GAUR8 - mila leiho zabalik

Hezkuntza Akordioa, haurren eta gazteen mesedetan


Eta egiaz haurrak eta gazteak gure eztabaidaren erdigunean jarriko bagenitu? Hitzetatik haratago, esan nahi dut. Izan ere, eskola gehienen hezkuntza proiektuetan aho betean diogu ikaslea ipini dugula hezkuntzaren erdigunean. Hezkuntza proiektuan, eskolaren –hezkuntza komunitatearen–, egitasmo pedagogikoa eta izaera jasotzen dituen eta horiek egikaritzeko estrategiak eta praktikak definitzen dituen dokumentuan.

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, bere aldetik, ikasturte hasierako ekitaldian zera zioen: «Guretzat ardatza, iparra eta helburu bakarra ikaslea da». Beraz, antza, gehienok bat egiten dugu ideia horretan: ikaslea dago, haurra eta gaztea, hezkuntzaren erdigunean. Zer esan nahi ote dugu, baina, hori diogunean? Zertan hezurmamitzen da?

Haurrak eta gazteak ipiniko baditugu erdigunean, haien hezkuntza eskubideak aitortzetik hasi beharko dugu. Euskal Herrian bizi den herritar orok edozein ikasmailatan edo ikas-arlotan ikasteko eskubidea du, bazterkeriarik gabe; euskalduntzekoa; Euskal Curriculumaren eta tokian tokikoaren arabera heztekoa; sistema propio batez ebaluatua izatekoa; hezkidetzan eta pedagogia feministan oinarrituta heztekoa; gaitasun digitalak eskuratzekoa; hezkuntza laikoa jasotzekoa; oinarri demokratikoen arabera antolatu eta kudeatzekoa; hezkuntzaren gainean erabakiak hartzekoa, eta abar.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Hezkuntza Akordioa gauzatzeko ahaleginean ari gara. Akordio horrek erroak lurzoru pedagogiko eta etikoan sustraituak beharko lituzke, haurren eta gazteen hezkuntza eskubideak abiapuntu eta oinarri dituela; lehen orrian zerrendatuta, hizki larriz.

Haurrei eta gazteei dagozkien hezkuntza eskubideak, gaur-gaurkoz, ez ditu sare bakar batek ere bermatzen. Aitortu behar dugu, zintzotasunez, artean, sare guztiek dutela bide horretan zeregin handia.

Orain dugu aukera, Euskal Herriko lurralde batzuetan, bederen, hezkuntza jarduera balio hezitzaileetan oinarritzeko, haur eta gazteen kultura aitortuz eta errespetatuz. Hor kokatzen bagara, haurrak eta gazteak parez pare ditugula, seguruenik, errazago egingo zaigu adostasunetara iristea. Zalapartaren erdian haur eta gazteak bistatik galdu ditugulakoan nago.

Aukera daukagu hezkuntza beste modu batean antolatzeko: hezkuntza modu integralean pentsatuz, herri hezitzaileen baitan aisialdiari eta hezkuntza ez-arautuari duten lekua aitortuz, eskolak bakarrik ezin duelako. Eredu berri bat, non aktore gehiago izango dituen hezkuntzak, jendartea trinkotzeko aukera emango duena. Eredu berri bat, non txertatu ahal izango dugun ikasi duguna pedagogiaz, linguistikaz, eleaniztasunaz, elkarbizitzaz; eta euskara elementu inklusiboa izango duena. Botere publikoek erdigunean haurrak eta gazteak dituen hezkuntza eredua zaintzeko eginbeharra dute. Baita hura gertutik jarraitzekoa ere.

Jar dezagun azpimarra elkartzen gaituen horretan; ortzi-mugan gaur ezagutzen ditugun hezkuntza-eredu aukerak baino interesgarriagoak begiztatzeko, esploratzeko, gai izango ginateke, libreago. Herri normalizatu eta burujabe baterako hezkuntza eredua eraikitzeko urrats izan dadila akordioa. Asmoak ez daitezela hitzetan gelditu. •