitea gertatu beharreko zerbait zen. [...] Bolumen hutsaz ari naiz, bolumetria arkitektonikoez, eta hitz hori erabiltzen badut arkitekturatik bereizteko da, arkitektura behartuta baitago funtzio batzuk errespetatzera, egitarau jakin bat betetzera».

Komisariotza berezia

Norberaren aitaren erakusketaren komisario izateak zerbait berezia behar du izan, eta halaxe da kasu honetan, Gorka Basterretxeak dioenez. «Duela urtebete-edo hasi nintzen antolatzen, Hondarribia eta Gasteiz artean, etxean zeuden obra asko berrikusten, berraurkitzen, amarekin, familiarekin, oroitzapenak, argazki eta idatzi zaharrak berrikusten…».

Etxean zeuzkaten lan ugarietako batzuk inoiz ikusi gabeak dira. Horiez gainera, Bilboko Arte Ederren eta San Telmo museoetakoak, Vital Fundaziokoak eta funts partikularretako beste hainbatek osatzen dute Basterretxearen obraren erakusgarri zabala.