Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Ziurtasunak

Minbizia duten haurrekin lan egiten duen psikologo batek esan didanez, gurasoei aholkatzen die haurrari egia esateko eta ez jartzeko epe zehatzak, inoiz ez baita segurua horiek beteko direnik. Haurraren adinaren arabera mezua moldatu behar bada ere, funtsean aholkatzen du kontatzeko gaixotasun larri bat daukala, medikuek bera sendatzeko ahalegin guztia egingo dutela, etxekoak eta lagunak ondoan izango dituela eta luze joko duela. «Lau hilabete iraungo du» esan eta gero hilabeteak zazpi badira, haurraren frustrazioa latza izan daiteke. Edo, «astelehenetan etorriko gara erietxera» esan eta, motibo desberdinak tarteko, asteartez joatea egokitzen bada, haurraren buruko eskema guztia hankaz gora jar daitezke. Alegia, ez eman ziurtasunik ezer ziurra ez dagoenean, adierazi bidea ez dela erraza izango, nahi baino luzeagoa izan daitekeela eta elkarrekin egingo dutela.

Zer pentsatua eman dit eta parekotasuna topatu diot oraintxe bizi dugun osasun larrialdiarekin. Ziurtasunik gabeko egoera da eta gero eta haserreago gaude, behinola politikariek egindako promesak ez direlako betetzen ari. Txertoarekin dena konponduko zela esan ziguten eta segur aski guk ere hori sinistu nahi genuen eta hementxe gaude, kasketa kolektiboarekin, inori eta ezer sinisteko indarrik gabe, nekatuta, nazkatuta eta beldurtuta. Ulergarria. Eta gobernatzen gaituztenek setatsu segitzen dute, txertoa eta kalean musukoa, kalean musukoa eta txertoa, olatua berez jaisteko zain.

Sagarduik ez omen daki zein den hau guztia konpontzeko tekla. Guk ere ez, baina gu ez gara osasun kolektiboaren arduradun politikoak. Gu herritarrak gara, egoera larri baten aurrean gaudenak, bidean maite ditugunak, osasuna eta pazientzia galdu ditugunak. Erantzukizun politikoak exijitu beharko dira, hain muturrekoa den egoera ahalik eta txukunen eta zentzudunen kudeatzeko gaitasuna duten agintariak merezi ditugu. Baina akaso badugu garaia ziurtasunik gabeko kulunka honen kontzientzia hartzeko. Larria da, luze joango da, adituek salbatuko gaituzte eta elkarri eskua emanda egin beharko dugu bidea. •