18 DIC. 2021 Txoria nintzela Maider Iantzi Goienetxe Txoria nintzela, txoria nintzela, sinistu nuen sinistu...». Hegaztien urrun begiratzeko gaitasuna dakarte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek “Kuikui” lan berrian. Miopia garai hauetarako ezin aproposagoa. Kantu hori ahapeka ibiltzearekin batera, egunotan irakurri dudan aipu bat apuntatu dut koadernoan: «Egizu korrika, egizu hegan, erortzen bazara nik lagunduko dizut». Pigmalion efektua deitutakoarekin du harremana. Honen arabera, haur bati lasterketa bat korritzera doala «erori eginen zara» erraten badiozu, bai edo bai eroriko da. Aldiz, animatuz gero, deus erranen ez bazenio baino hobeki moldatuko da. Bizi osorako balio duen efektu honek gure hitzen boterea erakusten digu eta oroitarazten digu egunero dugula aukera jendeari (aurrena geure buruari) hegalak mozteko edo hegan egiten laguntzeko. Aldea dago «zara» eta «egin duzu» edo «ez duzu egin»-en artean. «Alferra zara», edo «ez duzu lanik egin». «Motela zara», edo «ez zara azti ibili». Sarri erabiltzen ditugu «ni naiz», «nik inoiz», «nik beti» eta halako esapideak, bai gutaz bai bertzeez ari garenean. Izan ere, sinesmen mugatzaile aunitz ditugu, txiki-txikitatik bertzeengandik jaso ditugunak, etxetik hasita. Oroitzen zara zure umetako etiketaz? Hagitz litekeena da oraingoa berdina izatea. Eta zer da garrantzitsua zuretzat? Zure balioez galdetzen ari naiz, ez zure ingurukoenez. Honekin lotuta, zeintzuk dira gozatzen dituzun gauzak? Zeintzuk dira zure ezkutuko iturriak edo dohainak? Txikitan edo gaztetan ongi, zure lekuan sentiarazten zintuztenak eta urteekin uzten joan zarenak? Podcast batean aditu nuen honen inguruan (Club de Malasmadres) eta ariketa hauek probatzen hasi naiz. Konpartitzea da nire balioetako bat eta hortik gonbidapena... «Amets polit hura, amets polit hura gaur ere nahi nuke sinistu». •