GAUR8 - mila leiho zabalik

Amona


Askotan aipatu dugu izurrite honek batez ere mendekoengan izan duen eragina larria izaten ari dela. Haurrak, erabakitzeko eskubiderik gabe, hainbat neurri pairatu behar izan dituzte bi urte hauetan. Orain, bi urte hauetan beraien behar emozional eta fisikoak eskoletan kontuan hartu ez direnean, txikien txertaketa kanpainak lehentasuna hartu du (jakin gabe zer ondorio izanen dituen eta benetan izurritea gelditzeko eraginkorra ote den askok zalantzan jartzen dutenean). Eta, beraiekin batera, izurrite hau kudeatu dutenen aldetik ahaztuak egon dira gure adinekoak ere. Hasieran gaixotasunak beraiengan gogorki jo zuen eta, horrekin batera, bakardadeak. Isolatuta, beldurtuta, emozionalki, fisikoki eta ekonomikoki beraiengan egoera honek duen eragina larria da.

Agian gure adinekoak ahazten ditugu zahartzaroaren inguruan historikoki dugun ikuspegi ezkorrarengatik. Haurrak ahazten ditugun moduan, adinekoak, hau da, produktiboak ez diren guztiak baztertzen ditugu. Begirada ezkor hau ez da berria. Orain, behintzat, zahartzaroa gaitasun produktiboak markatzen du, hau da, lan egiteko eta sistemari ekarpenak egiteko adin tarteak. 65 urtetik aurrera pertsonak ez omen dira emankorrak. Berdin gertatzen zen atzera begiratzen dugunean, zeresanik ez adineko pertsona emakumea zenean. Kasu horretan zahartzaroa orain baino lehenago hasten zen, emankorra izateari uzten ziotenean, menopausia iristen zenean, alegia. 45 urtetik gorako emakumeak, ama izateko gaitasuna galduta, karga bat moduan antzematen ziren.

Zahartzaroaren ikuspegi negatiboak emakumeen munduari bakarrik eragiten ez zion arren (Antzinarotik –Georges Minoisek azaltzen duenez– zahartzaroak konnotazio negatiboak izan ditu gizonentzat eta emakumeentzat beti), ikuspegi hori krudel bihurtzen zen emakumea zenean. Ez da kasualitatea ikuspegi hori Lehen Aro Modernoan areagotzea, adibidez. XVI. eta XVII. mendeetan, krisi ekonomiko eta demografiko gogor baten aurrean, emakumeen ugalketa lana goraipatu zen; beraz, logikoa da ulertzea, menopausiaren ondoren, ugaltzeko gaitasuna galtzen zutenean, emakumearen irudia gaitzestea. Horrela, Errenazimentuan, emakumeen erretratuetan zahartzeak gizonengan baino ondorio suntsitzaileagoak eragiten zituela zirudien. Emakume gaztea edertasun fisiko eta moralaren, ugalketaren eta maitasunaren sinboloa zen, eta urteak betetzean, berriz, kontrakoaren sinboloa: itsustasuna, gorrotoa eta sufrimendua.

Amona zahar etxean dugu izurritea hasi aurretik, negozio bilakatu den zentro horietako batean. Berak argi dauka, zertarako jarraitu horrela? Kontaktua hainbeste mugatu denean, zama moduan baino ez duenean ikusten bere burua? Gaur, osasun krisi baten erdian, egoera ekonomikoa zalantzazkoa den honetan, zer funtzio dute sistemarentzat gure adineko pertsonek? Gizarte produktibista baten ikuspegitik behintzat, bat ere ez. Ez da harritzekoa, beraz, gure lehentasunetik kanpo gelditzea produktiboak ez diren horiek guztiak; haurrak, mendekoak eta, nola ez, gure adinekoak. Hori bai, produktiboak ez izan arren lasai, ze zaintza enpresek etekina nola atera berehala ikusi dute. Zaintzak eta bizitzak erdigunean jartzea hau al zen? •