GAUR8 - mila leiho zabalik
{ analisia }

Trumpen errebantxa martxan

2024ko errebantxa ondo prestatzen ari da Donald Trump. Pandemia aurreko ekonomiaren eta herrialde sendoaren nostalgia eta 2020an sufritu zuen lapurretaren erremina landuz. Ondo doazkio inkestak eta diru bilketak. Konfidantzaz dator, mendeku gosez, irabazi ala irabaztera.


AEBetako politika modernoan, galtzaileek ez dute normalean bigarren aukerarik izaten. Primarioak ezarri zirenetik, irabazi ala erretiratu, besterik ez dago. Al Gore hautagai demokrata, esaterako, 2000. urtean boto kopuruan irabazi arren, 2004ko lasterketatik kanpo geratu zen.

Hango aurrekariak eta tradizioak hankaz gora botatzen norbaitek badu errekorra, hori Donald Trump da. Ez da, ez denez, ohiko hautagai bat. Alde batetik, bere alderdiaren boto-emaile askorekin lotura indartsu eta ustez iraunkorra landu du. Eta bestetik, serio demonio esaten du lau haizeetara, eta badirudi errepublikano asko konbentzitu dituela, 2020ko hauteskundeak irabazi zituela baina garaipena lapurtu ziotela. Historia horretan, mendekuaren bila dabilen irabazlea da bera, eta ez bere porrota onartzeari patetikoki uko egiten dion galtzailea.

Oraingo honetan, aurrekari bat gehiago, beste bat, botatzeko prest dago Trump. 2024ko hauteskundeen errebantxarako errepublikanoen hautagaia izango da. Oraindik ez da ofiziala, denbora asko falta da, baina dagoeneko gogor ari da ahalegin horretan eta jokoa aise dominatzen du. Fox News kate ultraeskuindarra Ron de Santis Floridako gobernadorea alternatiba bezala aurkezten hasi bada ere, keinuak egin dituen arren, esperimentuak ez du funtzionatu.

Trump da jaun eta jabe. Inkestetan aurre hartu du, diru bilketan ere beste guztien aurretik dabil, tokian tokiko hauteskunde asko berarekiko leialtasun proba bilakatu dira. Alderdi Errepublikanoan atera zitezkeen aurkari potentzial guztiak berdina ari dira esaten, ez direla lehiara aurkeztuko Trump aurkezten bada. Egoera existentziala baita: Trump ezin daiteke Trump izan presidentetza berarentzat erreklamatu gabe. Ezin ditu Alderdi Errepublikanoaren atentzioa eta debozioa mantendu bera ez bada, behinola bezala etorkizunean ere, erregea. Zergatik egin beharko lioke uko ideia honi?

Erremin eta nostalgia

Espektakulua harrigarria da, Trump ez baita besteak bezalako galtzaile politiko bat, galtzaile politiko oso handia den arren. Boto kopuruan bi hauteskunde presidentzialetan galdu du segidan, azkena zortzi milioi botoen aldeagatik. 2018an alderdia inoiz jasan duen agintaldi erdiko hauteskundeetako porrot handienera zuzendu zuen, nahiz eta azken 30 urteetan eduki duten ekonomia sendoena eduki. Bi aldiz salatua izan den lehen presidentea da; bigarren aldian, hauteskundeen emaitzak ontzat eman ez zitezen jendetza Kapitolioaren asaltora bultzatu zuelako. 1974an indultatu zuten Richard Nixon presidenteak aurre egin behar izan zien karguak baino askoz gehiagori egin behar die aurre.

2024ko errebantxari begira, bi gai hartu ditu kanpainarako: pandemia aurreko ekonomia sendoaren nostalgia eta 2020ko hauteskundeen emaitzaren inguruko erremina. Ez da asko, ez du gai gehiagorik behar, baina aski da De Santis bezalako ustezko lehiakide alternatiboek aurkeztu baino lehen bi aldiz pentsatu dezaten.

Inor ez da eta inon ez dago Donald Trump baino trumpista handiagorik. Politika populistaren klixeak dio lortu duena ez dela gizon baten kontua bakarrik, mugimendu batez aritu behar garela. Baina, kasu honetan zalantza dut, ez ote den gizon bat eta ez mugimendua. Bere jarraitzaileek argi daukate: Trumpek egiten badu, ongi eginda dago. Ez zaie bere politiken edukia bereziki interesatzen. Bera nola dagoen, bere gogo aldartea, horrek kezkatzen ditu benetan.

Mendeku gosea

AEBetako politika jarraitzen duten analistek Trumpen itzulera gero eta gertuago dagoela ozen diote. Are, errepublikanoen inguruan ondo informatuta dauden kazetariak itzuleraren mekanika zehatz aurkezten ari dira dagoeneko. Baina gutxi dira itzulerak altzoan ekarriko lukeen txikizio politikaren aurrean prestatuak daudenak. 2011ko hitz-hartze batean, Trumpek argi adierazi zuen bizitzan daukan arau printzipala: «Jendeari mendekua hartu. Izorratzen badira, hamar aldiz gogorrago ekin berriz izorratzeko. Hori da benetan sinisten dudana». Ideia hori errepikatu du bere diskurtso, tuit eta argitaratu diren hainbat liburutan.

Mike Pence, bere presidenteorde izandakoaren kontra gorroto guztia jaurtitzen du orain Trumpek. Gizarteratzen segitzen duen bere errelatoaren arabera, Penceren ekintzek legeztatu zuten "lapurreta", Senatuaren lehendakari bezala botoen kontaketa baliogabetzeari uko egitean. Lapurretaren ideia onartzen ez dutenen edo zalantzan jartzen dutenen kontrako zigorrak aurreikus daitezke.

Mitch McConnell errepublikanoen Senatuko buruarekin Trumpek daukan sesioa ez da bistatik galdu behar. Presidente ohiak eta alderdiaren buruak ez omen diote elkarri hitzik egiten, McConnellek Joe Bidenen garaipena aitortu zuenetik. Elkarren arteko gerra hori alderdiaren gaineko kontrolaren ingurukoa da: Trumpen alderdia bada, ezin daiteke McConnellena izan. Tokian tokiko hauteskundeetan hautagaiek Trumpen babesagatik irabazten badute, Trump egiten dute azken irabazle eta faborito, eta, hortaz, seguru asko, bere alderdia izango da. Trumpen indarrak etsai errepublikano asko kanporatu ditu alderditik eta McConnell kanporatzearen esperantza badu boterera bueltatzen bada. Ez die kasu handirik egiten McConnell sei urterako hautatua izan izanari eta berriz ere Senatuaren gehiengoaren buru izateko dauzkan aukerei.

2024rako Trumpen mendekuaren jopuntuan legea eta demokrazia daude, beren konbentzionalismo guztian. Iazko irailean, Georgiako estatuan eman zuen mitin batean, hauteskundeak bere alde irauli egiteko beldurtu ziren «etxekoak», funtzionario errepublikanoak denak, gogor kritikatu zituen, izen-abizenez, publikoki. Berdin egin zuen Arizonan gero. Hau da, hemen da, berriz ere, AEBetako 47. presidente bezala itzuli nahi duen pertsonaia.

Ikasita dator

Trumpen lehen agintaldian, neurri batean, AEBak babestuak zeuden bere ezjakintasun eta gaitasunik ezaren aurrean. Saiatu, lotsagabe saiatu zen gaiztakeriak egiten, baina denbora bat kosta zitzaion: botereen arteko kontrolek nola funtzionatzen duten ikastea, piztu eta itzaltzeko etengailuak non dauden aurkitzea... Denborarekin funtzionamendu horien demontreak dominatzen hasi orduko, jada beranduegi zen. Pandemia etorri eta Trump porrotaren horma berri baten aurka jarri zuen, talka eginez.

Baina errebantxa irabazten badu, ez da berriz berdina gertatuko. Balizko bigarren presidentetza aldirako, alarmei nola egiten zaien iskin eta sarrailak nola desaktibatzen diren lapurrak dakien bezala, Trump ikasita etorriko da. Ordurako jakingo du ez dela aski aliatu bat fiskal nagusi bezala jartzea, estatuz estatu beste katebegi baxuagoak ere kontrolatu beharko dituela. Eta balizko bigarren agintaldiarekin batera ekarriko du funtzionario errepublikanoen belaunaldi berri bat, lehentasun goren batekin, misio argiarekin: hauteskunde legeak aldatu eta berrantolatzea, bototan galdu arren errepublikanoek hauteskundeak galdu ez ditzaten.

Faxista ondratu guztiak bezala, Trump eta bere klana «demokraziaren» oso aldekoak dira, defendatzaile sutsuak; hori bai, irabazten dutenean. Galtzen dutenean, demokraziaren hain fanatikoak izateari uzten diote. Horregatik, Trumpen errebantxarako, gauza batzuk konpondu behar dituzte, soluzio eraginkorrak nahi badituzte. Eta hori, swing states edo alderdiz aldatzen duten estatuetako boto-emaileei, balizko boto-emaile demokratei, gauzak zailago jartzetik pasatzen da. Ezinbestean. Faxista ondratu bezala, Trumpek eta bere klanak 2024ko azaroaren 5eko hauteskundeak lapurtzeko plan bat daukate. Legalki lapurtzeko, hori bai, bandera eta “Make America Great Again” kasketa gorridunen armada baten laguntzarik gabe, Kapitolioa asaltoz hartu beharrik gabe.

Demokrata askoren ustetan, Trump familiaren negozioen inguruko salaketak, eta baita Georgiako hauteskundeen emaitzak baliogabetzeko saiakeren ingurukoak ere, Trumpen etorkizun politikoa asko oztopatuko dute. Baina logika trumpistaren arabera, horrek kontrako zentzuan bakarrik funtzionatu dezake: presidenterako aurkeztea da fiskalak zuzenean desafiatzeko modu egokiena.

 

Don Vito eta Donald

Coppolaren “Aitajauna” gogora ekartzen du honek guztiak. Don Vito bihurtu da Donald eta "Trump, The Godfather II" laster ikusgai, itxura guztien arabera, errepublikanoen hautagaia 2024rako. Eta aukera onak, oso onak dauzka, berriz ere, Etxe Zuriaren maizter izateko. Bizi dugun garai azeleratu eta ziurgabearen saihetsezin eta kapritxoek, X faktoreak alegia, kontrakoa agintzen ez badute.

Trumpen berrautaketa baten perspektibak larrimin denak disparatu ditu, minbizi hilgarri baten larritasunarekin. Eta, jakina, munduan ezinegonak handitu eta areagotuko dira AEBetako «errebantxa handia» gerturatu ahala. 35 hilabete baino gutxiagoren faltan gaude, pentsa.

Alderdi Errepublikanoaren kontrol totala ez, baina oso-oso handi bat ziurtatuta dauka Trumpek. Bere nortasuna eta egiteko modu gehienak instituzionalizatu egin ditu alderdiak. Kezka existentziala da hemen, bere jatorrian. Eta kezkarako bada beste arrazoi bat ere: hauteskundeak galdu zituenetik konspirazio teoria eroen mordoilo batean hondoratu den hitzontzi zakar eta kalkulatzailea milioika estatubatuarrek babesten dute. Miope ala ez. Debozio ebanjeliko batekin gainera.

Aurten agintaldi erdiko hauteskundeak daude eta oso litekeena da errepublikanoek ganberen kontrola berreskuratzea. Eta kongresukide eta senatari errepublikano berri gehienak Trumpen babesean eta bultzadaz hautatuak izatea. Leialtasunaren truke, suposatzekoa da. Eta hau baino inportanteagoa, agian, erabiliko duen ideia nagusia da: 2016an «murrua» bezala, 2024an «lapurreta»; amorru eta sinplezia handiko gerrarako oihu eginda.

Demokratak, hala ere, lasai antzean daude: Trump exiliatu bat da haientzat, Floridako Mar-a-Lagon dagoena, sare sozialen plataformetatik kanporatua, oso ausartak diren fiskalek setiatua. Etorkizun barregarri eta patetiko batekin.

Hau da, baina, Donald Trump. Jasotzen dituen kolpeak baino indartsuagoak bueltan botatzeko prestu dagoena, bere aginduekin zalantzati oro isiltzeko gertu, berea dena eta lapurtu ziotena berriz hartzeko pronto, aukeran dagoen atentzio osoa aprobetxatzeko. Alarma entzuten da. Prestatu daitezela, gaitezela, denak.