29 ENE. 2022 ERRESISTENTZIAREN TELESAILAK Gazan, erresistentziaren ikuspuntua zabaltzen dute Hamasen telesailek Soldadu israeldarrak «heroiak» eta palestinarrak «terroristak» balira bezala aurkezten dituzten Israelgo telesailei aurre egiteko, Hamas bere telesail propioak egiten hasi da Gazan, oso baliabide eskasekin, «erresistentziaren espiritua dramatizatzeko» eta herri okupatuaren ikuspuntua zabaltzeko. GAUR8 Bandera israeldarrak, hebreerazko dokumentuak eta Theodor Herzlen argazki bat... Non eta Gazako bihotzean. Ez da okupazio sionista Zerrendara iritsi delako, ordea. Hamas mugimendu islamistaren telebista estudioek zerbitzu israeldarren bulegoak berreraiki dituzte erresistentziaren aldeko telesailetan, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko euren bertsioa irudikatzeko. Azken urteotan, Netflix, HBO edo Apple TVn emititutako telesail israeldarrek milioika jarraitzaile dituzte atzerrian. Horien artean, “Fauda” izenekoak (arabieraz, «kaosa»), Doron Kavillioren istorioak kontatzen ditu. Kavillio “Mistaravim” izeneko unitate bateko komandantea da, Palestinako zirkuluetan sartzen diren indar berezietako batekoa. Baina Gazako Zerrendan, Hamaseko islamisten kontrolpean dagoen lurralde palestinarrean, ez da egokia esatea «Fauda» ikusi duzula. Israelgo telesail bat ikustea estatu juduarekiko harremanen normalizazioa babestea delako, Mohammed Soraya Hamaseko telesaileko produkzio zuzendariak azaldu duenez. «Netflixek sionisten okupazioa babesten du ‘Fauda’ bezalako telesail asko sortuz, eta herri palestinarra kriminalizatzen dute. Ekuazioa aldatu nahi dugu, palestinarren ikuspuntua erakutsi, gure erresistentziaren espiritua dramatizatu», adierazi zion AFPri Gaza hiriko estudio txikietan. Ekimena Hamas eta Israelen arteko gatazkaren beste atal bat izan daiteke, «terroristak» eta «heroiak» etiketa nori jarri erabakitzen duen «telesailen gerra». Gazan bizi diren palestinarrek ez dute Israelen errelatoa erraz bereganatuko, blokeoak ezarritako bizi baldintza latzek egunero gogorarazten dietelako gatazkaren iturria, bonbek milaka hildako utzi dituzten lurralde honetan. Israel 2005ean erretiratu zen bertatik eta bi urte geroago aire libreko kartzela erraldoia bihurtu zuen blokeoaren bitartez. Baina palestinarrek beharrezkotzat jotzen dute eurei buruzko irudia eurek eraikitzea. Aurrekontu eskasak 2,3 milioi biztanleko eremu pobretu honetan, Hamasek Al-Aqsa tokiko telebista kanala kontrolatzen du, eta hainbat urte daramatza telesailetan inbertitzen, mundu musulmanean –eta baita Mendebaldean ere– milioika ikusle dituzten Turkiako ekoizpenetan inspiratuta. “Qabdat al-Ahrar” (Askeen ukabila) telesailean, Hamasek kontratatutako gidoilariak 2018ko Israelgo inteligentzia zerbitzuek Gazako Zerrendan egindako operazio batean oinarritu dira. Operazioan Hamaseko zazpi borrokalari eta Israelgo ofizial bat hil ziren. Israelgo telesailetan ez bezala, hemen, heroiak ez dira Israelgo indarrak, mugimendu islamistako borrokalariak baizik, dagoeneko lau aldiz Israelgo ofentsiba handiei aurre egin dion mugimendukoak. Baina Gazan aurrekontuak oso eskasak dira, gaizki ordaindutako aktoreak, gutxi gorabeherako eszenatokiak... Eta ekoizpen epeak doituta daude. “Qabdat al-Ahrar”-eko taldeak hogeita hamar bat atal entregatu behar ditu apirilerako, ramadana dela-eta audientzia handieneko ordutegian zabaltzeko. Israelgo telesailek gutxiengo arabiarreko artistak erabiltzen dituzte, baina Gazako ekoizpenek ez dute aktore israeldarrik, eta, beraz, estudioak behartuta daude bertako artista palestinarrak kontratatzera israeldarren itxura hartzeko. Gazan israeldarra izatea Horixe da Jawad Haroudaren kasua. Aktore horrek Palestinako telesailetan funtzionario israeldarren paperak antzeztu ditu eta Shin Bet Israelgo inteligentzia zerbitzuaren buruzagiaren azalean jarri da, “Qabdat al-Ahrar” lanean. Pertsonaian sartzeko, eszenan murgiltzen dela dio. Baina gauza bitxi bat gertatzen zaio antzezle honi: sinesgarriegia izateak arazoak ekarri ahal dizkio. «Emakume batzuek begiratzen didate eta otoitz egiten dute hil nadin. Ni poztu egiten naiz iraintzen nautenean, lortu dudala esan nahi duelako. Aktorea kameleoi bat da, kolore guztiak ukitzeko gauza izan behar da», dio Shin Beteko «nagusi» gisa aulkian eserita, Gazako eraikin batean birsortutako bulego israeldarrean. Made in Gaza telesail honetan, pertsonaia israeldarrek arabieraz hitz egiten dute. Hamaseko muftiak (arau islamikoak interpretatzen dituzten agintariak) eskatuta, Kamila Fadelek, eta beste aktoreek, ez dute beloa kentzen, nahiz eta emakume juduak antzeztu. «Telesail batean emakume judu baten papera egiten nuen. Telesaila telebistan eman ondoren, emakume bat ni itotzen saiatu zen (...) ‘Gorroto zaitut, horrenbeste min egiten diguzu’, esan zidan», azaldu du Fadelek. «Beste egun batean 13 urteko neska batek harri bat bota zidan burura, judua nintzelakoan. (…) Horrek esan nahi du nire papera ondo egin nuela», gaineratu du. Israeldarrak, eta batzuetan juduak orokorrean, etsaiak dira telesail hauetan. «Fikzioa arma bat da, baina Israelekoen aldean bertako produkzioak oso maila txikikoak dira», uste du Jamal Abu Alqumsan zuzendari eta kritikari palestinarrak. Maitasunik ez Arte galeria bat dauka eta zinemateka bihurtu nahi du zinema aretorik ez duen lurraldean. Gainera, Hamasen produkzioak oso mugatuak direla uste du, beti gatazkaren ingurukoak. «Ez dago maitasunik drametan –adierazi du Alqumsanek–. Produkzioak erresistentzia tresna dira, batez ere». Bere ustez, potentzial itzela dute telesail palestinarrek palestinarren istorioak kontatzeko baina erronka ugariri aurre egin behar diete. Oraingoz ez dago oso ziur programa hauek izan dezaketen eraginaz. «Gazan blokeoaren mende bizi gara, munduan egoera bakarra da. Horregatik kalitatezko telesailetan inbertitzen duten produktoreak behar ditugu eta munduari gure historia kontatzea», hasperen egin du: «Aktore onak ditugu, zuzendari onak eta baliabideak baino ez dituzte behar». «Egun batean 13 urteko neska batek harri bat bota zidan burura, judua nintzelakoan. (…) Horrek esan nahi du nire papera ondo egin nuela», azaldu du Kamila Fadel aktoreak «Kalitatezko telesailetan inbertitzen duten produktoreak behar ditugu eta munduari gure historia kontatzea. Aktore onak ditugu, zuzendari onak eta baliabideak behar dituzte»