GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
ANDONI CANELA
Argazkilaria eta kazetaria

«Nire lanak egiteko ero puntu bat behar da, ez dut konpetentziarik eduki»

Natura argazkilaria eta kazetaria da tuterarra. Denboran eta tokietan luzatzen diren proiektuen zalea, natura behatzeko patxada eta pazientzia behar direlako. Bere azken lana «Panteras» izenekoa da. Unai semearekin batera aritu da planetan dauden zortzi felidoak filmatzen.

Argazkiak: Jon URBE I FOKU

Duela 35 urte luze hasi zen Andoni Canela (Tutera, 1969) Ebro ibaiko bazterrak kuxkuxeatzen, Tutera jaioterrian. Kazetari eta argazkilaria, ofizioz eta afizioz, naturarekin jolasean aritu zalea da. Sona handia lortu du bere erreportajeekin eta dokumentalekin, azkena orain zinema aretoetan dagoen “Panteras” pelikula. Natura argazkilari baten hiru hamarkadetako bizipenak, une gozoak eta gogorrak izan ditu hizpide solasaldi honetan.

«Panteras» dokumentalak harrera bikaina izan du. Kontent?

Bai, noski. Arrakasta itzela izan du. Fikziozkoak ez diren pelikulen artean bigarren ikusiena izan da Katalunian, eta bost aste egon zen karteldegian han. Denbora asko da hori. Euskal Herriko hainbat zinema aretotan dago ikusgai, eta eskoletan ere eskaintzen ari gara. Jaso dugun feed back-a oso ona izan da, jendeari ez zaio astuna egin, gozatu dutela esaten digute. Ni neu eta Unai semea bertaratzen direnen zalantzak argitzen saiatzen gara emanaldiaren ondoren, eta horrek ere gure eta ikusleen arteko harremana sendotu du.

Zer ikusiko du dokumentalean ikusleak?

Planetan dauden zortzi felidoak filmatu nahi genituen, eta lortu dugu. Bost panterak dira: jaguarra, Amerikan; Afrikan, lehoia eta lehoinabarra; Asian, tigrea eta Asian bertan, baina Tibet aldean, elurretako pantera. Beste hirurak, hauexek: puma eta gepardoa, eta azkena, iberiar katamotza. 7 + 1 formula, guztira zortzi. Horiek filmatzeko prozesua erakusten saiatu gara. Filmatzen zailena elurretako pantera izan da, oso zaila baita ikusten. Lortu genuen, baina teleobjektibo baten bitartez, bi kilometroko distantziara geundela. Iberiar katamotza ere ez zen erraza izan, oso ale gutxi daudelako. Izan garen leku guztiak leku ezagunak izan dira niretzat, egona nintzen lehenago beste erreportaje batzuk egiten.

Ordu eta erdiko dokumentala da, zenbat denbora behar izan duzue lana osatzeko?

Lau urte eta erdi izan dira hara eta hona, hiruzpalau bidaia urtero, hiruzpalau astekoak. Lau bat hilabete, urteko, gutxi gorabehera. Gero postprodukzio prozesu guztia, edizioa, musika… Urtebete pasa eman genuen jo eta su, baina gozamena izan da dokumentalak zer itxura hartzen zuen ikustea. Bitarteko guztiak izan ditugu, oso polita izan da. Asko bete nau dokumentalak berak, eta dokumentala osatzeko bizi izan dugun guztiak.

Beldurrik sentitu al duzu noizbait?

Piztiengatik ez. Piztiak halako mezuak bidaltzen dizkizu, bere jarrera jakiteko. Lehoiak edo tigreak arazo bat izan daitezke guretzat, une desegokian toki okerrean bazaude, baina beste piztiekin ez du zertan arazorik egon, gizakia usaintzen dutenean ihes egiten dutelako. Lehoiak uxatzeko sua egiten da, adibidez, eta kanpin denda bat ikusten badu, ez da barruan sartuko, berak tela hori tranpa bat dela pentsatuko duelako. Gu, normalean, jenderik ez dagoen tokian ibiltzen gara, ez da safari bat. Piztiek auto pila bat ikusten badute, ez dira hurbiltzen, normalean. Auto bat ikusten badute, bi pertsonarekin, ez dute euren jarrera aldatzen. Hiltzeko arriskuan egon naiz, bai, baina mendian irristatu egin naizelako, edo euliekin, tropikoetan, ez piztien mehatxuarengatik. Zaila da piztiek gizakia bazka moduan ikustea. Noski, kumeekin badaude, eta zu 10 metrora, ba zure bila etorriko dira. Baina ez dugu hori egiten.

Une kritikorik bizi izan duzu bidaietan?

Bai, noski. Egun asko irudi ziztrin bat grabatu gabe, orduak eta orduak zain, baldintza kaskarretan, hotzagatik, euriagatik edo janariagatik… Une batean onartu egiten duzu egun horretan ez duzula ezer ikusiko, eta kito esaten duzu, ernegatzea okerragoa baita.

Eta piztiaren bat agertzen bada, zer? Zer sentitzen duzu?

Ba halako lasaitze edo poz hasperen bat egiten duzu. Piztia ikusten duzun lehen aldia bada, sentsazioa oso polita da. Dokumentua daukazula dakizu, oso une polita. Argazki onak, grabazio ona egiten saiatzen zara.

Dokumentalak osatzeko gidoiak egin zalea zara, edo inprobisazioa da nagusi?

Zaila da grabatu nahi duzuna grabatuko duzun edo ez jakin gabe gidoirik egitea. Buruan ideia asko dituzu, baina unea iristen denean, eta zortekoa bazara, ikusten duzuna grabatzen saiatzen zara, eta gero gerokoak. Unai semearen parte-hartzea funtsezkoa da dokumentalean (Unai Canela, Banyoles, Katalunia, 17 urte). Haurra denetik gabiltza hara eta hona, argazkiak egiten, grabatzen, eta protagonista nagusia bera da. Berak egiten du lokuzioa, abesti asko bereak dira… Bera da dokumentalaren haria, eta ni grabatzera edo argazkiak ateratzera mugatzen naiz. Paisaia, panterak eta Unai dira ardatzak.

Wanda ekoizpen etxea eta Espainiako TVE telebistaren babesa izan duzue, besteak beste, dokumentala egiterakoan. Horrek lana txukun egiten duzuela esan nahi du, ezta?

Baiezkoan nago. Babes horrek halako lasaitasun ekonomikoa suposatzen du nire familiarentzat, urte pare batez edo, baina ez pentsa beti hala izan denik. “El viatge de l’Unai” (Unai Canela, Andoniren semearen bidaia, 2016) ekoizteko urte eta erdi eman genuen bidaiatzen hara eta hona familia osoak: Neu, Meritxell bikotea, eta Unai eta Amaia seme-alabak. Horrek dirua balio du, familia bat egunero etxean zaudenean mantentzea bezala. Pelikula egin genuen, TV3 Kataluniako telebistak erosi zuen, oihartzuna eman zigun, eta ondoren Espainiako Mediaset eta Cuatro etxeek “Espiritu Salvaje” seriea erosi ziguten. Halako loraldi ekonomikoan murgildu ginen, baina irabazitako sosak berriro “Panteras” dokumentala ekoizteko erabili genituen. Brasilen egon gara, Botswanan, Tibeten, Patagonian… Horrek gastu handia suposatzen du.

Orain olatuaren aparrean zaude, askok pentsatuko dute: «Ederki bizi da Andoni, sosak irabazi eta irabazi!».

Ederki bizi naiz gustukoa dudana egiten lortzen dudalako jornala, baina ez dirua barra-barra daukadalako. Nire finantza egoera gorabeheratsua izan da natura argazkigintzan murgildu naizenetik. Une onak izan ditut, eta ez hain onak, egin ditudan lan askotan hilabeteak eman behar izan ditudalako sosik jaso gabe. Inbertsio moduan ikusten ditut epe horiek. Agian lan on bat egin, liburu bat, edo erreportaje sorta bat osatu, sosak kobratu, eta sos horiek gero beste proiektu bat abiatzeko erabili. Egonkortasun handirik ez dut izan, diru sarrera finko bat hilero. Irautetik asko izan du nire lanak.

«El viatge de l’Unai» pelikulan familia osoarekin ibili zinen hara eta hona denbora luzez. Orain, «Panteras» dokumentalean, Unai semearekin bakarrik. Erraza izan al da? Tentsio uneak sortu al dira egunerokoan?

Bueno, 13-15 urte bete arte ez zuen zertan arazorik egon Unairekin, baina hortik aurrera erraza ez: hiru aste segidan arroza jaten, itxaronaldi luzeak, Internet gabe… Nekosoa egingo zitzaiola uste nuen, nirekin bidaiatzeari uko egingo ziola denborak aurrera egin ahala, baina lau urteak iraun ditu nirekin. Gainera, antzera segitzen du orain, natura eta piztien maitale petoa da, mendian galtzeko grina dauka… “Entre Montañas” dokumentala egin du, berak bere kabuz, eta harro sentitzen naiz. Antropologia ikasten hasi nahi du, baina etxetik, bere bidaiak egiteko aukera edukitzeko.

«Panteras» filma baino lehen gauza asko egin dituzu. 35 urte daramatzazu ofizioan.

Bai. Asko dira. Dozena bat liburu argitaratu ditut, eta bi pelikula edo dokumental ekoiztu: Orain “Panteras”, eta aurrez “El Viatge de l’Unai”. Artikuluak ere ehunka argitaratu ditut. “National Geographic”-en, adibidez, lehen orriko erreportajeak lauzpabost esango nuke, eta beste 20 bat erreportaje edo bai. Nazioartean halako sona ematen dizu horrek, BBC Ingalaterrako komunikabidean ere argitaratu direlako nire lanak.

17 urte zenituenean, Tuteran, aitaren baratzean klik eta klik ari zinela, egin duzun guztia egingo zenuela esan izan balizute...

Ebro ibaiertzeko baratz haietan jolasean nenbilela uste nuen. Gero Bardeara ihesalditxoak egiten hasi nintzen, Erronkari eta Irati aldera. Han gau batzuetan mendian lo egin nuen, eta hortik etorri zen beste guztia. Bartzelonan Kazetaritza ikasi nuen gero. Hango Unibertsitate Autonomoko liburu denda batean klase askori uko eginez lanean hasi nintzen, dirutxo bat irabaziz. Udan, aurrezki horiekin Afrikara bidaiak egin nituen. Bost urtez hiru bat hilabetez egiten nuen hanka Afrikara: Madagaskar, Sao Tome eta Principe, Kamerun, Nigeria, Malawi, Namibia, Botswana… 18-21 urte nituela, bertakoen etxean edo kanpin dendetan lo egiten. Hori baino lehen Jamaikan hilabetea pasatua nintzen, isolatuta, «Gilbert» urakanaren ondorioz.

Natura argazkilaritza prentsakoarekin partekatu duzu urte askotan.

Beharko, irauteko. Komunikabide askotan aritua naiz. Kontzertuetako argazkilari izan nintzen hiru urtez “RockdeLux”, “Popular 1” eta “Full Metal” aldizkarietan. “Euskaldunon Egunkaria”-n argazkiren bat egin nuen, eta argazkilari-kazetari jardunean “La Vanguardia” kazetan hasi nintzen, Bartzelonan. Suteetako argazkiak ateratzen, 1992an. Natura nire pasioa zen, eta sosak ateratzen nituen, baina ez bizirauteko lain. Natura argazkigintza prentsako argazkilari lanarekin tartekatzen nuen. 1993-94an “GEO” aldizkarian argitaratu nituen argazki batzuk, geroago “National Geographic”-en, “El Mundo” kazetan, “La Vanguardia”-n erreportaje batzuk Erronkariko Abelbideaz… Hor jarriko nuke langa, naturako argazkigintza nire bizibide bilakatu nuen garaia. Orduz geroztik mende laurden pasatu da.

Ez zarete asko izango hori lortu duzuenak.

10-15 urte atzera, gurean natura eta bidaiak ardatz zituzten dozena bat argitalpen zeuden. Ondo ordaintzen zuten, eta natura argazkilarion lana baloratzen zuten. Espainiako egunkari handi guztiek zuten igandeko agerkarietan natura edo bidaiei buruzko sekzio garrantzitsua. Aro horretan argazkilari izan nintzen erabat, argazkiekin bakarrik jornala ateratzen nuelako. Egun, edo urte batzuetatik hona, igandeko agerkarietatik desagertu egin dira natura eta bidaia erreportajeak, eta agentziek landutako publirreportajeak bakarrik jorratzen dituzte, musu truk emandakoak. Natura argazkilarioi ere lanak proposatzen dizkigute, baina musu truk. Sare sozialak indartzearen poderioz, argazkilari on askok euskarri horietan argitaratzen dituzte argazki horiek, oihartzuna bilatze aldera. Natura argazkilaritza zaletasun edo hobby gisa zeukaten argazkilari askok sekulako maila lortu dute, askotan argazkilari profesionalak direnak baino hobeagoa. Euren lana, baina, sare sozialetan geratzen da. Hau guztia diot norbera nahi duena egiteko libre dela nabarmenduz. Neuk, zorionez, egoera zer bide hartzen ari zen sumatu nuen, eta espezializatzen hasi nintzen.

Nola?

Hartz arreen inguruko lanak egiten, adibidez. Horrek suposatzen du zure lanak emaitza izateko akaso bi edo hiru urte behar dituzula, Kantauriar mendikatera hurbildu nintzenean 90 hartz bakarrik zeudelako. Eta arrakastarik izateko bermerik gabe. Liburua osatu nuen Hartz Arrearen Fundazioarekin elkarlanean, eta arrakasta izan zuen. Gero katamotz iberiarraren bila aritu nintzen. Inork egiten ez zuen lana. Antzera eguzki-arrano iberiarrarekin, eta tartean, nola ez, nire basapiztia gustukoenarekin, otsoarekin. “Durmiendo con lobos” liburua argitaratu nuen. Lan konplexuak denak, denbora eskatzen dutenak, eta jakina, halako koltxoi ekonomiko bat behar dutenak. Nik, zorionez, baneukan, eta akaso, lankide askok ez. Bide zailetik joan izan naiz beti, epe luzeko lanak egiten, eta konpetentziarik gabe. Izan ere, inork ez du nik egindakoa egiten, nire lanak egiteko erotu samar egon behar duzulako.

Argazkilaria eta kazetaria zara. Bata ala bestea gehiago?

Kazetari jarduna nabarmendu nahi nuke, liburuak edo erreportaje txukunak osatzerakoan argazkilari soil izanda nekez lortzen delako oihartzuna. Argazki onak behar dira, noski, baina idazkera txukuna ere bai. Horretan trebatu naiz batez ere. Sarri, natura edo bidaia argazkilaritza postal edo argazki soiletan geratzen da. Hori egiten dutenak gutxiesteko batere intentziorik gabe plazaratzen dut iritzi hori. Nik istorio bat daukat, istorio berezi bat, eta argazkiez gain, istorio hori hitz egokiekin jostea ezinbestekoa da. Zuk argazki on bat egin, baina testuinguru egokian jartzen ez baduzu, jai duzu. Zer naizen, edo zer nahiago dudan galdetzen badidazu, erantzuna argia da. Argazkilaria naiz, kazetaria baino gehiago. Kazetari jardunean plano samarra naizela esango nuke, kosta egiten zait distira lortzea. Argazkiekin, aldiz, hobeto moldatzen naiz.

Irakurleak zeri erreparatzen dio gehiago? Argazkiari edo testuari?

Egungo irakurleak sakelako pantailari eragiten dio gorantz eta beherantz, eta ez du argazkirik begiratzen. Sarean artelan itzelak ikusten dira, baina ez ditugu baloratzen, milaka argazki jaso baititzakegu oso tarte txikian.

Hiru toki gustukoenak aukeratzeko eskatuko banizu, zaila, ezta?

Konpromisoa. Madagaskar, Nepal… 30 toki esan nitzake.

Zer egingo duzu etorkizun gertuan?

Antzera jarraitu… Otsoekin zerbait berezia egin nahi nuke, Mongoliara joan ere bai. Han elurretako panterak omen daude.