GAUR8 - mila leiho zabalik
SEXU ABUSUEN AURREKO BABESA

Barnahus ereduko etxeak, haurren lehen aterpea eta auzitegiko frogaren gordeleku

Haurtzaroko sexu abusuen intzidentzia handiaren eta arazoari ematen zaion erantzun kolektiboaren panoramika oso bat eman du Save The Childrenek «Etxepe berean» txostenean, arreta sistema errotik aldatuko duen Barnahus ereduko proiektu pilotuaren harira. Gizartean dagoen ezjakintasunari eta pertzepzio okerrei ere begiratu die.


Noizean behin barruak astintzen dituen albiste solteetan izaten dugu arazoaren berri. Baina berriak agertu eta segituan desagertzen dira, konexiorik gabeko kasuak balira bezala, atzean duten errealitateari eta horren tratamenduari begiratu gabe. Arazoak izena du, haurtzaroan izaten diren sexu abusuak errealitate bat dira, eta adituen arabera, isilean mantentzen den errealitate horrek pentsatu baino askoz intzidentzia handiagoa du gure gizarteetan. Hala ere, ezer gutxi dakigu prebentzioaz, detekzioaz, prozedurez, eta pairatu behar dituzten prozesu judizialez... Gordin bezain ezezaguna den arazoaren panoramika osoa Save The Childrenen txosten batek eskaini du berriki, «Barnahus» ereduan oinarrituta Lakuak abian jarriko duen proiektu pilotuaren harira. Sexu indarkeriaren biktima izan diren adin txikikoak artatzeko sistema eta espazio berriak dira Barnahus izenarekin ezagutzen diren zentro horiek.

Ereduaren ezarpena biktima horien arretan mugarria izango dela nabarmendu da, baina askoz gehiago erakutsi du, azalera irteten diren kasuen tratamenduan egungo sistemak dituen gabeziak erakutsi baititu, haur eta nerabe horien ongizatearen ikuspuntutik begiratuta eta auzitegietako bidea bukaeraraino eramateko gakoa den beste elementu bat hobetzea dakarrelako: testigantzaren balioa, eraginkortasun juridikoa bermatzeko.

Kasu gehienetan gakoa haurraren lekukotasunari ematen zaion sinesgarritasunarekin lotuta dago. Prozesuan zein prozeduran egon daitezkeen forma akatsak, gainera, zigorrik gabe bukatzen duten kasu askoren atzean daude.

Birbiktimizazioa saihestu

Islandian sortua, AEBetan eta Europako hainbat herrialdetan –gertuen Katalunian, hainbat etxerekin– hedatuta dagoen eredua da. Barnahus hitzak «umeen etxea» esan nahi du islandieraz, eta, finean, biktima den haurra eta haren familia erdigunean jartzen dituen arreta sistema integrala bermatzen du, egungo prozedurak eragiten duen birbiktimizazioa saihestuz.

Antolaketa berriarekin, ez da haurra sistemaren beharretara egokitu beharko dena, gaian formazio berezia duten profesionalak euren artean koordinatu eta etxe horretan bertan arituko baitira, haurrari entzun eta beharrezko babesa eta arreta emateko, baita berme guztiak izango dituen epaitegien aurreko prozedura abian jartzeko ere. Talde psikosozialak, osasun profesionalek, epaitegietakoek, poliziek edo gizarte zerbitzuek bertatik koordinatuta lan egingo dute jarraitu beharreko pauso guztietan.

Arestian esan bezala, eredu berria «mugarri» gisa aurkeztu da, baina benetan zer ekarriko duen ulertzeko, Barnahus eredua gurera zer testuingurutan heltzen den eta zer aldatuko duen ikusi behar da, eta hori da, hain zuzen ere, Save The Childrenen “Etxepe berean” txostenak aletzen duena, arazoaren eta arreta sistemaren panoramika bat eskainiz.

Egungo agertokia deskribatzen duen lan horrek intzidentziari erreparatzen dio, arazoaren tamainaz ohartarazteko.

Bost umetatik bat

Maneiatzen diren datuak ikusita, arazoaren intzidentzia kezkagarria da, are gehiago txostena irekitzen duen hausnarketa kontuan hartuta: «Haurrekiko sexu abusuez hitz egiten dugunean, prebentzioa ez den guztia berandu heltzea da». Nazioarteko prebalentzia zifrak oinarri hartuta, kalkulatzen da EAEn bost umetatik batek sexu indarkeria jasan ahal izan duela, eta 18 urteko 2.000 eta 4.000 gazte artean izan daitezkeela bizitzan sexu-indarkeria mota bat jasan dutenak.

Ez dago, halere, datu zehatzak ezagutzeko modurik, nabarmentzen dutenez. Txostenean bildutako datuak 2018koak dira, eta horien arabera, urte horretan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako erregistroetan indarkeriarekin lotutako 90 jakinarazpen jaso ziren.

Urte horretan bertan Ertzaintzak eta udaltzaingoek 16 urtetik beherakoen aurkako 276 sexu delitu bildu zituzten [Estatu espainoleko zigor kodeak 16 urtetan finkatzen du sexu adostasuna]. Hego Euskal Herriko hiru lurralde horietako epaitegietan 151 lagun izan ziren zigortuak urte horretan.

EAEn zenbat kasu gertatzen diren ez jakiteaz gain, «ez dakigu horietako zenbat antzematen diren, ezta zer ezaugarri dituzten ere. Ez dago erregistro bateraturik. Haur eta nerabe horiei arreta ematen dien zerbitzu bakoitzak bere erregistro propioa du. Guztiak ez daude eskuragarri, eta ez dute informazio bera jasotzen», aipatzen da txostenean. Dauden datuek, beraz, «panoramika zatikatua, partziala eta nahasia ematen dute».

%80 inguru hurbilekoak

Iñasi Arruabarrena Psikologian doktoreak zehaztu zuenez, haur eta nerabeek pairatzen duten sexu indarkeriak adierazpen ezberdinak ditu, eta azterlana harreman boterean oinarritutako sexu bortizkeria kasuetan zentratu da. Azaldu zuenez, ikerketek diote kasu gehienetan (%80 baino gehiago) abusuen egileak umearen ingurukoak direla, gizonezkoak gehienak, eta nagusiki neskak direla abusuak pairatzen dituztenak (%60 gutxi gorabehera). Prebalentzia, gainera, handiagoa da behar bereziak dituzten haur eta nerabeen artean. Beraien adinkideekin alderatuta, arriskua hiru eta bost bider artean handiagoa da.

Azken urteetan, erakundeek baliabide ezberdinak aktibatu dituzte, baina horien enfokea ez dela egokiena izan uste dute adituek. Haien iritziz, gauza asko hasi behar dira aldatzen, bai detekzio tresnak eta bai gizarte mailan dauden pertzepzioari zein kontzientziazioari dagozkien gaiak. Argi daukate, nolanahi ere, gaur egun haur edo nerabe batek jasan duenaz edo jasaten ari denaz norbaitekin hitz egiten duenean, oso konplexua den bide bat zabaltzen dela, eta jakinarazten ez diren kasu askoren arrazoia horixe dela uste dute adituek.

Txostenaren arabera, icebergaren zati ezkutuan jarraitzen duten kasuen zergatietako batzuk gizartean dauden uste okerrekin eta ezagutza faltarekin lotuta daude.

«Profesionalek eta, oro har, herritarrek ez dakite susmoak jakinarazteko betebeharra dutela; eta ez dakite ez non eta ez nola egin». Askotan ez dakite jakinarazteak zer ondorio dituen ere, «eta horrek ere atzera eginaraz diezaieke, maiz pentsatzen baita jakinarazten duena prozesu judizial edo judizialetan parte hartzera behartuko dutela, edo gizartean egoera zailak bizi beharko dituela».

Legez, jakinaraztera behartuta

Kalean ez da ezaguna susmoak daudenean legeak dioela horien berri eman beharra dagoela. Txostenak dio horrekin batera profesionalen formazioan dauden gabeziak direla arazo larrienetako bat. Gaineratzen du Hezkuntza Sailak daukan protokoloa ezagutzen edo erabiltzen ez duten ikastetxeak eta profesionalak daudela, eta protokoloa irakasleei eta irakasle ez diren langileei zabaltzea proposatzen du.

Jakinarazpen kopurua txikia izatearen arrazoien artean, salatzeko betebehar zibikoari eta lege betebeharrari buruzko ezagutza faltarekin batera, abusuak hautemateko adierazleak ez ezagutzea aipatzen dute adituek. Era berean, askotan norberak bere lanbidean duen erantzukizunaren barruan betetzen duen rolaren pertzepzio okerra dagoela zehazten dute, jakinarazteko ardura beste profesional batena dela uste baita askotan.

Laguntzen ez duten pertzepzioak

Ohartarazpenik ezaren zergatien artean, bestalde, lanpostuan, haurrarengan edo familiarengan izan daitezkeen eragin negatiboen edo gatazken beldurra ere egon daitezke. Familia barruan konpondu beharreko egoerak direla pentsa dezakete batzuek, sistema judiziala eraginkorra ez den pertzepzioa (hainbatetan abusua egin duenak zigorrik ez duelako), prozesu judizial batean sartzeak ekar ditzakeen ondorioen beldurra... eta beste askotan, pentsa daiteke horrelako egoerak familia barruan konpondu behar direla edo hobe dela adin txikiko hori beste era batera babestea.

Kontzientziazioa eta informazioa, beraz, hobetu beharreko atalak direla nabarmentzen dute, profesionalen formakuntzarekin batera.

Hurrengo urrats bati erreparatuta, ohartaraziak diren kasuetan, txostenak nabarmentzen du EAEn 600 sarrera puntu baino gehiago daudela salaketa jaso eta hasierako arreta emateko, kontuan hartuta kasuak osasun zerbitzu ezberdinetatik, justizia administraziotik, gizarte zerbitzuetatik edo polizia etxe ezberdinetatik hel daitezkeela sistemara, eta horrek eragileen jarduera ezegokia eta deskoordinatua eragiten duela, haurrari kalte erantsia sortuz, gainera, bigarren biktimizazio horrek kalte psikologikoa areagotzen baitu.

Panorama horren aurrean, uda aldean Gasteizen abian izango den lehen Barnahus etxearen esperientzia pilotuak nabarmen aldatuko ditu hainbat gauza. Hasteko, sexu-indarkeria kasuentzako sarrera puntu bakarrak izango dira etxe horiek. Arabakoaren ostean, beste bina zabaldu nahi ditu Lakuak Gipuzkoan eta Bizkaian.

Beatriz Artolazabal Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak grafikoki azaldu zuen espazio berriek ekarriko duten bide berria: irakasle batek kasu bat hautematen badu, zuzendaritzari jakinarazi eta honek «Barnahusera joko du eta familiari bertara joateko gomendatuko dio».

Etxe horretara helduko den umeak haurren biktimizazioan espezializatutako profesionalak izango ditu ondoan; familiak ere laguntza profesionala jasoko du, eta kasuan parte hartzen duten estamentu guztietako profesionalak aktibatuko dira bertatik beharrezko arretaren atal guztiak jorratzeko, biktimaren miaketa medikotik hasita.

Elkarrizketa, froga forentsea

Hala ere, funtsezkoa den elkarrizketa forentsea da ereduak eskaintzen duen tresna baliotsuenetako bat. Grabatua izaten da eta telebista zirkuitu itxi baten bidez esparru judizialeko ordezkari ezberdinek beste gela batetik zuzenean jarraitu dezakete.

Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan egindako azterketek ondorioztatu dute sistemak epaiketen eta zigorren kopurua bikoiztu eta hirukoiztu egin direla.

AEBetan, Children`s Advocacy Center (CAC) zentroak dira 1980ko hamarkadatik mota honetako arreta eredua aplikatzen dutenak. Hamarkada horren bukaeran, CAC zentroen arreta eredua egokituta, Reykjaviken Barnahus izeneko zentroa zabaldu zen tresna berri bat abian jarriz: esparru judizialeko ordezkariek pantailatik jarraitu ahal duten elkarrizketa forentsea. «Horrek bermatzen zuen froga epaiketarako baliozkoa izatea eta aurrez eratutako froga gisa konfiguratzea», nabarmentzen dute adituek.

Elkarrizketa sexu indarkeriaren biktimen ebaluazioan aditua den psikologo batek egiten du, «ebidentzian oinarritutako protokolo eta jardunbideei jarraituz, frogen kantitatea eta kalitatea bermatzeko».

Elkarrizketa horren grabaketari esker, biktimak ez du epaiketara joan beharrik. Testigantza beste gela batean ematen ari den bitartean, epailea, fiskala, defentsako eta akusazioko abokatuak –eta akusatuak berak, hala eskatuko balu– pantailan ikusi eta elkarrizketatzaileari galderak helarazteko aukera izango dute.

Sistemak biktimen detekzioa eta ebaluazioa hobetzen dituela baieztatu da, eta Europako Kontseiluak berak gomendatutako eredua da. Abusuak pairatu dituzten haur eta nerabeen arretari dagokionez, beraz, askoz samurrago eta eraginkorragoa den bide berri bat zabaltzen da, baina ondoan prebentzioaren lanketa behar izango duena, Save The Childrenek dioenez, kasu hauetan prebentzioa ez den guztia berandu heltzea delako.

 

HAURRAREN SUSPERRALDIAN ZERIKUSI HANDIA DU SISTEMAREN ERANTZUNAK

Abusuek umeengan dituzten ondorioetan begirada jarrita, Iñasi Arruabarrena Psikologian doktoreak eta Save The Childrenen txostenaren egileetako batek nabarmendu zuen ikerketek argi erakusten dutela sexu abusuen ondorioz arrisku faktore handi bat dagoela osasun fisikoan eta mentalean arazo esanguratsuak garatzeko epe motz, ertain eta luzean. Hala ere, zehaztu zuen horrek ez duela esan nahi biktima izan diren haur eta nerabe guztiek esperientzia horrekin lotutako ondorioak pairatuko dituztela. Ikerketen arabera, badaude eragin potentzialki negatiboa moderatu dezaketen aldagaiak, eta horietako batzuk biktimizazio egoerarekin lotuta daude (abusuen maiztasuna, erasogilearen hurbiltasun maila, bortizkeriaren erabilera egon den...).

Azaldu zuenez, «oso garrantzitsua» den aldagai batek zerikusia du biktimak bere ingurunetik jasotzen duen erantzunarekin. «Hor, paper handi bat jokatzen dute haurrak gertuen dituen pertsonek, familiak, baina baita esku hartzen duten zerbitzuek ere, eta hor gu sartzen gara», adierazi zuen.

“Etxepe berean” txostenean, adituek gogorarazten dutenez, «guraso ez-erasotzaileen ehuneko handi batek ondoez emozionalaren eta traumaren sintoma esanguratsuak garatzen dituzte», horrek adingabeak behar duen laguntza emateko dakartzan traba guztiekin. Era berean, ikerlan asko ez badago ere, ikusi da ondoan horrelako kasu bat bizi izateak eraginak izan ditzakeela anai-arrebengan. Ikerketa batzuen arabera, biktimen antzeko sintomatologia barneratzen eta kanporatzen dute, «depresioaren eta antsietate sintomak barne».