Miguel Fernandez Ibañez
ALBANIAKO MEMORIA

Memoria historiko eta demokratikoan bide eskasa egin du Albaniak

1991n komunismoa erori zen. Ordutik, 40 urte beranduago, gutxi egin da, edo ezertxo ere ez, egia berrezartzeko eta Enver Hoxharen diktaduraren biktimen sufrimendua aitortzeko. Museoek eta beste oroigarriek helburu turistikoa dute, baina albaniarrek ez diote iraganari erabat aurre egin. Memoria historikoaren legerik ere ez dago Albanian.

Memoria historikoa arazo arantzatsua da diktadura jasan duen edozein herritan. RAEren arabera, konstituzio zuzenbidean, «diktadura erregimen batean aintzat hartu ez diren gertaera historikoetatik eratorritako egoera juridikoak edo eskubideak aitortzea» da. Helburua oro har polemikoak diren garaietan arakatzea, iraganarekin adiskidetzea eta biktimei egindako kaltea konpontzea da, besteak beste; immateriala eta beti zalantzagarria den egia. Beraz, zer leku bete behar dute figura horiek espazio publikoan edo testuliburuetan? Nola ohoratu biktimak eta epaitu errudunak?

Konponbide globalik gabe, herri bakoitzak bere bidea sortzen du egiari aurre egiteko. 1945 eta 1991 artean autokrazia komunista baten pean bizi izan zen Albanian, bertako biztanleek egunero Enver Hoxharen garaiko aztarnekin topo egitea beste aukerarik ez dute.

Tiranan, herrialdeko biztanleen herenak baino gehiago bizi diren hiriburuan, komunismoaren oroigarriek espazio publikoan jarraitzen dute.

Piramideak, adibidez. Diktadorearen omenezko museoa izateko eraiki zuten eta komunismoa eraitsi zuten protestetan erasoak jasan zituen. Orain berreraikitzen ari dira Tiranako ikono hau. 2021ean hasitako eraberritze proiektua iragartzen du sartzea eragozten duen hesiak.

Hiriburuaren kanpoaldean, Hoxharen bunker nuklearretik egindako ibilbidea da Bunk’Art, eta komunismoak eta garaiko Albaniako bizitzak gora egin zutela gogorarazten du; erdialdean, ildo beretik, Bunk’Art 2 eta Sigurimiren Museoa bisita daitezke –Albaniako Inteligentzia zerbitzu beldurgarria–.

Beraz, Skanderberg printzea bezalako figura historikoren bat kenduta, diktaduraren hondamenak ikasten amaitzen dute turistek; albaniarrek, berriz, beren iragana aurrez aurre izango dute, batez ere turista horiekin elkarrizketa baldin badute.

«Museo horiek eragin positiboa dute: gazteek Albanian gertatu zena uler dezakete. Garai hartako sufrimenduaren sinboloa Spaç espetxea da, baina oso zaila da haraino joatea, eta Tiranako museoak, adibidez, irtenbide bat dira», adierazi du Afrim Krasniqi Institute for Political Studieseko zuzendariak.

«Ez dugu benetako memorialik, helburu turistikoekin erabiltzen diren sinboloak baizik. Negozio bat da. Tepelenën zegoen Albaniako presondegirik handiena, baina han alkateak eta tokiko beste erakunde batzuek uko egin diote memoriala sortzeari, harro sentitzen direlako komunisten ondare ideologikoaz», gehitu du Krasniqik.

Albanian, gazteek beren iragana ulertzen jarraituko dute museo horien, sare sozialen eta telebistaren bidez: eskolako testuliburuek oraindik ez dute komunismoari buruzko erreferentzia seriorik jasotzen. «Aditu taldeak daude batzordeetan lanean, baina ez dute inoiz emaitzarik lortzen», deitoratu du Migen Qiraxhikm 33 urteko arkitektoak, Qëndresa Qytetare (Erresistentzia Zibikoa) erakundeko aktibista ere badenak.

«Historia dirua egiteko erabiltzea koherentea da kapitalismoarekin. Ongi da, turistak istorio honekin liluratu egiten dira, baina ez du gure arazoa konpontzen: ez diogu iraganari aurre egiten», adierazi du irmo “Diktadorearekin elkarrizketa” dokumentalaren gidoia idatzi zuen albaniar honek.

Justizia

Tiranan, etorbide zabalak eta Blloku auzoko elite komunistaren eraikin sendoak dira gaur egun gizarte bizitzaren epizentroa, zentro historikoko otomandar eragineko eraikin txikien ondoan.

Komunismoa eta bere buruzagiak ohoratzen dituzten estatuarik adierazgarrienak eraitsi egin dituzte. Horietako bost, sudurra hautsita duen Hoxharen busto bat barne, abandonatuta daude Arte Galeria Nazionalaren atzean.

Hala ere, komunismoko kideen izenak agerian jarraitzen dute kaleetan edo partisanoen memorialetan, Beratena kasu: komunistak baino lehen askapen nazionalaren alde borroka egin zuten partisanoak dira.

Datu ofizialik gabe, kalkulatzen da Albanian gutxienez 6.000 pertsona exekutatu zituztela, 18.000 espetxeratu zituztela eta 30.000 herrialdeko urrutiko eremuetara joatera behartu zituztela. Oraindik 5.000 desagertu baino gehiago daude.

Erregimenaren errepresioa aldatu egin zen garaiaren arabera, nahiz eta aldirik krudelena Enver Hoxha estalinista sutsuak Txinarekin harremanak hautsi zituenean iritsi zen, 1970eko hamarkadan. Hoxhak, orduan, amaiera eman zion RAI irrati italiarraren seinale piratari egiten zitzaion ezikusiari, adibidez, eta purga bat hasiz, erregimeneko kide garrantzitsuak ere aurretik eraman zituen, Mehmet Shehu, agintaritzan «bigarrena», barne.

Enver Hoxha 1985ean hil zen, baina bere sistemak iraun egin zuen errepublika komunista ohien erregimenak erori ziren arte.

Albaniako kolapsoa, urtebete baino gehiagoko protesten ondoren, 1991 eta 1992 artean iritsi zen, boterea Alderdi Demokratiko liberalak (PD) hartu zuenean. Orduan hasi ziren erregimeneko kideen aurkako epaiketak.

«Gaizki eta berandu egin zen, eta iraganetik urruntzeko asmorik gabe. Batzuetan, justiziaren eta normaltasunaren artean aukeratu behar da. Zenbat frankista espetxeratu zituzten? Baina, Albanian ez zen ongi egin, baina ez dakit zer gertatuko zen errudunak lehenago epaitu izan balituzte.

»Nexhmije Hoxha [diktadorearen emaztea] 1991n kondenatu zuten kafean, azukrean eta halakoetan gehiegizko gastuengatik.

»Berak iseka egiten zion prozesuari. 1996an eliteko kide batzuk kondenatu zituzten. Kasu honetan genozidioagatik izan zen, baina Berisharen [PDren sortzailea] estrategia bat izan zen Alderdi Sozialista estigmatizatzeko. «Ez dago formularik, baina badakit Albanian ez zela ondo egin», adierazi zuen Bashkim Shehu idazle eta itzultzaileak, Mehmet Shehuren semeak, Badalonako topaketa batean parte hartzean.

1993 eta 1994 artean, Nexhmije Hoxha, Ramiz Alia eta nomenklaturako beste kide batzuk ustelkeriagatik eta botere abusuagatik epaitu zituzten. Epaiak arinak izan ziren eta apelazioetan murriztu egin ziren. Geroago onartu zen «genozidioaren legea», Shehuk gogoratu duenez, helburu politikoetarako sortua.

Kondenatuak egon ziren, baina kartzelatuta zeuden kide gehienek, azkenean, 1997an lehertu zen indarkeria krisiaren ondorengo amnistiari etekina atera zioten.

«Harrigarria bada ere, komunismoaren mendekoek akusazio serioagoak eta epai zorrotzagoak jaso zituzten beren nagusiek baino, eta urte gutxi batzuetara zigortu zituzten espetxean. Jendearen interes handiagoa zuten goi mailako ofizialei, estatuaren jabetzak gaizki erabiltzea eta posizioaren abusuaren akusazioak egotzi zizkieten, eta Fiskaltzak, berriz, ezin izan zituen gizateriaren aurkako krimenen eta giza eskubideen urraketen salaketak frogatu», ondorioztatzen du Arbora Aliajek “Transitional criminal justice in Albania: The use of trials and criminal proceedings as a transitional justice instruments” argitalpenean.

Ikerketak

2006. urtera arte, Albaniako Parlamentuak ez zituen komunismoan egindako krimenak onartu. Oraindik ez dago adostasunik. Iragana ikertzeaz arduratzen den gobernu erakundea Komunismoaren Krimenak Aztertzeko Institutua da, eta Albanian izan zituen ondorioak, baina ez du baliabiderik.

«Ez du memoria historikoa aztertzeko zentro nazionala izateko gaitasunik, eta, iaztik, bere ikasketek ez dute garai komunista osoa hartzen», azpimarratu du Krasniqik.

Albanian, ez dago memoria historikoaren legerik, eta baliteke inoiz ez egotea. Horrek ere ez du justizia bermatzen, nolanahi ere: Espainiako Estatuan Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektuak ez du 1977ko Amnistiaren Legea ezabatzen, eta ez du diktadurako eta trantsizioko dokumentu guztiak askatasunez eskuratzeko aukerarik ematen.

Krasniqiren esanetan, Albanian Administrazioak berak eragozten du egia argitzea, eta zigorgabetasuna babesten du: «Datuak eskuratzea zailtzen du. Polizia beteranoen %50 Sigurimiko kide izan ziren, nahiz eta, legez, ezin duten. Agiri guztiak desklasifikatzea erabakitzen badugu, datu horiek eta beste batzuk ere lortu ahal izango ditugu, baina hori bakarrik nazioarteko presiopean gertatuko da, Europar Batasunera sartzeko baldintza bezala».

Sigurimiren espediente asko desagertu egin dira, eta denborak zaildu baino ez du egiten krimenak eta horien egileak zeintzuk diren argitzen duten ebidentziak lortzea.

Hainbat legek diktaduraren biktimen kolektibo batzuen erreparazio ekonomikoa ahalbidetu dute, baina ez da nahikoa, komunismoko goi kargudunak aske utzi baitzituzten eta, kasu batzuetan, Administrazioan jarraitu baitzuten.

«Zaila da errealitateari aurre egitea zure familiaren erdia komunista izan denean [albaniar herriari erreferentzia eginez]. Oso zaila zen 1990eko iragana ahaztea. Garai horri begirada botatzen badiozu, ikusiko duzu ez zela iraultza bat izan, elite aldaketa baizik», azaldu du Krasniqik.

«Museoetako batera joanez gero, ikusiko duzu egungo politikari batzuk erregimen komunistaren parte izan direla. Oso zaila da gazteei hori azaltzea: horietako batzuk nomenklaturaren parte izan ziren, eta orain hemen daude, Legebiltzarrean», gehitu du.

Justizia administratzeko modu asko dauden arren, badirudi Albaniak estrategiarik bigunena aukeratu duela, horrek zapaltzaileak eta zapalduak hiri eta herrixketan gurutzatzea esan nahi duen arren.

Bitartean, Tiranako Kombinat auzoko udal hilerriko seigarren lursailean, urriaren 16an, nostalgikoek Enver Hoxharen jaiotza eta balentriak gogora ekartzen dituzte. Hoxha Albaniako aberriko heroientzako erreserbatuta dagoen Martirien Hilerritik atera eta hara eraman zuten.