GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

Zuzeneko doinuak pantailako kutxan

Dokumentalgintzaren historian zuzeneko musikarekin eta musikariekin oro har egindako lanak ugariak izan diren arren, oso deigarria iruditzen zait azken boladan lortu duten kalitatea eta maila zinematografiko aparta. Urtarrila hilabete maldatsua izaten denez, ez zait plan hoberik okurritzen musikarekin gorputza eta garuna apur bat alaitzea baino, otsailean aldarte onenarekin sartzeko.

1971: The Year That Music Changed Everything (GAUR8)

Zoritxarrez pandemia betean gauden honetan, ez da guztiz erraza zuzeneko musikaz lehen bezala gozatzea; beraz, honako gomendioak etxeko sofatik mugitu gabe ikusi, entzun eta batez ere gozatu ahal izateko helburuz bildumatu ditut.

1971: The Year That Music Changed Everything

APPLE TV+

Musikazaleentzat ezinbestekoa. Zortzi atalez osaturiko dokumental sorta honek 1971. urtera garamatza zehazki, garai iskanbilatsua izateaz gain,  asaldura politiko eta kulturalak bultzatuta, musikaren berpizkundearen urtea izan zelako aditu askoren ustez. Talentu berriak agertokira sartu ziren eta musikaren mugak inoiz ez bezala hedatu ziren. Dokumentalak The Rolling Stones, Aretha Franklin, Bob Marley, Marvin Gaye, The Who, Joni Mitchell edo Lou Reed bezalako artistak ikusteko aukera eskaintzen du, besteak beste. Zortzi atal horietan, urte hartan gertatutakoaren eta musikaren historian izandako garrantziaren errepaso zehatza egiten da, gertaera haiek gizartea bere oinarrietatik eraldatu baitzuten. Lehen atalak, adibidez, Marvin Gayeren obraren eta Vietnamgo Gerraren aurkako protesten arteko harremana aztertzen du, baita Richard Nixon AEBetako presidente ohiaren administrazio zapaltzailea ere. Kulturaren historiari eta musikaren historiari buruzko ikasgai gisa oso ongi funtzionatzen duela uste dut; musikaz eta maisulan handiak egitearen historiaz gozatzeaz gain, dokumental honek egungo musikari buruzko hausnarketa egitera ere bagaramatzalako, eta hori oso aberasgarria iruditzen zait.

The Velvet Underground

APPLE TV+

The Velvet Underground musika taldeak rockaren munduan lortutako eragin handiaren arrazoiak eta gakoak bilatzen saiatu da Todd Haynes zinema zuzendaria lan bikain honetan. Taldea soinu berri baten egilea izan zela diote askok, neurri batean musikaren mundua aldatu zuena, eta horrek historiako rock talde gurtuenetako bat bihurtu zuen. Filmak garai hartako funtsezko pertsonekin egindako elkarrizketak biltzen ditu, aurretik inoiz ikusi gabeko emanaldiekin konbinatuta, Andy Warholen grabazioak barne. Taldea bereziki gustuko ez baduzu, lasai, dokumentalaren mamia ez baita soilik taldeari buruzko datuak biltzea, testuingurua ere funtsezkoa izan baitzen; talde horren espiritua ez ezik, bere kultura-gorenean zegoen 60ko hamarkadako New York hiria ere era paregabean erretratatzen du Haynesek, adibidez.

The Beatles: Get Back

DISNEY+

Beatleszalea bazara ahozabalik geratuko zara lan honekin, txundituta. Aitortuko dizut bestalde, ni bereziki fana ez izanda ere, oso dokumentu berezia eta bakarra iruditu zaidala Peter Jackson-ek zuzendu duen telesail dokumental hau. The Beatlesi buruzko dokumentala den arren, pasarte jakin batean zentratzen da bereziki:  “Let It Be” diskoaren grabaketa eta horrek eragin zuena. Argitaratu gabeko material ugarirekin sortua, “Let It Be”-ren errealizazioan nagusi ziren adeitasuna, adiskidetasuna eta umorea erakusten baititu eta baita ezagutzen ez ziren beste alderdi batzuk ere. Beatlesen estudioko album mitikoa, eta talde gisa emandako azken zuzeneko kontzertua, Londresko Savile Row kaleko teilatuan egindako emanaldi ahaztezina. Argitaratu gabeko 55 ordu baino gehiagoko materiala bildu da lan hau egiteko –Michael Lindsay- Hoggek 1969an grabatu zituenak–, eta oso gutxitan entzun diren albumaren grabazio saioen 140 orduko audio grabazioak ere presente daude. Harribitxia.

Dardara

Dokumentazio lan hutsean eta kontzertu irudietako efektismo errazean erortzeko aukera guztiak zituen dokumentala izan zitekeen, ohiko narratiba konbentzionala erabiliz, su artifizial hutsalak jaurtiz, baina Lameiroren ikuspegiari esker, sortzailearen, publikoaren eta obraren arteko harremanaz diharduen ikus-entzunezko boteretsua gauzatzea lortu dute. Lengoaia zinematografikoak eskaintzen dituen tresnak ezin hobeto zukutu ditu –muntaia, soinua eta lehen planoen indarra bereziki–, Berri Txarraken musika filmaren elementu narratibo moduan txertatuz, kantu bakoitzaren mamia narrazioaren zati bihurtzen delarik. 

Ez da erraza musika talde bati buruzko dokumental bat egitea, topikoetan ez erortzea, originala izatea eta taldearen jarraitzaile ez direnen artean arreta piztea. 2011. urtean estreinatu zen “Foo Fighters: Back And Forth” dokumentala izan liteke adibide ona. Lan honetan zerbait nabarmentzen bada, bizi izan dituzten esperientziak azaltzeko orduan guztiek duten zintzotasuna da. Talde, idolo edo miresten ditugun izen horien atzean gu bezalako pertsona arruntak dauden mezua gailentzen da, eta taldekideek bizi duten guztia dirudiena baino askoz ere arruntagoa eta gizatiarragoa dela. Lan hau aipatzen dut, Foo Fighters-eko Dave Grohl-ek moduan, Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu duelako Lameirok “Dardara” dokumentala, eta horrek lanak eskatzen duen humanismoz bustitzen du. Dokumentala hasi eta minutu gutxira, errepide batek zeharkatzen duen baso bat ikusten dugu. Isiltasuna nagusi den basoa. Eguzki izpiek adar eta hostoak zeharkatzen dituzten bitartean, txorien kantuak soilik entzuten ditugu. Planoa gurutzatzen eta isiltasun hori hautsiz, Gorka Urbizu azaltzen da; bakarrik, oinez, pentsakor. Une horretan kamerak atzetik jarraitzen dio, bizkarrez, mugikorrean audio bat grabatzen ari den bitartean: «Kamerinoan zaudela entzuten duzu ‘Beste bat, beste bat!’, oihuka eta orduan datorkizu galdera burura: ‘hau benetan uztera zoaz?’ (. …) sortzaile gisa bilatzen jarraitzeko etxea uzteko ordua da orain, eta gogorra izanagatik ere, batek ezin dio muzin egin horrelako deiari». Naturaren arnasaz gain, hori da lasaitasun horren erdian entzuten den gauza bakarra. Isiltasunaren garrasia.

Hortik aurrera dokumentalak ardatz nagusi batzuk kokatuko ditu mahai gainean. Batetik, birako zuzenekoen irudiak, betiere, plano ikusgarrietatik aldenduz eta entzuleen hurbileko planoei lehentasuna emanez, kontzertua nola bizi duten erakusteko. Ikusiko dugunaren bigarren lagina, basoko sekuentzia horren ostean ikusten lehena, Jare Lertxundi jarraitzaile gaztearen eta bere amaren lehen planoak dira. Berri Txarraken kontzertuaz gozatzen ari dira “Min hau” abestia entzuten duten bitartean. Horren ostean ama-alabak ohean ageri diren sekuentzia; Jarek abestiaren letrari buruzko galdera zuzena jaurtitzen dio amari: «Zergatik ‘Min hau’ kantak esaten du ez duela topatzen zauria inondik?». Hau da “Dardara”-ren muina eta 98 minutuetan zehar topatuko duzuna: pasioa, samurtasuna eta zintzotasuna. Zuzeneko kontzertuen indarra eta magia irudien bidez islatzeko aukera asko topa daitezke, baina Lameirok lehen planoan aurpegiak eta pertsona zehatzak erabiliz egin du. Taldeak nazioartean zein Euskal Herrian dituen zenbait jarraitzaileren bizitzetan sartu-irtenak egin dituzte, doinu horiekiko duten pasioa ulertzen laguntzeko. Japoniako uneak ere ahaztezinak iruditu zaizkit.

Eta azkenik taldekideen jarraipena egin du, eta Gorka Urbizuk taldea modu mugagabean uzteko hartutako erabakiaren atzean dauden zergatiak azaltzen ditu. Berri Txarraken “Ikusi arte” biran filmatutako irudiak helduleku gisa hartuz, eta Gorka Urbizuren hausnarketak gida moduan, dokumentalaren ardatza, mundu osoko (Euskal Herria, Mexiko, Alemania, Japonia…) jarraitzaileek Berri Txarrakekiko pasioa nola bizi duten erakustea izan da, eta helburu hori ezin hobeto gauzatu dute. 

«Musika helduleku bat da, horregatik eskatzen ditugu kantu gehiago», dio Urbizuk dokumentalaren pasarte jakin batean. Abestiak ez dira agortzen, horiek beti egongo dira eskura, behar dugunetan arnasguneak eskainiz. Oholtzatik jaitsi dira baina haria ez da eten. Berriren abestiak ozen entzungo dira, maitasunez eta zintzotasunez egindako musikaren magia betirako baita. Oroitzapen, zintzotasun eta pasio kolektibo eder horren hazitik loratu den lan ederra da “Dardara”. Estilo, hizkuntza, herrialde eta belaunaldi ezberdinen barrerak gainditu eta urrunago doan fenomeno baten unibertsaltasunaren lekuko bilakatzen gaituena.

Summer of Soul

DISNEY+

2021eko udako eta gerora urteko estreinaldi garrantzitsuetako bat izan da, zalantza izpirik gabe. Ia zaratarik atera gabe estreinatu ostean, mundu mailako kritikarien eta ikusleen iritzi positibo guztiak bereganatzea lortu du. Gozamen hutsa, ikuskizun aparta iruditu zait.  1969an Estatu Batuetan ospatu zen Harlem Cultural Festival ospetsua aztertzen duen dokumentala. Bertan Stevie Wonder, Mahalia Jackson, Nina Simone, Sly and the Family Stone, B. B. King edo Gladys Knight and the Pips ikusi ahal izan ziren, besteak beste. Bertan, afro-amerikar kultura eta musika omentzeaz gain, «Black pride» eta arraza bereko pertsonen arteko batasuna ere sustatu zituzten. Aurtengo Sundance jaialdian dokumental onenaren eta ikusleen sariak eskuratu dituen ikuskizun aparta gomendatu nahi dizut.

Musika dokumental soil bat baino askoz ere gehiago da. Ez da Harlem Cultural Festival jaialdian izan ziren emanaldi itzelak errepasatzeko kontzertu sorta bat soilik, komunitate beltza bizitzen ari zena era miresgarrian islatzen duen ezinbesteko proposamena baizik. M. L. King eta Kennedy presidentearen hilketa, aurrekaririk gabeko errepresioa eta Vietnamgo gerra testuinguruaren erdigunean kokatzen diren bitartean. Ia emanaldi guztiak apartak dira, baina beharbada, filmak erakusten duen ikuskizunik handiena, aipaturiko gaiaz eta testuinguruaz gain, kontzertuetako ikusleria zabal eta askotarikoen artean dago, harribitxi bilakatzen diren irudiak ikusiko dituzu.

Amazing Grace

APPLE TV+, FILMIN eta AMAZON

1972ko urtarrilean Aretha Franklin-ek bi egunez jo zuen Wattseko (Los Angeles) New Temple eliza bataiatzailean gospel kontzertu berezia emanez, bere diskorik salduena izango zena grabatuz, “Amazing Grace”. Sydney Pollack zuzendaria buru zela, filmaketa talde batek filmatu zituen saioak, baina artxiboko materialak bobeda batean amaitu zuen, eta lau hamarkadaz XX. mendeko musikaren altxor galduetako bat izan da. Pollackek, 2008an hil aurretik, filma osatzeko nahia adierazi zuen. Emanaldiak ez du interpretazio musikala soilik erakusten, esperientzia kolektibo mistiko eta aldarrikatzaile gisa planteatu zen ikuskizun hori azaltzea baitu helburu.