GAUR8 - mila leiho zabalik

hooks: dialektikan trebatutako indar askatzaile bat


Asteazken arratsean bell hooks hil zela jakin genuen eta egunkarian hilberria egiteko ardura hartu nuen. Gogoz eta halabeharrez hartu nuen lana, bi gauzak batera, ez baita erraza. Lehenik eta behin, gizonok feminismoaz aritzen garenean arriskutsuak garelako. Protagonistak, harroak, erridikuluak, ezjakinak… matxistak izateko arrisku handia dugu.

Ondorioz, zaintza handia dago. Eta tentsioa. Halere, nire ustez alternatiba ez da gauzak ez egitea, baizik eta gauzak ondo egiten saiatzea. “The Guardian”-en ikusi nuen beraiek Margaret Atwoodi deitu ziotela, hooks-i buruzko bere iritzia ezagutzeko. Guk Itziar Ziga, Maitena Monroy eta Jule Goikoetxeari deitu genien. Lehendabiziko bien ekarpenak hilberrian daude. Txikikeria bat dirudi, baina biek «ordu laurden barru deituko dizut» esan zidaten. Ziur asko, nik bat-batean erantzungo nukeen, baina itxoin eta ondo pentsatzea aukera hobeagoa dela uste dut. Goikoetxea ez genuen garaiz harrapatu eta hurrengo goizean bidali zuen esaldia; ederra dela uste dut: «Krudeltasuna xamurtasunez beztitzen zuen bell hooks-ek, ez hura estaltzeko, ezpada haragi gorritan hura besarkatu eta erailtzeko».

Ostegunean, egunkari britainiarrak bell hooksen esaldien bilduma argitaratu zuen. Orokorrean, katilutxoetan inprimatzeko moduko esaldiak gorroto ditut. Sarri, ostadarrez atondutako katilu horietan pozoia, zinismoa edo ezjakintasuna besterik ez baita edaten. Gehiago jakin nahi izateko amuak ere izan daitezke, ordea. Hala bedi. Helburu horrekin, hemen bilduma laburregi bat:

Feminismoaz

«Feminismoa sexismoari, esplotazio sexistari eta zapalkuntzari amaiera ematea bilatzen duen mugimendua da».

Marjinalitateaz

«Marjinalitatea gabezien toki bat baino askoz gehiago da; izan ere, ni kontrakoa esaten ari nintzen, [marjinalitatea] aukera erradikalen tokia ere badela, erresistentziarako toki bat dela».

Justiziaz

«Ezin dugu zurien nagusitasuna borrokatu jendeari ez badiogu justizia maitatzen erakusten. Zure arrazari, sexualitateari eta generoari diozun leialtasuna baino gehiago maitatu behar duzu justizia. Hau justiziaz doa».

Maitasunaz

«Maitasuna sakonki politikoa da. Gure iraultzarik sakonena egia hori ulertzen dugunean etorriko da».

Gizonez

«Patriarkatuak gizonezkoei eskatzen dien lehendabiziko biolentzia ekintza ez da emakumeen aurkako biolentzia. Horren ordez patriarkatuak gizonezko guztiei automutilazio psikikozko ekintza batean engaiatzeko eskatzen die, beren alderdi emozionalak erailtzeko eskatzen die».

Azken aipu honi buruz, «friendly disclaimer» bat: ‘Feminism is for Everybody’, zalantzarik gabe. Halere, ni izango bazinete bezala ezagutzen zaituztedanez, gizonak, ez dezagun hooks erabili gure burua zuritzeko. Are gutxiago dominazio estrategiak sofistikatzeko. Zenbait pasarteren irakurketa ustel batek tentazio hori piztu dezake. Ekidin. Lotu hooksen indar askatzaileari. •