Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Entrevista
IRATI SELLES
PSIKOLOGOA

«Ez gara gazteen beharrez arduratu, eta orain ari gara horren ondorioak ikusten»

Pandemiak gazteei eragin dienaz hitz egin dugu Irati Selles psikologoarekin, izan ere, gazteak denon ahotan dabiltza, baina oso gutxik entzuten dute esateko daukatena.

Gazteak hedabide eta politikari askoren ahotan egon dira azken bi urte hauetan, eta gehienetan gauza negatiboei lotuta, nahiz eta askok eta askok jarrera eredugarria izan duten. Ediren Osasun Kooperatiban lan egiten duen Irati Selles psikologoa ohituta dago gazte eta nerabeei entzuten, eta talaia horretatik kolektibo honen beharrek, minek eta sentimenduek pandemian izan duten bilakaera zuzenean ikusi eta bizi izan du. Familiak, eta neurri handi batean lagunek, osatzen duten sarearen garrantzia nabarmentzen du, etorkizuna ilun samar azaltzen ari zaien testuinguruan.

Nerabezaroa eta gaztaroa norbere pertsonalitatea garatzeko eta harremanak sendotzeko garai garrantzitsuak dira; pandemia honek garapen prozesu hori erabat baldintzatu du, ez?

Bai, nerabezaroa norberaren identitatea garatzeko oso garai garrantzitsua da, eta, dudarik gabe, bizi dugun pandemiak prozesu horretan eragina izan du. Izan ere, identitatearen garapen prozesu horretan gazteek hainbat ikasgai dauzkate gainditzeko, euren harremanetan, kalean, aurrera atera behar dituzten ikasgaiak, hain zuzen. Beraien garapen pertsonalerako eta etorkizunera begira oso garrantzitsuak dira eguneroko ikasgai hauek, eta jasan ditugun murrizketa horiek guztiek garapen prozesu hori gelditu dute, edo neurri batean ekidin dute.

Helduekin konparatuta, adin horietako pertsonek behar emozional eta psikologiko desberdinak dituzte?

Zalantza gabe, bai; gazteek eta nerabeek behar emozional eta afektibo desberdinak dituzte. Alde batetik, lehen aipatu dugun bezala, beren garapen prozesurako kalean gertatzen diren eguneroko egoera horiei, edo gatazka horiei, aurre egin ahal izatea ezinbestekoa dute, eta honekin erlazionatuta daude beraiek modu berezian sentitzen dituzten beharrizan batzuk: lagunekin harremanak finkatzea; talde baten parte sentitzea; talde horren barruan leku propio bat aurkitzea... Eurentzat garrantzitsua da, baita ere, besteekin daudenean euren iritzia eman ahal izatea, eta talde presioa kudeatzen jakitea. Eta gaitasun hauek nola ikasten dira? Ba batzuk etxean ikas daitezke, baina beste batzuk etxetik kanpo esperimentatu behar dituzte.

Beste alde batetik, nerabeak askotan galduta sentitzen dira, ez dakitelako zer den sentitzen ari direna. Eta, hor, erreferente edo gidari desberdinak behar dituzte, sentitzen dutena eta gertatzen ari zaien hori ulertarazi eta azaldu ahal izango dieten erreferenteak, «mintzakide baliagarriak» deitzen ditugunak. Nerabezaroaren garai horretan oso garrantzitsuak dira figura horiek, eta hor helduok asko daukagu egiteko.

Pandemiaren eragin edo kolpe hori, nola islatu edo kanporatu dute beraiek? Haserrea adieraziz, frustrazioaren bidea... Nola ari dira adierazten gazteak eta nerabeak barruan duten hori?

Egoera honek sentiarazi dizkien emozio horiek guztiak ahal duten bezala ari dira kudeatzen. Egia da gazteak ez direla gaizki dauden bakarrak, pandemia honek guztiongan izan duelako eragina, baina sozializazioaren debeku horrek, edo murrizketa horrek, ez du guztiongan eragin berdina. Ez gara kontziente izan horrek gazteengan duen kosteaz eta orain horren ondorio guztiak ikusten ari gara pixka bat.

Guk kontsultan ikusi dugu arreta psikologikorako eskaerak asko areagotu direla, batez ere antsietatearekin, edo gatazkei eta arazoei aurre egiteko zailtasunekin, erlazionatuta daudenak, horren kudeaketarekin. Hauekin batera, elikadura jokabidearen nahastearekin erlazionatutako eskaera asko egon dira. Baina, orokorrean, laguntza psikologikoaren eskaera asko areagotu den garai bat izan da.

Beraz, galderari erantzunez, nola ari dira hau kudeatzen? Ba, alde batetik, laguntza eskatzen. Eta laguntza eskatzea oso sintoma ona dela uste dut, gazte horien ausardiaz hitz egiten digulako. Izan ere, badirudi pixkanaka-pixkanaka laguntza psikologikoa eskatzea normalizatzen ari dela, eta pertzepzio aldaketa horretan gazteek badute zerikusia, beraiek ere horretan ari baitira oraintxe.

Laguntza psikologikoa eskatzea normalizatzen ari dela diozu; lehen tabua zen mota horretako laguntza eskatzea?

Nik uste dut pasa den urteko itxialdiaren ostean ikusi dela benetan osasun mentalak daukan garrantzia. Momentu horretan ez zitzaion behar besteko garrantzirik eman, eta orain jabetzen ari gara horrek zer-nolako garrantzia duen. Eta laguntza eskatzeko pauso hori pixkanaka-pixkanaka normalizatzen ari gara, bai.

Lehen «mintzakide baliagarriak» aipatu dituzu. Adin horietan babes lan hori egiteko sarea izatea garrantzitsua da?

Bai, eta ez bakarrik egoera zehatz honi aurre egiteko. Orokorrean, nerabezaroan pertsona bakoitzaren testuingurua, ingurunea oso garrantzitsua da. Sare sozial osasuntsua daukaten heinean, euren egunerokotasunari aurre egiteko dituzten babes faktoreak gero eta indartsuagoak izango dira.

Familiak, lagunak, nortzuek osatzen dute sare hori?

Zalantza gabe, lagunen testuinguruak, klasekideen testuinguruak, oso paper garrantzitsua jokatzen du etapa horretan. Lehen nabarmendu dugu nerabezaroan dagoen pertsona batentzat sozializazioa oso behar garrantzitsua dela, talde baten parte sentitzea garrantzitsua dela. Familiaren testuinguruak ere pisua handia dauka garapen prozesu horretan. Txikitan denbora gehiago pasatzen dugu etxean, gurasoekin, familiak eskaintzen duen babes eremu horretan, eta kanpora begirako pauso horiek eman ahal izateko, barnealde horretan familiak emandako segurtasuna eta bakoitzak hartzen duen konfiantza eta autonomia oso garrantzitsuak izango dira. Hori da neurri batean garapen prozesu horretan pausoak eman ahal izatea ahalbidetuko diena.

Pandemiak guztioi eragin digun arren, azken hilabeteotan gazteak askotan egon dira fokuan sartuta, eta gehienetan ez arrazoi positiboengatik. Orokorrean gazteak seinalatuta sentitzen dira?

Guztiak seinalatuta sentitzen diren jakitea zaila da esatea, baina gazte askok, bai, horrela sentitu dute euren burua. Telebistan, egunkarietan, atera diren boteiloiak, liskarrak... Egia da gazte batzuk horretan aritu direla, baina ez da gazteen gehiengoa, gutxiengoa baizik. Kontua da zerekin geratu nahi dugun, zer gazte eredurekin, gehiengoarekin edo gutxiengoarekin. Askotan, helduok nerabeak arduragabeak direla edo bakarrik ondo pasatu nahi dutela esaten dugu, eta, gainera, pandemia egoera honetan helduon osasuna arriskuan jartzen ari direla. Baina galdetu beharko genuke ea nor ari den beraiek dituzten behar emozionalez eta psikologikoez arduratzen. Helduok gazteak arduragabeak direla esaten dugu, baina gu geu ere beraiekin batzuetan ez gara batere eskuzabalak edo solidarioak.

Denak zaku berdinean sartzea ez da justua…

Ez, ez da justua eta gainera arriskutsua da gazteria guztia zaku berdinean sartzea. Pandemia egoera honek guztiongan eragin du eta guztioi emozio desberdinak sorrarazi dizkigu: nekea, haserrea, frustrazioa... Eta emozio hauek sentitzea erantzun normala eta zentzuzkoa da bizi dugun egoera honen aurrean, baina, zer egin dugu ezintasun eta emozio horiekin guztiekin? Beste norbaitengan proiektatzen ditugu, ahal dugunarekin deskargatzen gara eta errudun bat bilatzen dugu. Eta ez da kasualitatea haserre hau guztia jasotzen dutenak kolektibo zaurgarrienak izatea. Eta gure gizartean zeintzuk dira kolektibo horiek? Gazteak. Egoera hau sostengatzeko zailago dutenak, horiek dira salatzen eta seinalatzen ditugunak eta arduradun egiten ditugunak.

Ikuspegi psikologiko eta emozionaletik begiratuta eragina handia izaten ari da, baina badaude beste faktore batzuk, hala nola lana edo egonkortasun ekonomikoa, kaltetuta atera direnak baita ere. Oro har, etorkizuna ilun ikusten dute?

Batzuek behintzat, bai. Eta normala da horrela sentitzea hain egoera aldakor baten aurrean. Gainera, denontzat aldakorra den egoera honetan gazteak euren etorkizunerako oinarriak ezartzen ari dira, eta asko kontziente dira gaur egungo gizarte honetan dauden arazoek euren etorkizunean eragin zuzena izango dutela. Zalantza edo galdera hori badute: «Orain gertatzen ari den honek guztiak nola eragingo digu? Zer aukera izango ditugu?». Horrek larritu egiten ditu, normala denez.

Pandemia baino lehenago aipatzen zen, eta agerikoa zen, gazteak eta nerabeak gero eta lotuago zeudela gailu digitalei, sare sozialei… Lotura hori areagotu da hilabete hauetan?

Bai, baliteke baietz. Dena den, zentzu horretan, interesgarria izan daiteke sare sozialak eta teknologia berriak, ondo erabiltzen badira, oso baliagarriak direla ikustea. Adibidez, teknologia horiei esker nerabe eta gazteak kapaz izan dira lagunarteko erlazioak mantentzeko, harreman berriak egiteko eta jende berria ezagutzeko. Ez gazteek bakarrik, helduok ere horretarako erabili ditugu gailu hauek guztiak, eta gure egunerokotasunean gero eta gehiago erabiltzen ditugu; lanerako ere bai, bilerak online eginez, adibidez. Beraz, tresna hauen erabilera ez da bakarrik gazteengan areagotu, guztion artean hazi da.

Baina, gai honen inguruan garrantzitsua da lehen esandakoa errepikatzea, hau da, sozializazioak adin horietan duen garrantzia oso handia dela. Eta sozializazio hori gauzatzeko ezarri diren murrizketak ikusita, eta beste aukera batzuk kendu zaizkiela ikusita, normala da beste bide batzuk bilatzea. Eta horietako batzuk sare sozialak izan dira, noski.

Zentzu horretan, helburua gaur egungo gazteek sare sozialak gutxiago erabiltzea bada, erabilera hori modu egoki eta osasuntsu batean egiteko aukerak areagotu beharko ditugu, eta beste alternatiba edo aukera gehiago eman beharko dizkiegu.

Sare sozialen erabilera horren bidetik, eta aipatu bezala pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriek eraginda, gazteak euren artean erlazionatzeko modua asko aldatu da, beraz...

Halabeharrez aldatu da. Gogora ekarri behar dugu hilabete batzuetan inork ez zuela aukerarik izan ia beste inorekin aurrez aurre egoteko. Gero, behin konfinamendua bukatuta, kalera atera ahal izan genuen, gazteek ere bai, baina murrizketa askorekin, eta kontaktu fisikoa asko gutxitu zen. Etxera bueltatzeko ordua, zenbat pertsonarekin elkartu gintezkeen… dena neurtuta eta mugatuta zegoen. Ikastetxeetan ere talde txikiagoak egin dira. Azkenean, gertatu zaigun guztiak harremantzeko beste modu batzuk bilatzea eragin du.

Pandemia noizbait bukatuko da, baina pandemiaren kalteak, horiek ikusteko dago noiz bukatuko diren. Gazteen artean, orain jasotako kolpea luzerako izango da?

Ezin dugu jakin zehazki zenbaterainoko eragina izango duen. Badakigu nola dauden gaur egun, eta badakigu orain arte bizitakoak nola eragin dien. Ez gara osasun mentalaz arduratu, eta ez gara gazteen beharrez arduratu, eta orain ari gara horren ondorio guztiak pairatzen.

Dena den, oraindik badaude ekidin daitezkeen ondorio batzuk, eta prebentzioaren lana oso garrantzitsua da une horretan. Prebentzioaren lana zertan datzan? Oso gauza zabala da, baina zertzelada batzuk ematearren, alde batetik, arreta psikologikoa jaso ahal izatea. Lehen esan bezala, gazteak orain laguntza eskatzen ari dira, beraz, goazen erantzun bat ematera. Eta helduon esku dago erantzun egoki bat ematea laguntza eskaera horri. Bestetik, sozializazioa oso garrantzitsua bada eta murrizketa hauekin guztiekin ezin badute hori behar bezala gauzatu, hemendik aurrera oso baliagarria izango litzateke elkartzeko espazio desberdinak ugaritzea, eta ekintza desberdinak proposatzea. Hau da, helduok ere beraiei aukerak ematea, eta ez bakarrik aukerak kentzea. Sozializazio hori sustatu ahal izateko irtenbideak eman behar zaizkie, betiere, noski, egoera zein den eta unean uneko murrizketak zeintzuk diren kontuan izanda. Horrekin batera, eguneroko gatazkei eta arazoei aurre egiteko gaitasunetan beraiekin trebatzea ariketa ona izan daiteke. Lehen aipatu dugu familiaren testuingurua garrantzitsua dela, eta testuinguru horretatik ere haien autonomia sustatzea lagungarria da.

Orokorrean, eta laburbilduz, helduon lana gazteei etorkizun bat ematea eta garatzeko aukerak eskaintzea da, eta horretarako, goazen gazteek esateko daukatena entzutera.