Dabid Lazkanoiturburu
SIWIAREN OASIA

Siwa oasian, Egiptoko berbereek ohiturei eta hizkuntzari eutsi diote. Noiz arte?

Siwako oasia Kairotik 560 kilometrora eta Libiako mugatik gertu (50 bat kilometro) dago, basamortuan. Han aurkitu daitezke Egiptoko azken berbereak. Bertan bizi dira antzinako ohiturei eta tradizioei eutsiz baina beraien hizkuntza, siwia, desagertzen ari da, arabieraren eta interkomunikazio berrien poderioz.

Siwa oasian, Shali hirigune historikoa. JALED DESOUKI-AFP
Siwa oasian, Shali hirigune historikoa. JALED DESOUKI-AFP

Basamortuko dunak zeharkatuz, pickupa gidatzen duen Youssef Diabek Egiptoko mendebaldeko bazterrean dagoen oasira hurbildu gaitu. Gidatzen ari dela, siwi hizkuntzan antzinako kantuak abesten ditu, eta ziur dago bere hizkuntza bizirik aterako dela erabat nagusitzen den arabieraren eraginpetik.

Ipar Afrikako herrialde berbereek (amazigek) hitz egiten duten amazigera hizkuntzaren ekialdeko dialektoa, siwia, arrisku bizian dagoela ohartarazi zuen 2008an Nazio Batuen Erakundeak (NBE).

Siwa erdian dagoen Shali hiri historikoaren atarian, ahoz aho iraun duen hizkuntza horretan egiten dute hitz eta jolas. Gutxi dira Egiptoko arabieran berez mintzatzen direnak.

Herriaren alde zaharrean kokatutako datilen biltegian, Sulimanek, 6o urtekoak, siwiz agurtzen ditu auzokideak. Hizkuntza duela mila urte ekarri zuten Ipar Afrikako berbereek egun Egiptoko lurretan den bazter honetara.

Oasian bizi diren 15.000 berbereek erabiltzen dute siwia. Unescok mehatxupean dauden hizkuntzen Atlasean ohartarazi duenez, «hil ala biziko arriskuan dago», ahoz aho transmititzen delako eta ez duelako idazkerarik.

Siwiak amazigeran du oinarria. Berbereen hizkuntza eboluzionatu egin da mendeetan eta alfabeto propioa du, baina ez zen sekula Siwara iritsi beste hizkuntzen presioagatik, batez ere arabiarren konkistagatik.

«Gure hizkuntza ez da desagertuko», ziur da artean Diab, amazigen ikurra agerian duen ibilgailuan txango turistikoak antolatzen dituen 25 urteko gaztea. Izan ere, Egiptotik datozen arabieradun turistekin eta kanpotarrekin dituen harremanak albo batera utzita, «mundu guztiarekin» siwiz hitz egiten duela argudiatzen du.

Estatistika ofizialik ez dagoen arren, Valentina Serreli soziolinguistaren datuen arabera, oasian bizi diren 31.000 biztanleetatik bi heren berberofonoak dira.

Nubiarrekin batera, Siwako berbereek Egiptoko gutxiengoen zerrenda osatzen dute, baina arabiartasuna Estatuaren oinarria da 100 milioitik gora biztanle dituen Egipton.

Desagertzera kondenatua

«Ehun urteren buruan inork ez du siwi hizkuntzan hitz egingo. Ahaztua izango da», ziur da Sergio Volpi egiptologo italiarra.

Volpik ia bere bizitza osoa eman du Siwako oasiaren historia aztertzen eta duela bi urte erretiroa hartu zuenetik bertara bizitzera etorri da.

Egiptologoak liburutegi bat zabaldu berri du herrian. Bertan oasiaren hizkuntzari, ohiturei eta historiari buruzko ehun bat liburu aurkitu daitezke. Bere garaian Ipar Afrikako merkataritza ibilbide garrantzitsua izan bazen ere, egun ez dago eskualde honi buruzko dokumentazio handirik.

Volpiren esanetan, azken 500 urteetan berbereen hizkuntzak aldaketa ugari jasan ditu eta beste hizkuntza batzuekin nahastu da, batez ere arabiarrak Afrika Iparraldera iritsi zirenetik eta, hurbilago, Egiptok Siwako oasia bere egin zuenetik XIX. mende hasieran.

Izan ere, Mehemet Ali Egiptoko erregeordeak 1820. urtean inbaditu zuen arte erabat independentea izan zen oasia.

Siwaren isolamenduari esker mantendu dituzte bertakoek «ohiturak eta hizkuntza», horretan bat dator Serreli linguista. Beraren ustez, amazigeraren erabileraren atzean ez dago aldarrikapen politikorik, ohitura baizik.

Siwi hizkuntzak bizirik jarraitu ahal izan du orain arte Siwako oasia Egiptoko eskualdeetatik urrutikoenean dagoelako. Gertuen duen hiria 300 kilometrora dago eta lehen errepidea ez zen ireki 1984ra arte. Egun bide bakarra dago Mediterraneotik bertara iristeko. Milaka turista iristen dira urtero, baina orain gutxira arte bertakoak bertan gelditu izan dira. «Siwa siwarrarentzat arrainarentzat ura bezala da. Ez zuten alde egingo munduko altxor handienaren truke ere», ziurtatu du Mehdi al-Howeitik, turismo bulegoaren arduradunak.

Nahasketa asimetrikoa

Gaur egun, ordea, desafio ugari ditu familia barnean transmititzen den hizkuntzak, arabierarekin bizikidetzatik hasita. Izan ere, zeharo aldatuz eta pobretuz doa amazigeraren dialekto hau beste hizkuntzekin kontaktuan.

«Antzina, gure gurasoek siwiz baino ez ziguten hitz egiten, ez geneukan inolako harremanik arabierarekin (…) baina egun gure hizkuntzak arabieraren gero eta eragin handiagoa du», kexu azaltzen da Ibrahim Mohamed, Haddadine tribuaren xekea.

Siwako biztanleen artean errespetu handia sortzen duen xekearen iritziz, oasiaren identitate amazigaren oinarria da siwi hizkuntza.

Volpi egiptologo italiarrak adibide bat jartzen du hizkuntzen arteko eragin horiei buruz, «Siwiak ez dauka ‘mahaia’ esateko hitzik, berbereek zoruan jaten zutelako eta ez zegoelako mahairik. Horrela, milaka hitz berri iritsi dira eta hizkuntza arabierarekin nahastu egin da».

«Nahaste honek antzinako hizkuntza desagertzera eramango du», ziur da. «Apurka-apurka, baina azkenean desagertu egingo da».

80ko hamarkadan elebitasuna hedatzeko konpromisoa hartu zuen Egiptoko erregimenak, hezkuntzan, komunikabideetan eta turismoan, baina ez du agindutakoa bete.

Egiptoko gutxiengoen hizkuntzekin gertatzen den moduan, nubiarrekin hasita Sinaiko beduinoetaraino eta kristau koptoak ahaztu gabe, siwia ez da eskolan erakusten. Lotsagarria da, Egiptoko eskola programetan atzerriko hizkuntzak irakasten diren heinean.

Siwako eskoletan soilik arabiera onartzen da, eta gero eta gazte gehiago joaten dira Egiptoko Mediterraneoko itsasertzeko hirietara unibertsitate ikasketak osatzera. Beraz, hizkuntza ofizial bakarrean hitz egitea beste aukerarik ez dute.

«Siwia galtzen ari da», deitoratu du Mehdi al-Howeitik. Eta ez bakarrik belaunaldi berriak unibertsitatera joaten direnean «beste batzuekin nahastu» eta bueltan adierazpen berriak dakartzatelako. «Sare sozialen bidez munduarekin komunikatzeko aukera bakarra arabiera erabiltzea dute», azaldu du. «Gazteen artean jada ez da entzuten ‘kaptar jeirak’ (eskerrik asko siwiz). Orain ‘shukran’ esaten dute (arabieraz), edo zuzenean ‘thank you’. Antzinako hitzak ahazten ari dira», gaineratu du Howeitik.

Etorkizunik gabeko hizkuntza

Abdo banastagilea da eta palmondo orriekin saskiak egiten ditu. 27 urte ditu eta arabierarekin nahasten du bere ama hizkuntza. Siwia mantentzea «inportantea bada ere, ez ditu aukerak eskaintzen».

«Siwatik kanpo lan egin nahi badut, siwiak ez dit ezertarako balio. Gainera, ez nuen Armadara joaterik izango arabieraz jakin ezean, ez zidatelako ulertuko», azaldu du.

Mohamed xekeak argi du «siwia eskoletan eman behar dela hizkuntzak iraungo badu» eta ez dela nahikoa haurrek eta nerabeek etxean eta jolasean erabiltzea.

Bitartean, 2008. urtean «Siwako Semeak» izeneko ekimen bitxia sortu zen, bertako ondare kulturala babesteko asmoarekin.

Italiako eta Marokoko gobernuz kanpoko bi erakunderen (GKE) laguntzarekin, proiektu honen bidez amazigerazko abestiak, olerkiak eta esaera zaharrak kaleratu zituzten 2012an, siwira eta arabierara itzuliak (alfabeto arabiarrean).

Baina lan horiek, oasiko zaharren eta gazteen arteko urteetako elkarlanaren ondorioak, agortuta daude eta berrargitaratzeko dirurik ez dago, erakundearen presidenteordeak, Yahya Qenaoui-k, salatu duenez.

«Gehiago egin behar da gure ondarea babesteko. Nahiko genukeen %10era ere ez gara iristen (…) baliabide urriak ditugu eta ez dugu inolako dirulaguntzarik jasotzen», deitoratu du.

Gauzak horrela, eta Siwako turismo bulegoko zuzendariaren iritziz, hizkuntzak bizirik irautea ezinezkoa da, ez baitago behar beste ekimenik, publikoak nahiz pribatuak, oasiaren aberastasun immateriala babesteko, eta gazteek ez dutelako pizgarririk siwia erabiltzeko.

«Palmondoetara igotzea bezala da. Egun inork ez du igo nahi datilak hartzera, gogorra delako. Siwa aldatuz doa», ondorioztatu du Howeitik.

 

Ipar Afrikako Berbereak beren eskubideen defentsan

Berbereak asko dira Magreben, Marokon, Aljerian, Tunisian eta Libian, eta bertako populazioek gero eta ozenago aldarrikatzen dute onarpen identitarioa eta kulturala.

Berbereak bertan bizi dira islamizazioa inposatu zuen arabiar inperioa iritsi baino lehen. «Berbere» izena ere inposatua da. Erromatarrek grekotik hartu zuten deitura (berez «zezeldu besterik ez dakiena» esan nahi du) eta inperiotik at bizi zen herri oro izendatzeko erabili zuten.

Horrela, bada, berbereek «imazighen» esaten diote elkarri, «amazig» hitzaren plurala, eta beraien hizkuntzan, amazigeran, «gizon askea» esan nahi du.

Maroko

Maroko da Magrebeko herrialdeen artean amazig gehien dituena. 2014an egin zen errolda baten arabera, biztanleriaren laurdenak baino gehiagok (26,7%) herrialdean hitz egiten diren berbereen hiru dialektoetatik (tarifita, tamazighta eta taxelhita) bat erabiltzen du.

Hori, hiztunei dagokienez. Izan ere, Marokoko biztanleriaren gehiena (%70-90 artean) jatorriz berberea dela uste da, arabiartasunaren prozesu bortitz eta luzearen poderioz beren nortasuna galdu zuten arren.

2011ko Konstituzioak berbereen hizkuntzaren ofizialtasuna onartu zuen, arabieraren ondoan. Baina legea ez zen onartu 2019ra arte eta gutxienez beste hamabost urte beharko dira hezkuntzan eta administrazioan elebitasuna ziurtatzeko. Bitartean, egoitza publikoetan hasi da ikusten tifinagh alfabetoa, arabiar eta frantses alfabetoen alboan.

2010etik, Marokoko telebista publikoaren kate batek, Tamazight TV, amazig kultura bermatzen du.

Hala ere, administrazioak oztopoak jartzen ditu erregistroetan izen berbereak onartzeko.

Amazigen ikurra nagusi da berbereen manifestazioetan, Rifen (iparraldea) kasu.

Aldarrikapenen artean, urtarrilaren 13an ospatzen den amazigen Urteberri eguna (Yennayer) jaiegun bihurtzea exijitzen dute.

Aljeria

Herrialdean 10 milioi amazigera hiztun bizi dira, populazioaren laurdena. Gehienak Kabilian (Aljer hiriburutik ekialdera) bizi dira baina erdialdean, ekialdean eta hegoalde erraldoian ere badira.

Marokon bezala, denbora luzez ari dira eskubideak aldarrikatzen. Izan ere, Aljeriako Estatuak, arabiartasunean oinarrituta, ukatu egin die orain gutxira arte eskaerarik urriena ere. 2016an herrialdeko bigarren hizkuntza bezala onartu zuen Gobernuak eta handik bi urtera, 2018an, Urteberri eguna onartu zien. Baina iazko Hirak mugimenduaren protestetan parte hartzeagatik gogor zigortu ditu Aljerrek berbereak.

Dozenaka manifestari kartzelan daude manifestazioetan amazig ikurra eramateagatik.

Libia

Gaddafik gogor egin zuen berbereen aurka, komunitate kulturala zirenik ere onartzen ez zuelako.

Biztanleriaren %10 osatzen dute eta Tripolitik mendebalderantz dauden Nafusako mendietan bizi dira gehienak, baina hegoaldeko basamortuan ere badira.

Hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzen dute eta Parlamentuan dagokien pisua exijitzen dute.

Gaddafiren erregimena desagertzearekin batera, amazig ikurra ikusten da libiarrarekin batera, bakarrik gainera herri berbereetan.

Testuliburuak ere argitaratu dituzte amazig hizkuntzan baina oraingoz ez ditu onartu Tripoliko Gobernuko Hezkuntza Ministerioak.

Parlamentuan zain jarraitzen duen Konstituzio proiektuaren arabera, Libiako komunitate desberdinek hitz egiten dituzten hizkuntzak, amazigera tartean, Libiako ondarearen parte gisa onartzen dira, baina arabierak hizkuntza ofizial bakar izaten jarraituko luke.

Tunisia

Tunisian ez dago jakiterik berbereak zenbat diren, etnian edo hizkuntzan oinarritutako estatistikak debekatuta daudelako. Hegoaldeko hainbat eskualdetan ez ezik, gehienak Tunisia hiriburuan bizi dira.

Estatuak ez ditu onartzen komunitate bezala eta Konstituzioak arabiar hizkuntza eta erlijio musulmana baino ez ditu jasotzen.

Amazig kulturaren Tunisiako erakundearen (ATCA) presidentea den Jalloul Ghaki-ren esanetan, tunisiarren %50 jatorriz berberea da baina %1era ere ez dira iristen amazigeraren bertako dialektoaren (xelha) hiztunak.

Berbereak egoeraren jabe dira eta pauso txikiak eskatzen dituzte «Tunisiako herriak amazig kultura tunisiar identitatearen alde bat bezala onar dezan».

2011ko iraultzaren ostetik, komunikabideek eta gizarteak begiak zertxobait altxatu dituzte. Giza Eskubideen ministroak urte berri on opa zien 2017ko Yennayer egunean herrikide berbereei.