GAUR8 - mila leiho zabalik

Europako segurtasunaz, EBren parte-hartzerik gabe


Europa ekialdeko krisiak iritzi ugari eragin ditu, baina informazio gutxi, bereziki testuinguruari buruz. Hasteko, gogoratu behar da iaz, SESB desagertu zenetik lehen aldiz, Errusiako Federazioak inguruko estatuei eskaera argia egin ziela. Bere jarrera, funtsean, eskakizun bakar batean laburbil daiteke: lurralde horiek ez bihurtzea Errusiar Federazioari eraso egin ahal izateko oinarri. Labur esanda, Moskuk aliantza militarren parte ez diren herrialde horiei guztiei neutraltasun estatusa mantentzeko eskatu zien. Neurri batean ulergarria den zerbait da; azken gerraren memoria tragikoak bizirik dirau Errusian. Orain arte egin izan den bezala, prentsak eta nazioarteko komunitateak ez zuten kasurik egin.

Ukrainan, 2019an, hauteskundeak irabazi zituen Volodymyr Zelenskyk gehiengo ikaragarriarekin, ekialdean bakea lortzeko eta ustelkeriari amaiera emateko konpromisoarekin. Hala ere, bi eremu horietako bakar batean ere ez du urratsik egin. Behin kargua lortuta, bere erabakiak kontrako norabidean joan dira, eta, beraz, Donetsk eta Luhanskeko egoera okertu baino ez da egin, batez ere azken hilabeteetan. Lehendakariak oso ospe txikia dauka eta, kasu horietan, gerra, batez ere garaipena lortuz gero, gain behera doan popularitatearen pizgarria izaten da. Istiluen ugaritzeak eta laguntza militarraren etorrerak ekialdeko lurralde horien inbasioa prestatzen ari ote ziren beldurra eragin die errusiarrei. Testuinguru horretan, Kremlinek NATOren ahultasuna –Afganistango erretiratze kaotikoak areagotuta– baliatu du fitxa mugitzeko eta AEBei zuzenean bere iazko eskaera aurkezteko.

Badirudi proposamenak mundu guztia harrapatu duela. AEBek, negoziatu beharrean, giroa are gehiago tenkatzea erabaki dute, komunikabideek behar bezala zabaldu duten histeria giroa sortuz. Erretorika belizistak baieztatu du ez dutela inolako planik eta, gainera, ez dakitela nola kudeatu errusiarren proposamena. Ideia faltaren osagarri, Ukraina armatzea erabaki dute, Ukrainaren eta Errusiaren arteko liskarra sortzeko asmo aitorrezinarekin, eta, jakina, ez dute horretan esku hartzeko asmorik. Duela gutxi, antzeko zerbait iradoki zien taiwandarrei Australiako goi kargudun batek: Israelekin egiten duten bezala, Txinarekin duten liskarrean babestuko lituzkete, eta, edonola ere, ez lukete esku hartuko. Norberaren interesen alde borroka daitezen hirugarren herrialdeak armatzea nahiko koldarra da.

Europar Batasunari ere gehiegizkoa iruditu zaio AEBen alarmismoa. Arazoa da Estatu Batuen taktika jarraitu besterik ez dutela egin, tropak eta armak bidaltzeko tentsioa handitzeko. Bestalde, Errusiak AEBekin izandako elkarrizketek agerian uzten dute EBren benetako eginkizuna zuzenean eragiten dion segurtasun gai honetan: anaia handiaren konpartsa soila. Paper tristea.

Krisi honetan auzian dagoena segurtasun kontua da, Europan segurtasun arkitektura eraikitzeko printzipioak zeintzuk izan behar diren. Paradoxikoki, Europar Batasuna ez dago eztabaidan. Eta krisia askotan ahazten den zerbait nabarmentzen ari da: segurtasuna ez da herrialde bakoitzaren banakako kontua, munduko herrialde guztiei eragiten dien arazo kolektiboa baizik. Eztabaida horretan alde bakoitzak berezko interesak izango ditu eta denak kontuan hartu behar dira segurtasuna bermatzeko. Kontrakoa gerrarako prestatzea da. •