11 DIC. 2021 MEDIKU HUMANOAGOAK Pertsona bere osotasunean artatzeko liburu bat plazaratu du Maialen Berridik Maialen Berridi familia mediku donostiarrak «Medikuaren oinarrizko gaitasun profesionalak» liburua argitaratu du UEUrekin, Osasungintza Euskalduntzeko Erakundearen Agote saria jaso ondotik. Pertsona bere osotasunean artatzeko, berarekin komunikatzeko eta alor bioetikoak lantzeko eskuratu beharreko gaitasunak azaltzen ditu. Maider Iantzi Eri dagoen pertsona baten aitzinean jarriko den edozein osasun profesionalentzat lagungarri suerta daitekeen tresna bat da “Medikuaren oinarrizko gaitasun profesionalak” liburua (UEU). Maialen Berridi Agirre familia mediku donostiarrak idatzi du, Osasungintza Euskalduntzeko Erakundearen Agote sariari esker. Gipuzkoako Familia eta Komunitate Arretako Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalean ari da Berridi 2017tik, eta komunikazio klinikoa eta genero ikuspegia dira bere lan ildo garrantzitsuenak. Solasaldi baten bidez aurkeztu zuen berriki liburua, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoan, Donostian. Bertan kontatu zuenez, ikusten zituen hutsuneak bete nahian hasi zen idazten. «Euskaraz eskainitako osasun arloko irakaskuntzarako materiala ugaritzen ari bada ere, graduondoko formakuntzan eta egunerokotasunean medikuok dugun formakuntza jarraian gaztelania da nagusi», azaldu zuen. «Gero eta gehiago dira euskarazko liburu akademikoak eskatzen dituzten profesionalak». Gainera, mediku batek izan beharko lituzkeen gaitasun profesionalez hausnartu nahi zuen. Azpimarratu zuenez, gaitasunek harreman estua dute familia medikuen ezaugarriekin: arreta zuzena, pazientearekin erlazioa… Eta familia medikuntzak ekarpen handia egin dezake mundu akademikoan. «Ez dago arlorik, katedrarik honen inguruan unibertsitateetan, eta egon beharko litzateke». Lan tresna bat eskaintzea izan da asmoa, egunerokotasunean barnera daitekeena eta behin ikasita azkenean nahi gabe aterako dena. Bestalde, etorkizuneko medikuak nolakoak izanen diren gogoeta zabaltzen saiatu da. «Orain arte medikuntzaren bilakaera garapen zientifiko-teknologikoarekin oso lotuta egon da, hori menderatzeari eman zaio garrantzia; alor humanistiko-soziala, ordea, alboratua egon da. Leioako unibertsitatean bi ikasgai baino ez daude hauekin lotuta, eta egunero ari gara pertsonekin lanean. Gizatasun hori berreskuratu behar da», egin zuen aldarri. Kulturarekin lotutako aldaketa garrantzitsu bat gertatu dela nabarmendu zuen: oraingo pertsona gaixoak ez dira lehengoak, eta erantzun ezberdinak eskatzen dizkiete sendagileei. Ondorioz, horiek komunikazio klinikoan eta arlo bioetikoan gehiago garatzera behartuta ikusi dute euren burua. «Norbanakoan jarri behar dugu arreta pertsonak artatzean. Aldakortasuna bizitzaren legea da; bi aurpegi berdin ez dauden era berean, ez dira egongo ezohiko egoeren aurrean berdin jokatuko duten bi pertsona», esplikatu zuen. Gaitasun profesionala helburu bat lortzeko borondatez egindako ekintza kate bat da. Nahi izanez gero, behin eta berriro errepika daitekeena. Berridiren erranean, hiru alor landu behar dira hori lortzeko: «Ezagutza, abilezia eta balioak». Jesus Moran mediku-hezkuntzan adituak zazpi gaitasun aipatu zituen: profesionaltasuna, komunikazioa, pazientearen zainketak, ezagutzak, osasun sisteman oinarritutako praktika, etengabeko ikasketa eta hobekuntza, eta informazioaren maneiua. Generoa Donostiako familia medikuak bertze gaitasun bat gehitu zuen: generoa. Izan ere, pertsonen eta populazioen bizitza hainbat faktorek baldintzatzen dute: ekonomikoak, sozialak, kulturalak... «Faktore horiek mugatzaile sozialak dira eta osasun sistemek baino eragin handiagoa dute osasunean. Azken urteetan, ongizatea hobetzeko helburuarekin, begirada mugatzaile sozialetara zuzentzen ari da, eraginkorragoa izango baita horiek aldatzea norbanakoen tratamendu edo aldaketak jorratzea baino». Mugatzaile sozialen eragina agerian geratu da pandemian ere. «Generoa gizartearen eraikuntza bat da, eta gaixotzeko ahalmena du, emakumeak egoera sozial, ekonomiko eta kultural kaskarrenean daudelako». Osasun zientziaren garapenean hutsune nabarmenak egon dira emakumeen osasun arretan. Erraterako, «ikerketak historikoki gizonekin egin dituzte eta zuzenean emakumeekin berdin joka zitekeela ondorioztatu da, beraien ezberdintasun biologiko bakarra ugal-aparatua zelakoan. Gaixotasun kardiobaskularrak gutxietsi dira eta gaixotasun mentalaren aitzakiarekin gehiegizko medikalizazioa bultzatu da». Honekin batera, emakumeen ohiko patologiak ez dira ikertu eta gutxietsi egin dira; anemia, tiroide gaixotasunak eta eritasun autoimmuneak kasu. Azkenik, generoa patogeno gisa ulertzeko, emakumeen gainkarga aztertzea komeni da. «Barneratutako rol eta aginduen ondorioz, aurrera eramateko betebeharrek gaixotzen dituzte eta baita rol horien kontra borrokatzeko grinak ere. Gainkarga, urduritasuna, mina eta nekea dira gaixotzera eramaten dituzten sintomen atzean dauden ondoez nagusiak». Metodo klinikoa Boladan dago pertsona erdigunean jartzen dela erratea. «Baina aldaera oso desberdinak daude. Medikuntza pertsonalizatua sortu zen aurrena, genoma aztertzearekin eta onkologiarekin lotuta. Hori asko garatu da. Honekin lotuta, talde edo gaixo zehatz batzuekin egiten den medikuntza sortu zen. Horrek zerikusi handiagoa du garapen molekularrarekin». Azaldu dugun bezala, genetika ez da, ordea, gaixotzen gaituen bakarra. Michael Balint pazientearengan zentratutako metodo klinikoa garatzen hasi zen. Pertsona bere osotasunean aztertzen zuen, bere ideiak, sentimenduak eta testuingurua aintzat hartuz. “Paziente” hitza baztertzen ari dira orain, eta pertsona aztertzen da bizitza osoko eboluzioan ulertuz. Etorkizuneko osasun profesionalarentzat alor humanistikoa eta filosofikoa garatzea ezinbestekoa izanen dela aldarrikatu zuen Berridik. «Oso garrantzitsua da gaixotasunaren atzean gauza gehiago badirela ikastea; hau da, desberdintasun sozialek osasunarekin zerikusia dutela eta ditugun baliabideak ez direla soilik preskribatzen diren medikamentuak, baizik eta testuingurua, familia, osasun sarea eta osasunerako prebentzio eta promozioko politikak ere kontuan hartu behar direla». Osasuna sustatu Eritasuna baino, pertsona bera artatzea da donostiarrak egiten duen proposamena. Alde batetik gaixotasuna lantzea; bertzetik, testuingurua eta sendagilearen eta pazientearen erabakien arteko adostasuna. Sintomez gain, modu orokorrago batean behatuko du medikuak ondoeza, pertsonaren dimentsio guztiak ulertzen saiatuz. Gainera, ez du soilik gaixotasuna tratatuko, baizik eta osasungarriak izan daitezkeen joerak bultzatuko ditu. Testuinguruari dagokionez, hurbilekoa garrantzitsua da (harremanak, familia, lagunak…), baita kanpokoa ere (mugatzaile sozialak). Horrekin, elkarrekin proiektu bat eraikitzen ahaleginduko dira sendagilea eta artatua den pertsona. Erabaki partekatu bat hartuko dute. «Bi adituren arteko topaketa kliniko bat izan behar du», azaldu zuen liburuaren egileak. Sendagilea medikuntzan da aditua; artatua den pertsona, aldiz, bere bizitza eta ezaugarrietan. Topaketa honetan sei puntu zehaztu zituen: «Gaixotasuna eta gaixoaren ondoeza eta bizipena aztertzea; pertsona osotasunean ulertzea; akordio batera iristea; prebentzioa bultzatzea; sendagilearen eta pazientearen arteko harremana hobetzea; eta errealistak izatea medikuaren zein gaixo dagoen pertsonaren baliabideei dagokienez». Nola egin hau lau minututan? Nola eramanen du sendagileak hau guztia praktikara paziente bakoitzeko hiru-lau minutu baditu? Jakina da Lehen Arreta bereziki gaindituta dagoela. «Denbora gutxirekin gabiltza, baina ikerketetan ikusi denaren arabera, hasieran eskaintzen duzun denbora etorkizunean berreskuratuko duzu». Erantsi zuenez, dagoeneko lan hau egiten ari dira. «Gaixoak sortzen du beharra, eta gu egokitu egin gara. Proposamen honek eraginkorrago izateko balio du. Gaixo batzuk behin eta berriro datoz eta ez dugu lortzen sendatzea edo ondoezaren atzean dagoena jakitea. Metodo honekin zerbait eskainiko dugu hobetzeko». Argitu zuenez, ez da beti erabili behar, baizik eta behar hori sumatzen duten aldietan. Adibidez, sintoma korapilatsuak agertzen direnean. Komunikazio klinikoa Sendagileen lanean komunikazioa etengabea den arren, orain arte berezko ezaugarri bat zela pentsatzen zen: pertsonaren izaeraren arabera hobeki edo okerrago komunikatuko du, jatorra izanen da edo ez. Baina, Maialen Berridik azpimarratu zuenez, «eraginkorrak izatea» bilatzen da, «ez jatortasuna». Horretarako, elkarrizketa kliniko egituratu bat proposatzen du, «lau fase logikorekin». «Aurrena gaixoarekin konektatuko gara eta gure harremana eraikitzen hasiko da; arakatze fasean informazioa lortuko dugu; ebazpen fasean arazoa maneiatuko dugu, guk hitz egin behar dugun momentua izango da; azkenik, itxiera fasea dator». Hainbat teknika ikas daiteke entzumen aktiboa lantzeko eta informazio eraginkorra emateko, baita enpatia eta asertibitatea hobetzeko ere. Teknikak miaketa fisikoaren teknikak irakasten diren zorroztasun berberaz irakatsi behar direla defendatu zuen Berridik. «Izan ere, esperientzia hutsak, kasu hauetan, bide okerretik eraman gaitzake. Konpetentziak eskuratzea progresiboki gauzatu beharreko zeregina da, osasun formakuntza osoan, baina ezinbestekoa izango da gaitasun profesional horiek ondo definituta egotea eta, horien guztien artean, edozein osasun langilerentzat oinarrizkoenak direnak zehaztea». Agertu zuenez, sarri, esparru desberdinetan aipatu izan da mediku on bat izateko onena asko jakitea, eguneratua egotea eta puntako berrikuntzetan jantzia egotea dela. Ikasleek zein profesionalek ez diote garrantzirik ematen alor humanistikoa edo filosofikoa lantzeari. «Horrek medikua gaixoarengandik urruntzea eragiten du, gizatasuna galtzea, alegia». Bioetika Pertsona bakoitzaren sinesmen eta balioen arteko talka aztertzen duen zientzia da bioetika. «Hutsune handiena nabaritu dudan alorra da, bai graduko bai graduondoko ikasketetan», aitortu zuen familia medikuak. Bioetikarekin lotutako arazoak mahai gainean daude, ordea, eutanasiaren lege berriarekin lotuta, adibidez. Printzipio etikoak landu ditu, zuhurtzia, eta deliberazio etikoa. Azaldu zuenez, printzipio etikoak aspaldikoak dira; lagungarriak dira arazoak konpontzeko, baina mugatuta daude. Balioen talka aztertzeko sei puntu planteatzen ditu liburuan: gertaera aztertzea; arazo etikoaren zehaztapen berria egitea; talka egiten duten balioak identifikatzea; betebeharrei buruz eztabaidatzea; baliozkotasunaren proba (erabakia legearen barruan dago? Publiko egiteko gai izango ginateke?) eta denborazkotasunaren proba egitea (hemendik urte batera erabaki bera hartuko genuke?); eta amaierako erabakia ixtea. Negoziatzeko aukera Gaixoak zer egingo du orduan, berak nahi duena? Hori izan daiteke mediku batzuen kezka. «Autonomiaren printzipioak mugak dauzka. Zeharkako harremana bilatzen dugunean ez diogu gure lana egiteari utzi behar; klinikoak izaten jarraitu behar dugu, gure helburuak argi izanik. Kontua negoziatzeko aukera ematea da. Orain arte ez genuen egiten. Orain zure lehentasunen eta nireen artean zer jarriko dugun lehenbizi eta zer bigarren adosten dugu». Donostiako sendagilearen arabera, horrela pazientea gusturago egonen da. Ahaldundu eta bere osasunaz jabetuko da. FAMILIA MEDIKUEN EZAGUERAK Medikuntzako gradu-aurrean, familiako medikuntzari buruzko ikasgai bat izatea etorkizuneko medikuak egoki prestatzeko berme bat litzatekeela uste du Maialen Berridik. Ohartarazi du familia medikuak direla mediku espezialisten artean kolektibo handiena, eta egoiliarren %30ek batez beste familiako medikuntza aukeratuko dute. «Jaurlaritzak diru gehien inbertitu beharko duen espezialitatea bada ere, Medikuntzako Fakultatean ez du inolako pisurik eta orain hasi dira ikasgaiaren inguruan lanean. Ondorioz, espezialitatea aukeratuko duten medikuek ia ezezaguna zaien alorra aukeratu beharko dute». Familia eta komunitateko medikuntzaren ezaugarriek sendagileak behar dituen oinarrizko gaitasunak eskuratzeko eta garatzeko espezialitate apropos gisa definitzen dutela deritzo. «Akademikoki, familiako medikuek ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte medikuntzako fakultateetan, graduondoko formakuntzan eta formakuntza jarraituan. Familia medikuntzak berezkoak dituen ezaguera, trebetasun eta jarrerak (abordatze biologiko, psikologiko eta soziala uztartzea kasu) ezinbestekoak dira edozein medikuren prestakuntza osatzeko». «Bi adituren arteko topaketa kliniko bat izan behar du», azaldu zuen Berridik. Sendagilea medikuntzan da aditua; artatua den pertsona, aldiz, bere bizitza eta ezaugarrietan «Gaixo batzuk behin eta berriro datoz eta ez dugu lortzen sendatzea edo ondoezaren atzean zer dagoen jakitea. Metodo honekin zerbait eskainiko dugu hobetzeko» «Gaitasun hauek garatzeko ezaugarri aproposena familia medikuak du, harremana luzarokoa delako, baina badira teknikak aldaketak daudenean ere balio dezaketenak» «Komunikazio kliniko telefonikoan adituak bihurtu gara. 10 minutuan informazio pila lortzen dugu. Baina gaixoa telefonora ohitzea zailagoa izaten da», onartu zuen profesionalak