GAUR8
MEHATXUPEKO ALTXORRA

Japoniako aingira, gutiziaren jomugan den espeziea, desagertzeko arriskuan

Japoniako sukaldaritza tradizioetan duen pisuak eta gatibualdian ugaltzeko aukerarik ez izateak egoera kritikoan jarri dute baliabide natural hau, eta ondorio zuzenak izan ditu prezioan. Harrapaketak jaitsi ahala, luxuzko produktua bilakatu da eta legez kanpoko merkataritzak gora egin du.

Moztu berri duen aingira burruntzian sartu ondoren, Tsuyoshi Hachisukak bere barbakoan ipini du. Japoniar gastronomian ezinbestekoa den arrain hau jada galzorian dagoen espezietzat hartzen da. Haren eskasiak prezioak igoarazi eta trafikatzaileen gutizia elikatu du. Suge itxurako arrain hau, batzuentzat nazkagarria, mundu osoan harrapatu eta jaten da. Bereziki estimatua da, ordea, Asian, eta batez ere Japoniako artxipelagoan, jatetxe espezializatu asko baitaude, hala nola Hamamatsuko jatetxea, Shizuoka departamenduan (erdialdean).

Japonian hilobi monumentuetan aurkitutako hezurrek aingira duela milaka urte kontsumitzen zela erakusten dute. XVII. mendetik aurrera, normalean «kabayaki» eran jaten da: brotxetak parrillan, sojaz eta mirinez (arroz alkohola) egindako saltsa batean bustita.

Hachisuka 66 urteko sukaldariak saltsa bera erabiltzen du duela 40 urte baino gehiago jatetxea ireki zuenetik. «Arraina erre bitartean prestatzen dut saltsa; ez du ez gozoegi ez gaziegi geratu behar», azaldu du.

Baina Japoniako sukaldaritza tradizioetan duen pisu handiak eta gatibualdian ugaltzeko aukerarik ez izateak egoera kritikoan jarri dute baliabide natural hau, eta ondorio zuzenak izan ditu prezioan. «Unaju plater bat (aingira arrozarekin) hasi nintzenean baino ia hiru aldiz garestiagoa da orain», adierazi du Hachisukak.

Angulak dira aingiraren arrainkumeak. Angulen harrapaketak murriztu egin dira artxipelagoan, 60ko hamarkadako mailaren %10era, eta 2014an Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batzarrak Japoniako aingira arriskuan dauden espezieen zerrenda gorrian sartu zuen.

Baina bere bizi zikloa konplexua da eta oraindik oso gutxi ezagutzen da. Horregatik, bereziki zaila da babestea. Aingiren jatorriaren misterioak ikertzaileak liluratu ditu aspalditik.

Jatorriaren misterioa

Aristoteles antzinako filosofo eta naturalista greziarrak duela 2.300 urte aztertu zituen aingirak eta lokatzetan berez agertzen zirela imajinatu zuen, espeziearen larben arrastorik inoiz aurkitu ezinik.

«Aingira duela 60 milioi urte inguru agertu omen zen Borneo uhartetik gertu», dio Mari Kuroki Tokioko Unibertsitateko Uretako Biozientzien Departamentuko irakasle titularrak. Gero mundu osora zabaldu zen, eta 19 espezie eta azpiespezieak planetako ozeano guztietan daude, Antartikan izan ezik.

XX. mendearen hasierara arte ez zuten jakin zientzialariek aingira europarrak eta amerikarrak Sargazoen itsasoan jaiotzen zirela, Kubatik gertu, eta haien larbak (leptozefala izenekoak) korronteek kontinenteetara eramaten zituztela.

Kontinenteen jitoarekin ozeanoetako korronteak mudatu eta bizitza eta errute eremuak urrundu ahala, aingira egokitu egin zen, Kurokik dioenez. Espezie askoren haztegien kokapenak misterioa izaten jarraitzen du gaur egun ere.

2009an, Japoniako espedizio zientifiko batek formalki identifikatu zuen munduan lehen aldiz errutegune bat, eta argitu zuen «aingira japoniarra» izeneko espeziea Mariana uharteen mendebaldean ugaltzen zela, herrialdeko kostaldetik 2.000 edo 3.000 kilometrora.

Kostaldera hurbiltzean, larbak angula bihurtzen dira, gero Japoniako estuario eta ibaietara iristen dira, baina baita Taiwan, Txina eta Hego Koreakoetara ere. Bertan garatzen dira aingirak eta 5 eta 15 urte bitartean bizi dira batez beste, berriz ere itsasorantz igeri egin eta arrautzak erruten hasi aurretik. Gero hil egiten dira.

Aingira populazioen gainbehera azaltzeko (fenomeno globala da), zientzialariek faktore konbinazio bat nabarmendu dute, eta guztiak gizakiari egotz dakizkioke: gehiegizko arrantza, baina baita klima aldaketarekin lotutako fenomeno ozeanikoak ere, «El Niño», esaterako. Izan ere, korronteek errute eremuak lekualdatzen dituzte.

Ur gezako habitaten narriadurak, ibaien garapenarekin eta ibaiertzetako hormigoiztatzearekin batera, eragin garrantzitsua du, baita kutsadurak ere. Presek ere migrazioak eteten dituzte, eta horien turbinak dira aingiren hilkortasunaren arrazoi nagusietako bat.

Baliabide komun hori hobeto kudeatzeko ahaleginean, japoniar aingira nagusiki bizi den lau herrialdeetako zientzialariak elkarlanean aritu dira 2012tik, eta kuotak 2015ean ezarri ziren.

Baina murrizketa horiek, Europar Batasunak angulak esportatzeko duen debekuarekin batera, ezkutuko ehizaren eta munduko trafikoaren garapena bultzatu dute, bereziki Europatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik abiatuta.

«Urre zuria»

Japonian kontsumitzen diren aingiren %99 baino gehiago akuikulturatik datoz. Eta akuikultura hori arrantzaren edo angulen inportazioaren mende dago erabat. 2020an, Japonian erregistratutako arrantza eta angulen legezko inportazioak 14 tona baino gutxiago izan ziren, Japoniako Arrantza Agentziaren arabera, baina 20 tona baino gehiago hazi ziren. Alde esanguratsu hori irabazi handiko azpiko ekonomia paraleloari egozten zaio.

Egoera are larriagoa izan daiteke, WWF erakunde ekologistaren Japoniako adarraren arabera. Bere datuen arabera, Japonian hazitako angula guztien %40 eta %60 artean legez kanpoko kanaletatik datoz.

Hamamatsun, Hamana lakuko ur gaziek, itsasoaren ondoan, aingirentzako habitat ezin hobea eskaintzen dute, eta han, abendutik apirilera bitartean, angula arrantzatzen da urtero, diskreziorik handienarekin.

«Aingira laku honetako arrainik garestiena da», dio Kunihiko Katok, 66 urteko arrantzaleak, angulak arrantzatzeko erabiltzen duen punta konikoko sare luzeari tira eginez. «Beraz, kontuz ibil gaitezen», diru gosea ez pizteko, bota du.

«Urre zuria»

«Urre zuria» ere esaten diote. Angulen prezioa nabarmen aldatzen da harrapaketaren arabera: kiloa, batez beste, 1,32 milioi yenetan (10.300 euro) ordaindu zuten 2020an, Japoniako Arratza Agentziaren arabera, eta 2,99 milioi yeneko maximo historikora iritsi zen 2018an.

Japoniako aingiren urteko kontsumoa hiru aldiz murriztu da 2000. urtean 160.000 tona ingurura iritsi zenetik, zifra ofizialen arabera.

Hamana lakuaren ertzetan egoitza duen Senichiro Kamo itsaskien handizkariak adierazi duenez, kostua gero eta handiagoa denez, kontsumitzeko aukera gero eta txikiagoa da.

Arrain hau bere fakturazioaren %50 da. «Garai batean, inguruko hoteletan zerbitzatzen ziren parrillada eta otordu guztiak aingirarekin egiten ziren», gogora ekarri du Kamok. Geltokietan ematen ziren otorduetarako ere erabiltzen ziren, baina prezioa hirukoiztu egin denez, ezinezkoa da.

«Gozatu aingira bakoitza»

Baliabide natural hori zaintzeko ahaleginean, aingiraren ugalketa artifizialari buruzko ikerketa 1960ko hamarkadan hasi zen Japonian.

2010ean, ikertzaileek lehen aldiz lortu zuten laborategian aingiren ondoz ondoko bi belaunaldi lortzea. Aurrerapauso erabakigarria izan liteke.

Baina aingira «artifizial» horiek oraindik ez daude merkaturatzeko moduan, Japoniako Arrantza Agentziak herrialdearen erdialdeko Izu penintsulan duen zentro espezializatu bateko ikertzaileak, Ryusuke Sudok, aitortzen duenez.

«Gaur egun, oztoporik handiena da metodo honen kostua altuegia dela», dio Sudok, bereziki gizakiaren esku-hartzearen eraginpean diren aleen ugalketa tasa txikia delako, eta naturan harrapatutakoek baino hazkunde denbora gehiago behar dutelako.

Japoniako Gobernuak 2050erako metodo hau eskala handian erabili ahal izateko helburua ezarri du.

Mari Kurokiren ustez, kontzientzia kolektiboa litzateke espeziea salbatzeko modurik onena. «Jaten duzun aingira bakoitza estimatu behar duzu», uste du, «baliabide natural baliotsu bat dagoela jabetuz».

 

AINGIRA: 70 MILIOI URTEKO EXISTENTZIA ETA BERROGEI URTEKO GAINBEHERA

Denbora luzez mundu osoan ugaria zen aingira, kaltegarritzat ere jo izan dena, galtzeko arriskuan jarri du gizakion kodiziak, espezie honen inguruan azken hamarkadotan eratzen joan den merkatu beltz erraldoiaren eraginez.

Argi hitz egiten du Eric Feunteun itsas ekologo frantziarrak: hamarkada gutxitan, «aingira kaltegarria zela pentsatzetik haren etorkizunaz kezkatuta egotera pasatu gara».

Aditu honek gogora ekarri duenez, 1960ko hamarkadan «aingira ugaria zen ur ibilgu guztietan, estuarioetan». Aingiraren kumeek, angulek, ez zeukaten inolako baliorik: «Nire amonak kafetegi bat zeukan Nantesen, Loira ibaitik gertu, eta batzuetan diru gutxien zeukaten bezeroek angulaz beteriko balde batekin ordaintzen zioten kafea».

Suge itxurak ospe txarra ekarri zion Europan eta, hori gutxi ez eta, izokinak jatea leporatu zioten espezie honi, uste okerretan oinarrituta. 

Europar Batasunak 2007an derrigortu zituen bere estatu kideak aingiraren kudeaketarako planak egitera eta handik hiru urtera, 2010ean, debekatu egin zuen esportazioa.

1960ko hamarkadarekin alderatuta harrapaketak %10 baino gutxiagora jaitsi diren arren, Europako aingira da mehatxatuena, japoniarraren eta estatubatuarraren aurretik.

Zergatik murriztu da horrenbeste aingiren populazioa? 

Arrantza profesionalari leporatu izan zaio maiz gainbehera horren jatorrian egotea, Feunteunen esanetan, baina arrazoiak «askotarikoak» direla dio. Berotze globalak eragindako kutsaduraren edo korronteen aldaketaren eraginak nabarmendu ditu.

«Aingiraren habitata suntsitu dugu, horrek hil du benetan». Halaxe mintzo da Susteinable Eel (aingira jasangarria) taldeko presidente Andrew Kerr. Dioenez, Europak hezeguneen hiru laurden galdu ditu mende bat baino gutxiagoan, eta ainguren migrazioak oztopatu eta aldarazi dituzten presa hidroelektriko ugari ditu.

Egoera iraultzen saiatzeko hainbat sistema probatu dira: habitata lehengoratzeko programak, birpopulaketak, presa hidroelektrikoen egokitzapenak edo aingiren trazabilitatea hobetzeko sistemak. Baina eskasiak Asiarako legez kanpoko trafikoa elikatu du, bertan oso estimatua baita.

Ahaleginak daudela aitortzen du Feunteunek, baina batzuetan «gaizki bideratuak» daudela, haietako asko arrantzan zentratuta daudelako: «Hori akats bat da».

Legez kanpoko negozioa

Kalkuluen arabera, urtero, 3.000 milioi euro angulatan (3.400 milioi dolar) garraiatzen dira Europatik Asiara.

Susteinable Eelen arabera, Europako angulen %23 esportatzen da urtero, legez kanpo, Asiara, batez ere Txinara. «Planetako faunaren aurkako krimenik handiena da», salatu du Andrew Kerrek.

«Droga edo arma trafikoak baino irabazi marjina handiagoa» duen negozioa dela gaineratu du: Europako arrantzale bati 0,1 euroan erosi angula, eta behin hazita, aingira bakoitza 10 euroan saltzen da Asian.

Ugalketa artifiziala?

Japoniar ikertzaileak 1960tik ari dira aingirak artifizialki erreproduzitzen saiatzen, baina ez dira leku itxian ugaltzen.

«Egun kontsumitzen ditugun aingiren ia %100 naturan harrapatutako eta akuikulturan hazitako angulak dira», dio Ryusuke Sudo Japoniako Arrantza Agentziako adituak. Baina artifizialki haztearen kostua «oso handia» da, ugalketa tasa txikiagatik eta garatzeko behar duten denbora luzeagatik.

Desager daiteke?

«Duela 60-70 milioi urte existitzen den familia da, dinosauroen garaitik bizirik atera zena eta, paradoxikoki, oso dibertsifikazio gutxi duena», dio Feunteunek, eta 19 espezie eta azpiespezie baino ez dituela zehaztu du.

Baina espeziearen biziraupena «gaur egun giza presioak mehatxatzen du: 70 milioi urteko existentzia eta berrogei urteko gainbehera», laburbildu du adituak.

Hala ere, badu itxaropenik: «Espezieak aurreko krisi klimatikoetan erakutsi du oso ale gutxitatik abiatuta suspertu ahal izan dela».