22 ENE. 2022 HIRUGARREN KANALA «Arbosa TV» berreskuratu du Gasteizko ZAS Kultur Espazioko erakusleihoak Joan den mendeko azken laurdenean, Gasteizko Errementari kaleko ebanisteria tailer bateko erakusleihoan ia egunero agertzen zen mezu ironiko, umoretsu edo garratz bat, betiere begirada kritikoduna. Julio Arbosaren «hirugarren kanala» zen. Nerea Lekuonak berreskuratu eta ZAS Kultur Espazioan jarri ditu mezu haiek ikusgai. Xabier Izaga Hirugarren kanala”, hala esaten zion Julio Arbosak Gasteizko Errementari kalean zuen ebanisteria tailerreko erakusleihoan jarri zuen telebista kaxa zaharrari. Ia egunero idazten zuen mezu bat agertzen zen telebista hustu haren barruan, albiste baten gaineko iruzkin bat, hausnarketa bat, garaiko egoera politiko eta sozialaren gaineko aldarrikapen bat, betiere begirada kritikoa, gaur egun Twitter eta gisa bereko sare sozialen bidez zabaltzen diren mezuak balira bezala, Nerea Lekuona artista gasteiztarrak dioenez. Hirugarren kanal hura ikusgai dago egunotan Gasteizko ZAS Kultur Espazioko erakusleihoan, Lekuonak mezu haiek berreskuratu ondoren. Erakusleihoko esku-hartzeak ZAS Espazioaren ekimenetako bat dira, argazki, marrazki, pintura, eskultura nahiz instalazio bidez gauzatu daitekeena, eta martxoaren 15era arte, “Arbosa TV” izenpeko erakusketak hartu du erakusleiho artistikoa. ZAS lekuz aldatu da. Orain San Anton plazako lokal zabalago batean dago, Alde Zaharretik oso gertu. Bertako erakusleihoaren erdian telebista zahar bat ageri da. Pantailan itsatsita, mezu bat, Lekuonak egunero aldatzen duena. «Hoy lea las páginas blancas de EGIN y luego siéntase libre... si puede» (Gaur irakur itzazu EGINen orrialde zuriak eta gero senti zaitez libre... ahal baduzu) dio gaurko aukeratu duenak. Ondoren, mezuaren argazki bat egin du, Twitterren jartzeko. Egunean-egunean kentzen duen mezua lurrean uzten du, orain arte erabili dituen guztiak bezala, telebistaren inguruan. Erakusleihoko horman 70eko eta batez ere 80 eta 90eko hamarraldietako kartel ugari daude ikusgai, Arbosak mezu asko idazteko erabiltzen zituenak, hain zuzen. Errege egunean mezu jakin bat jarri nahi zuen Lekuonak, baina aurkitu ez eta konturatu zen seguruenik kartel horietako baten atzealdean idatzita dagoela: «Ya nos quitan los reyes, pero no todos» (Kenduko dizkigute erregeak, baina denak ez), dio ezkutuko mezu horrek. Arbosaren mezuak oso komentatuak ohi ziren gasteiztarren artean, Errementari kalean eta inguruan bizi edo ibiltzen zirenen artean ez ezik, maiz hirugarren kanala ikustera propio joaten zirenen artean ere bai. Garai bateko historia Gaien eta iruzkin askoren bidez noiz idatzi zituen jakin daiteke, zer garaitan eta batzuk ia-ia zer egunetan, eta mezu haietako asko idazteko euskarri gisa erabiltzen zituen kartelek ere ematen dute idatzi zitueneko dataren berri. Bilduma osoaren parte handia osatzen dute kartelek. Era guztietako ekimen eta ekitaldiak iragartzen dituzte: jaiak, dantza eta musika jaialdiak, kirol lehiaketak, ekitaldi eta aldarri politikoak… «Arbosa telebistak» bi hamarkada pasako historiaren berri ematen du, eta mezu askok ez dute gaurkotasunik galdu; «esate baterako, Gabonetan batzuk gatibu daudela gogorarazten duena. Presoez ari zen, jakina, eta gaur egun mezu hori presoez ez ezik, konfinatuta daudenez ere ari dela uler dezakete batzuek», dio Lekuonak. Artista gasteiztarra mezu horietako asko tailerrean ikusita zegoen; izan ere, erakusleihoko telebistaren gainean dagoen argazkia, Arbosaren tailerraren kanpoaldearen irudia, berak egin zuen duela hainbat urte. Lehengusina baten bidez ezagutu zuen Julio Arbosaren seme Dersu. Hark Murgiako baserrian gordeta zeuzkan aitak eta osaba Ricardok utzitako hainbat antigoaleko gauza, “Egin” egunkariaren aleak, aldizkariak, liburu zaharrak… eta, tartean, Arbosaren mezuak, poltsa handi batzuetan pilatuta. Lekuonak pentsatu zuen han Gasteizko eta Euskal Herriko historiaren parte bat zegoela, eta zerbait egin behar zutela material horrekin. Berriro argitara ematea proposatu zien Arbosaren seme-alabei. Baita halaxe egin ere. Askotariko gaiak Twitter aitzindari hartako esaldiak motzak dira, «oso konkretuak. Nire ustez, egunkariak irakurri eta albisteak entzun ondoren, eguneko mezua idazten zuen, aktualitatearen gaineko iruzkin bat, hausnarketa bat…», azaldu du Lekuonak. Arbosaren alaba Noeliak «bitxikeria gisa» dioenez, bere aitak ez zuen inoiz gogoko izan telebista, «beharbada horregatik sortu zuen berea». 70eko hamarraldiaren erdialdera hasi eta bi hamarkada baino gehiagoan jarri zituen mezu ironiko, isekari, umoretsu, garratz eta beti boterearekin kritiko haiek askotariko gaien berri ematen dute. Nagusia, beharbada, politika; euskal preso politikoen aldeko aldarriak behin eta berriz agertzen ziren, edo garaian garaiko gaiak: NATO, gerra zikina, Lemoizko zentral nuklearra... Horien erakusgarri, «La Cuchillería algunos días parece el cuarto de la leña» (Egun batzuetan Aiztogile kaleak egurtegia ematen du), Poliziarekiko talkak eguneroko ogia ziren garaian idatzia, edo azalpenik behar ez duen «Con la energía que genere Lemoiz a lo mejor nos ponen la luz gratis... en el cementerio» (Lemoizek sortzen duen energiarekin beharbada argia doan jarriko digute... kanposantuan). Oso ugariak dira gai sozialak ere, eta Gasteiz eta Arabakoak, hala nola Alaves futbol taldea; baita urteurrenak eta ospakizunak ere: Gasteizko jaiak, sanferminak, Santa Ageda bezpera… eta oso ohikoak ziren, hala berean, hirian polemika sorrarazten zituzten proiektuak ere. Arbosaren tailerra San Pedro elizaren parean zegoen, eta Gabonetan jaiotza bat jartzen zuen telebista barruan edo ondoan, Elizaren moral bikoitza nabarmen uzteko asmoz. «Behin panpina bat hartu zidan, beltzez margotu eta Jesus haur gisa jarri zuen, munduko haurren gosea salatuz», kontatu du haren alabak. Polizia tailerrera joan zitzaion isun bat ezartzera, baina Julio ez zegoenez, haren anaia Ricardori ezarri zioten. Lekuonak mezu sorta bat aukeratu du erakusleihorako, milaka dira-eta; hala ere, ZAS espazioko gelatxo batean guztiak daude, haietako asko kronologikoki sailkatuta. Oraindik datak kontrastatzen dihardu artistak, eta ondo daki lan hori egiten, Arabako Artxiboan lan egin zuen eta. Otsailean errotulazio tailer bat egin nahi luke, mezu horiek orainaldira ekarri eta mezu berriekin beste erakusleiho bat antolatzeko asmoz. JULIO ARBOSA EBANISTA, TAIlLAGIN, ESPELEOLOGO... ETA GIZON OSOA Julio Arbosa Salazar Murgian (Araba) jaio zen 1939ko abuztuaren 22an. Gizon luze eta argal hari Txibo esaten zioten hainbat lagunek, urte askoan kokotsean eraman zuen bizarra zela-eta. Txapela jantzi ohi zuen, eta haren alaba Noeliak ez du «alkandora koadrodunik gabe gogoratzen». Denen lagun, «ezinezkoa zen berarekin kalean ibiltzea minutu bitik behin norbaitekin hitz egiten gelditu gabe», dio alabak. Gaztetan Jesus Langile ikastetxean ikasi zuen ebanisteria, eta zenbait artisaurengandik tailla, zur eta harri taillagin handia bihurtu arte. Seme-alaba bi hazi zituen. «Oso goiz jaikitzen zen, eskolara eramaten gintuen eta tailerrera joaten zen», gogoratu du Noeliak. Gaztetatik Manuel Iradier Espeleologia Taldeko kide izan zen. 1959an Mairuelegorretako kobazuloko leize sakon batean istripu larri bat izan zuen espeleologo baten erreskatean parte hartu zuen. Oier Gorosabel espeleologo, fisioterapeuta eta GAURko kolaboratzaile eibartarrak kontatu zuen zehatz-mehatz 2015ean “Karaitza” aldizkarian. Haitzuloetako erreskateak ez dira batere samurrak, eta garai hartan askoz ere gutxiago. Manuel Iradier Elkarteko espeleologo taldeko kide batzuek, tartean Arbosak, espeleologo katalan bati lagundu zioten artean esploratzen ari ziren Mairuelegorretako haitzulora. Katalana irristatu eta amildu egin zen leize batean behera, 14 metro beherago igarotzen den erreka bateraino. Arbosa egun batzuk lehenago jarrita zeukaten zurubi batetik jaitsi zen berehala. Zurubiaren muturretik errekaraino lau bat metro zeuden, baina katalana uretan, konortea galduta eta ahuspez zegoela ikusita, salto egin zuen, zaurituari burua uretatik atera eta suspertzen saiatu zen. Beste lagun bat jaitsi zenean, errekatik atera zuten, baina batek uretan egon behar zuen, hain zen txikia lehorreko tokia. Euskal Herriko beste espeleologo taldeetako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko zenbait kideren laguntzarekin, 24 ordu baino gehiago igarota atera zuten zauritua hamaika zulo, galeria eta leize gainditu ondoren. Arbosa zaurituarekin batera atera zen haitzulotik. Gorosabelek ez zekien Julio Arbosaren «kanpoko» bizitzaren gainekorik eta, zer diren gauzak, Errementari kaleko tailerraren berri jakitean harrituta ageri da: «Nere aittitta-amamak kale horretan bizi ziran; nere ama hortxe hazi zan». Bazekien, ordea, haren beste zaletasun batzuen berri: «Espeleologian, esploraziñuaz eta erreskatiaz gain, arkeologian eta bioespeleologian be ibilli zan». Izan ere, haren seme Dersuk gogorarazi duenez, bera eta bere anaia Ricardo Joxemiel Barandiaranekin indusketak egiten ibili ziren Zuian eta Arabako beste zenbait lekutan. Julio Arbosak, besteak beste, Kuartangoko Solacuevako labar pinturak aurkitu zituen. Euskal Herriko historiaz asko omen zekiten anaia biek, Arabakoaz batik bat, baita etnologiaz ere, eta harreman handia zuten zenbait historialari eta bestelako aditurekin. Mendizale amorratua, Manuel Iradier Elkarteko Mikologia Taldean ere ibili zen. Alabak gogorarazi duenez, larunbatero mendira eramaten zituen, eta igandeetan bere anaiari laguntzen zion Plaza Berrian saltoki batean liburu zaharrak saltzera. Poliziarekin arazo ugari izan zituen. Behin baino gehiagotan atxilotu eta kartzelara sartu zuten frankismoan, propaganda banatu edo ikurrinak ipintzeagatik. Gau batean katedralaren parean dagoen sekuoia luze baten goienean jarri zuen bat eta Guardia Zibilak hurrengo goiz osoa eman zuen ikurrina jaitsi ezinean; Arbosak, berriz, hurrengo hilabeteak eman zituen kartzelan. «Oso abertzalea zen», dio alabak, «urtean baino urtean lagun gehiago zituen kartzelan, ihesean edo hilda. Oso minduta zegoen horrekin eta halaxe islatzen zuen bere karteletan». 1990ean Principal antzokiaren berritze lanetan parte hartu zuen Julio Arbosak. Fatxadako lau armarrietan tragedia, komedia, musika eta dantza irudikatzeko enkargua eman zioten. Egun ikusgai daude bi maskara, lira bat, eta dantzari bat. Euskal dantza baten irudia izan behar zuela esan zuen Arbosak, eta Gasteizko antzoki baterako zenez, Arabako dantza batena. Arabako Errioxako dantzetako katximorroa zizelkatu zuen harrian. Gasteizen hil zen 68 urterekin. Harro asko mintzo dira Julio Arbosaren seme-alabak beren aitaz. «Oso goiz joan zitzaigun. Oso eskertuta gaude haren bizi filosofiagatik, bai haren pentsaerari bai guri transmititzen jakin zuen alderdi artistikoari dagokienez. Beti esaten zigun berak izan ez zuen askatasuna guk izatea nahi zuela, baita geure kabuz pentsa genezan ere», gogoratu du Noeliak.