GAUR8 - mila leiho zabalik
DIONEWAR BISITAN

Plastikoa birziklatzeko makina ikustera, beste mundu bat ezagutu eta berea ezagutaraztera

Mondragon Unibertsitateko Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleek plastikoa birziklatzeko prentsa bat diseinatu zutela jakin zuenean, Ndank Ndank elkarteak Dionewarren erabilgarri izango zela pentsatu eta harremanetan jarri zituen irla harekin. Hango gazte talde bat Hernaniko Orona Ideon izan da, makina ikusteko eta hemengo berri jaso eta hango berri emateko.


Hernaniko Orona Ideo campusean bisita berezia jaso zuten azaroaren 26an. Senegaldar talde bat joan zen Mondragon Unibertsitateko Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritzako ikasleek diseinatu duten birziklatzeko makina ikustera. Dionewarko bisitari horiei euren irlako ingurumena zaintzen lagunduko dien makina da, hango itsasoko plastiko ugariak prozesatzeko prentsa, hain zuzen.

GAUR8k proiektuaren berri eman zuen joan den uztailean, prentsaren prototipoan hobekuntzak egiteko fasean zirela, eta orain, dionewartarren bisita dela-eta, berriro hitz egin du Mondragon Unibertsitateko irakasle birekin: Angel Gallorekin eta Ekoteknologia Industrialak graduaren koordinatzaile Nuria Herrerorekin.

Euskal Herrian eman dituzten egunetan, makinak nolakoak diren ikusi, nola dauden osatuta, eta zerbait konpondu behar baldin badute nola egin ikasi zuten Dionewarko gazteek. Beste alde batetik, euren lurraldeko beharren arabera zer pieza berri egin daitezkeen eztabaidatu zuten hemengo ikasleekin. Gallok dioenez, hori ez baitzeukaten oso argi, eta datorren seihilekoan ikasleek proiektua lantzen jarraituko dutenez, «pixka bat nondik jo» jakin nahi zuten.

Baldosak eta teilak egin izan dituzte Orona Ideon sortutako prentsarekin: «Guk horrelako gauza praktikoak egin izan ditugu. Beharbada momentu honetan ez daukate horrenbesteko beharrik zentzu horretan, baina irten zen ideietariko bat izan zen guk hemen erabiltzen ditugun biserak egitea, parte bat plastikozkoa dutenak, beraien estetika eta moldaera izango luketenak, baina plastikozko parte hori behar dutenak». Gauza batzuk guztiz dekoratiboak izan daitezke, beste batzuk funtzionalak, baldosak eta halakoak. Oraindik bideak aztertzen dabiltza.

Beraz, formakuntza tekniko txiki bat jasotzera etorri ziren, proiektuaren alde hori bertatik bertara ezagutzera, baina baita hemengo kulturaren berri jaso eta eurenaren berri ematera ere.

Elkarren berri jakitea

Izan ere, han nola bizi diren, hemengo gazteen eta haien arteko desberdintasunak ezagutzea ere bazen helburua, bi munduak harremanetan jartzea, alegia.

Dionewar eta Ekoteknologietako Ingeniaritza graduko ikasle eta irakasleen arteko harremana 2019an hasi zen. Ndank Ndank elkarteak Debagoienaren eta Senegalgo Dionewar irlaren artean lokarri sendoak eraikitzen ari denak, Ekoteknologietako Ingeniaritzak plastikoak birziklatzeko prentsa egiteko proiektuaren berri izan zuenean, haiengana jo zuen. Elkarteko kideak Dionewarren izan ziren eta bazekiten han arazoak zituztela plastikoekin. Gallok dioenez, pixkanaka ohartzen joan ziren ez zutela makina batera mugatu behar, baizik eta proiektua beste eremu batzuetara eramatea komeni zela.

Ndank Ndank elkartearen helburuetako bat Senegaldik jendea ekartzea zen, hemengo errealitatea ezagut zezan. «Haiek hau, Europa, oso idealizatuta daukate, eta hemen benetan nola bizi garen eta beste etorkin batzuek zer-nolako zailtasunak izan dituzten jakitea nahi genuen, gero, gazte horiek etxera bueltatzean, hemen ezagutu dutena konta dezaten», dio Herrerok.

Ez da noranzko bakarrekoa

Astelehena irakasleekin eman zuten Senegalgo bisitariek. Eureka zientzia museora eta Txillida Lekura joan ziren, eta hainbat gauzaz hitz egiteko aukera izan zuten. Modu ez-ofizialean etortzen direnak oso gaizki pasatzen dutela jakinda, modu ofizialean etortzea nolakoa izango litzatekeen jakin nahi zuten, masterren bat eginda, esate baterako. «Guk esan genien masterrak egiteko titulu ofizialak eskatzen direla, eta ez dela hain erraza, dirua ere behar dela», gogoratu du Herrerok.

Irakasleok nabarmendu dutenez, proiektu honen filosofia, Ndank Ndank elkartearena bezala, ez da zerbait sortu eta senegaldarrei edo beste norbaiti ematea, «ez da noranzko bakarreko zerbait, ulertzen dugulako hori ez dela arazoak konpontzeko bidea. Proiektu honen helburuetako bat da teknologia bat abian jartzen irakastea, hemen garatu ditugun gauza batzuk haiei erakustea, nola egin dugun eta zergatik egin dugun, baina gero eurek hobetzea, ikastea nola egiten den eta eurek garatzeko aukera hori ematea», azaldu du Gallok. «Euren ingurunea garbitzeko aukera ematen die proiektuak, eta are nolabaiteko industria txikitxo bat abian jartzeko».

Ingeniaritza eskola bat direla baina nolabaiteko helburu soziala ere badaukatela nabarmendu du Herrerok: «Gure helburuetariko bat da erakustea nola ingeniaritzak pertsonen bizi kalitatea hobetzeko ere balio dezakeen, eta kasu honetan era oso zuzenean. Horregatik, elkartearekin daukagun harremana ez da proiektu bakar batera mugatu, baizik eta lan ildoa daukagu». Ikasleek azaroan elkarteak egin duen dokumental baten proiekzioa ikusi zuten etorkinen arazoak ezagutzeko, eta lagun baten lehen eskuko testigantza ere entzun zuten.

Ikuspuntu integrala

«Guk hemen daukagun tituluak Ekoteknologia Industrialak du izena, eta jorratzen ditugun proiektuek ‘eko’ puntu bat izan behar dute, jasangarritasun ekologikoaren inguruko puntu bat», dio Gallok. Proposatu zieten lehenengo proiektu horretaz gainera, bidean beste batzuk sortu dira. Orain lehenengo mailako ikasleekin beste proiektu bat garatzen hasi dira argia doan lortzeko, inolako kutsadurarik gabe. Herrerok dio teknologiak beharrezkoak direla, «produktuak sortzea beharrezkoa dugu eta egin behar duguna da produktu berdinak sortu, baina ingurumenean daukaten inpaktua murriztuz. Gure produktuek lehiakorrak izan behar dute bai teknikoki bai ekonomikoki, baina baita ere inguruneari dagokionez». Ikuspegi integral horrekin lan egiten dute gradu horretan.

«Guk uste dugu pertsona batek ingeniari bat kontratatzen duenean aintzat hartuko duela ezagutza teknikoak badituela, eta gure ikasleek badituzte; gainera, guk gure ikasketa planak beti enpresekin kontrastatzen ditugu. Azkenean, enpresek behar ez duten profil bat sortzeak ez dauka zentzurik; orduan, industriarekiko hartu-eman horrekin, gure industriak, gure enpresek behar dituzten profilak sortzen ditugu, baina horretaz gain, baloratu behar gaituzte beste gauza batzuengatik: nola egiten dugun talde lana, nola komunikatzen ditugun gure ideiak, nola konpontzen ditugun arazoak… Aspaldi hasi ginen beste metodologia batekin, eta horrekin gaitasun teknologikoa ez ezik, zeharkako konpetentziak ere garatzen ditugu», azaldu du Herrerok.

«Esaten da ingeniariok burua oso karratua daukagula eta gauza batzuez bakarrik pentsatzen dugula… eta egia da, horrelakoak bagara –dio Gallok barrez–, baina beste ikuspegi hori, sozialagoa, gizarteak dauzkan ardurei kasu egitea eta horiek uste dugu ezin ditugula ahaztu».

Bisitari senegaldarrek oso positiboki baloratu zuten hona etorri eta ikasleekin egon izana, haiekin hitz egitea eta euren bizimodua kontrastatzea. Euren adineko jendearekin oso gustura egon zirela eta oso aberasgarria izan zela esan zieten irakasleei. Aberasgarria denentzat, Herrerok dioenez, ikasleak ere hunkituta geratu baitziren, eta horrelakoak maizago egiteko eskatu baitzieten. «Baina astero ezin da egin».

Hasieran beldur pixka bat ere bazuten, gogoratu dutenez, ez ote ziren batzuk eta besteak lotsatuko: «Bi mundu ezberdin dira eta hizkuntzekin ere zailtasunak daude… baina oso giro onean amaitu zuten, poz-pozik».