24 DIC. 2021 Metabertsora ihesi edo Euskal Herrian lan eta bizi Ramon Sola Hurrengo hamarkadetako arrisku larrienetako bat errealitate birtualaren eskutik datorrela irakurri berri dut. Facebookek hedatu nahi duen metabertsoaren eskutik, hain zuzen ere. Broma gutxi; inoizko inbertsio handiena ari da egiten erraldoi teknologikoa eta markaren beraren aldaketa ekarriko duela aurreratu du (Facebook-etik Meta-ra). Dena jokoan jarriko du Zuckerbergek, aitzindari izan zen Second Live hura bezala amai ez dadin (gogoratuko duzue, 2006tik 2010era arrakastatsu-edo izan zen, azkenean basamortuaren itxura hartu aurretik). Jakina, haur jolasa zen hura laster etorriko denaren aldean. Etxeko aulkitik mugitu gabe, kaskoa eta betaurrekoak jarrita lankideekin bilera gelan, lagunekin kontzertuan, seme-alabekin futbolean edo Alex Txikonekin Everesteko gailurrean egotea ahalbidetu digu. Eta zein da arriskua, bada? Birtuala dena erreala dela sinisten bukatzea, zinez. Bata zein bestearen oroimenak nahastuz hasieran eta bateko eta besteko bizipenak konfundituz geroxeago. Ez gaude urruti. Lehenengo berri txarra metabertsoen zaleentzat: gaur-gaurkoz behintzat errealitate bat eta bakarra dago, gustuko ditugun gauzak, gustuko ez ditugunak, bai eta gorroto ditugunak ere, barnebiltzen dituena. Egitateek osatzen dutena, alegia. Tira, egiari zor, metabertso politikoen sortzaileek hau ere iraultzeari ekin diote: «egitate alternatiboak» izan badirela asmatu zuen Donald Trumpen eledun batek. Irribarre zabal batez esan zuen; hala behar du, sinesgarri egin nahi bada, edo lasaigarri behintzat. Eztabaidaezin dirudien hau guztia, berriz ere teknologia berriek puztutako iritzien erlatibizazioaren beroaldian urtu egiten da. Trumpen mailara jaitsi beharrik gabe, egitateak egia direla onartu daiteke baina aldi berean egitate horiek iritziaren bidez husten saiatu. Izan ere, sare sozialen anabasa jasanezinean bereziki, iritzi guztiak baliokideak direla ontzat jotzera heldu gara, pisu berekoak anonimoak eta izen-abizen-aurpegia dutenak, eskubide mailan parekoak atzean jakintza dutenak eta pitokeria galantenak. Aurtengo pasarte argigarrienetako bat izan genuen hemen uda partean, Ospitaleko ZIUko arduradun bat eta bertsolari bat pandemiaz parez pare jarri genituenean (errua gurea, ez haiena), agertoki berean nor baino nor. Ez ba, bigarren albiste txarra metabertsoetan; birusaz askoz gehiago daki sendagileak, bertsogintzaz bertsolariak bezalaxe. Anekdota da aurrekoa, dibertigarria akaso. Baina beste hiru ofiziotan dago erabakien erantzukizun nagusia kinka larri honetan: zientzialariak, politikariak eta epaileak. Egitatezkoari errealitate birtuala gailenduko ez zaion bitartean behintzat, zientzialariek jarri beharko lituzkete borroka honen zutabeak, politikariek txukundu beharko lukete aterpea (interes orokorra lehenetsiz, inor kanpoan gera ez dadin) eta asko jota eraikina zutik dela ikustatzea egokituko litzaieke epaileei. Baina irauli da piramidea: zientzialarien gomendioei kasu handirik egiten ez dieten politikarien aginduen gainean nagusi ditugu epaileen epaiak. Bide batez, covid-ari dagokionez adostasun askoz handiagoa dago zientzialarien artean politikarien eta, zeresanik ez, epaileen artean baino. Harrigarri? Batere ez, egitatea dutelako lehengai, ez besterik. Hirugarren albiste txarra: metabertsoan zientzialariak ere egongo direla sumatzen dut, errealitatea ordezkatuko badu. • La primera mala noticia para los amantes de los mundos virtuales: hoy al menos solo hay una realidad, compuesta de cosas agradables, desagradables, incluso de ganas...